Retegi Bi 22. Olaetxea 8

John Forden film bat

Retegi Bi, botera serio jokatuz, Olaetxea baino gehiago izan da, eta final-laurdenetarako sailkatu da berriz

Retegi Bi, pilota botera astintzen, Olaetxearen aurrean, atzo. G. G./ ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Iraupena. 42.37.

Pilotakadak. 209.

Saketik. Retegik bat ere ez; Olaetxeak bi.

Markagailua. 0-1, 1-1, 6-1, 6-3, 9-3, 9-4, 14-4, 14-7, 18-7, 18-8 eta 22-8.

Bestelakoak. 350 ikusle Tolosako Beotibar pilotalekuan. Apustuak 100-60ri irten ziren Retegiren alde. Partidaren aurretik Julian Retegik, Retegi Biren aita eta botilleroak, Asegarceko intendenteei kargu hartu zien pilota aukeraketan hautatauriko pilota bat aldatu zutela iruditu zitzaiolako.

Garai latzak dira pilota joko klasikoa gustuko duen zalearentzat. Buruz buruko txapelketan, are gogorrago bilakatzen dira garbizalearentzat. Sotamanoak eta boleak bata bestearen atzetik ikusteak higuina ematen dionik badago oraindik. Bada, horiek, atzo, nostalgia berrogei minutuz arintzeko aukera bat izan zuten Tolosan, eta, gainera, aurrelari baten eskutik: Julen Retegi. Eratsungoak partida serioa egin zuen, eta, eskuinez botera aginduta, Mikel Olaetxea kanporatu zuen. Gehiago jokatu zuen, eta hobeto, bereziki bere pilotarekin. Merezita egin du aurrera; Aimar Olaizolaren aurka ariko da final-laurdenetan, datorren astelehenean, Tolosan.

Partida John Forden film bat ikustea bezala izan zen: klasikoa. Julen Retegik lehen pilotakadetan ikusi zuen atzean min egin zezakeela, eta bukaerara arte ez zen tantoa aurrean egiten ere saiatu. Deigarria da hogeita hamar tantoko partida batek, eta bi bakarrik saketik, 209 pilotakada izatea. Hori Olaetxea ondo defendatu zelako izan zen, gehienbat ezker airez, baina azkenean pilota aurrean uzten bukatzen zuen Retegik balia zezan.

Eskuin besoetan egon zen aldea. Olaetxeak lehen tantoa egin bazuen, Retegik sei egin zituen jarraian gero. Ez erraz, baina gehiago zen. Kolpe freskoagoz, urrunago jartzen zuen pilota. Lizartzakoa hurreratu zen pixka bat bere pilota arinagoarekin (6-3), baina Retegik berriz ere ireki zuen aldea (14-4). Dotore jokatu zuen, eta airez jotako pilotakada bakanak sotamanoak izan ziren.

Olaetxeak dejada batekin sakea berreskuratu, eta beste bi tanto egin zituen lehen pilotakadarekin (14-7). Ikusleak berarekin zeuden, eta oldarralditxoak animatu zituen, baina iazko 2. Mailako txapelduna nekatzen hasia zen. Ez zen bueltarik egon (18-8), eta hori gutxi ez balitz bezala, Retegiri dejada urrunak ere sartu zitzaizkion azken txanpan.

Eratsungoak buruz buru bidea egiteko, zangoak, hauspoa eta eskuin polita ditu. Eta aurten, badirudi arlo fisikoan ere beste pauso bat eman duela. Aireko jokoko gabezia, baina, larriegia da, eta kolpe pixka bat falta zaio izen faboritoak estu hartzeko. Dena den, noizean behin gustura ikusten da pilotari klasiko bat, bide luzeagoa egitea zail izango duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.