Emakumeen Birari ekin edo ez ekin zalantzan egon zen, eta etapa bat irabazita dago jada. Emma Johanssonek (Wiggle) irabazi du Birako lehen etapa, Benta Fria azken mendatean mugituta, eta Carmen Small-McNellisekin (Cervelo Bigla) iritsi da helmugara. Azken metroetan nagusi izan da suediarra. Batek etapa, eta besteak lidergoa, Small-McNellis abiatuko baita bihar liderraren maillotarekin. Tropela bat eginda ibili da etaparen zatirik handienean, baina, espero bezala, Untzillak (3) eta Benta Friak (2) hautsi dute oreka. Johansson bera mugitu da lehenengo, Elisa Longo Borghini taldekidea ere bai gero, eta Small-McNellisen mugimendua baliatu du suediarrak errematea emateko. 14 segundora helmugaratu da lehen tropeltxoa, Ane Santesteban (Ale Cipollini) tartean zela. Sailkapen nagusian gaur arteko liderra dago bigarren, Lotta Lepisto (Cervelo Bigla) eta Johansson bera hirugarren.
Etxarri Aranatzen hasi eta Urkiolako santutegian amaitu, bigarren etapa jokatuko da bihar, 109,5 kilometrokoa. Igoera bakarra izango dute etapa guztian, azkena, helmugara bidean, Otxandiotik gora. 15:30ean hasiko da etapa, eta 18:10 aldera amaituko da.