Roland Lamah. Osasunako jokalaria

«Jokalari erabakigarriagoa izan nahi dut Osasunan»

Urtebete darama jada Osasunan, eta tarte horretan bere mailaren printza batzuk erakutsi ditu, gutxi. Bigarren urtean, bere benetako mailaren berri eman nahi du.

Iruñea
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Joan den sasoiaren hasieran, Roland Lamahek (Abidjan, Boli Kosta, 1987) harrituta utzi zituen Osasunako jarraitzaile guztiak, bere abiadurarekin taldeari ematen zion sakontasuna ikusita. Hilabeteak igaro ahala, ordea, ez zen izan lehen partidetan eragindako ilusioa betetzeko gai. Hala ere, sasoi hau ere hasierako hamaikakoan hasi du, eta bigarren urtean itxurarik onena ematea da haren nahia. Badaki aurreko sasoian baino gehiago lagundu ahal diola taldeari, eta hori lortu nahi du.

Zer moduz zaude?

Ondo, ondo sentitzen naiz.

Taldea ez da ondo hasi ligan, ordea.

Argi dago. Hiru partida jokatu eta punturik ez batzea ez da gauza samurra. Hargatik, hasiera besterik ez da hau. Bihar partida garrantzitsua daukagu, eta bihartik aurrera taldea puntuak batzen hastea espero dut.

Ez duzue itxura txarrik eman, baina hiru partida galdu dituzue. Zer falta zaizuen ba al dakizue?

Etxetik kanpoko bi partidetan ez dugu golik sartu, eta aurkariak zuk baino arinago gola egiten duenean, aldapa gora jartzen dira partidak. Bartzelonaren aurka oso ondo aritu ginen, eta irabazteko aukera ona izan genuen, baina bigarren gola sartzen ez genuen asmatu. Baina esan dizut, hau hasi besterik ez da egin.

Etxean jokatu duzuen partida bakarra Bartzelonaren aurkakoa izan da.

Bai, eta zaleak gustura joan ziren etxera, galdu arren. Ez zen partida txarra izan estreinakoa izateko. Aurreko sasoian ere, etxeko partidetan sendo aritu ginen, eta sasoi honetan ere, hor egongo da gure indarra. Etxetik at gehiago kostatzen zaigu.

Ondo ikusi duzu zeure burua zelaian?

Bai. Gustura nago egindako lanarekin. Taldekideak hobeto ezagutzen ditut, jokalari berriekin ere erraz konpondu naiz eta ondo ikusi dut neure burua.

Aurreko sasoian, oso indartsu hasi zinen, baina behera egin zenuen gero. Denboraldi honetan hobeto aritzea espero al duzu?

Argi dago. Beti hobera egitea espero izaten dugu futbolariok. Lehen urtean, ondo hasi nintzen, azkar egokitu nintzen talde berrira, eta egia da lesio baten erruz tokia galdu nuela gero. Baina sasoi honetan argi utzi nahi dut zein den nire benetako maila.

Oraindik ez da ikusi Lamah onena?

Ez eta bai.

Sisi eta Armenteros fitxatu ditu Osasunak, eta Masud ere hor dago. Zure posturako asko zaudete, baina hamaikakoan hasi duzu sasoia, halere.

Taldearentzat ona da lehia izatea; jokalari bakoitzak bere ekarpena egingo du. Badakit hamaikakoan jarraitzeko gauzak ondo egin beharko ditudala; bestela, azkar galduko dut entrenatzailearen konfiantza.

Zer moduz moldatzen zara Jose Luis Mendilibarrekin?

Ondo. Batzuetan zakarra dela dirudi, baina jokalarion gainean izaten da beti, asko kezkatzen da gutaz, eta errieta egiten dizunean, gauzak hobeto egin ditzakezula ikusten duelako egiten dizu. Oso pozik nago Mendilibarrekin; lagun bat bezalakoa da jokalariontzat.

Joan den sasoian, Ibrahima Balde izaten zenuen itzultzaile lanak egiten entrenatzailearen aginduak errazago jasotzeko, baina hura jada ez dago taldean. Sumatzen al duzu haren falta?

Bai, baina ez itzultzaile lanak egiteko. Ibrahima lagun handia dut, asko lagundu ninduen lehen urtean, baina entrenatzailearekin ulertzeko arazorik ez daukat orain, pixkanaka-pixkanaka hizkuntza hobeto baitakit.

Aurreko sasoian, Espainiako Ligan aritzeko hautua egin zenuen. Asmatu zenuela uste al duzu?

Bai, batik bat aukeratu nuen taldeagatik. Osasunak dena eman dit. Asko erraztu dizkidate gauzak, erraz egokitu naiz eta bikain hartu naute. Egin nezakeen hauturik onena izan zen, zalantzarik gabe.

Aurreko sasoian, ia-ia Europako Ligan sartu zen taldea. Halako zerbait lortzea posible dela uste al duzu?

Klubaren helburu nagusia zein den badakigu, eta handik aurrerako guztia gainsaria izango da. Jokalari garrantzitsu batzuk galdu ditugu, eta ez da erraza izango aurreko sasoikoa errepikatzea. Baina horretan saiatuko gara.

Baikorra zara zu izatez. Aurreko sasoian, beti esaten zenuen Europan aritzeko sailkatzea posible zela. Taldean halako baikortasunaren falta sumatu al duzu noizbait?

Ez, ez, ni baikorra naiz betidanik, baina taldean ere ilusioa eragiten zuen Europan aritu ahal izateak. Orain, ordea, sasoiko lehendabiziko puntuak batzea da helburua. Gero, ikusiko dugu.

Anthony Annan ghanatarra ezagutzen al zenuen?

Ez, hura telebistan ikusita soilik. Afrikako Kopan sarritan ikusi izan dut. Jokalari ona da, baloia bikain babesten du eta gauza on asko eman ahal dizkigu. Gaztea izanagatik, eskarmentu handia dauka: Munduko Kopa bat eta hiru Afrikako Kopa jokatu ditu, eta Txapeldunen Ligan ere aritutakoa da. Denbora apur bat beharko du egokitzeko, baina jokalari garrantzitsua izango da guretzat.

Zuk ez duzu jokatzen Afrikako Kopa, bere garaian Belgikako selekzioarekin jokatzeko hautua egin zenuelako.

Bai. Bizitza aukera bat da, eta nire aukera egin nuen; ezin naiz damutu orain. Belgikako selekzioak ez nau deitu aspaldian, baina Osasunan gauzak ondo eginez gero, izango dut itzultzeko aukerarik.

Osasunan zaren baino jokalari garrantzitsuagoa izan zaitezkeela uste dut nik.

Neuk ere hala uste dut, jokalari erabakigarriagoa izan behar dudala. Gol gehiago sartu behar ditut, eta nire irabazle sena erakutsi behar dut beti. Hori erakutsi nahi dut sasoi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.