Javier Exposito

"Jokalari onak ehiza txakurrak dira; helburua ez beste guztia dute buruan"

Iraganean Realarekin egindako lana ez du ahazten, baina orain buruan beste kontu batzuk dituela onartu du Javier Expositok. Realaren gaia mahai gainean jarri bezain laister, ordea, Zubietan bizi izandakoaz oroitu eta gozatu egiten duela nabari zaio Añorgakoari. 

Exposito. JON URBE, ARGAZKI PRESS
2013ko irailaren 23a
09:47
Entzun

Realeko harrobiak eman dituen lehen harribitxiak atera zituen Javier Expositok (Añorga, Gipuzkoa, 1931). 1962an iritsi zen Zubietara, eta hogei urtez Sanseko jokalari gazteak lehen talderako prestatzen ibili zen. Arkonada, Kortabarria, Alonso, Satrustegi, Zamora eta talde hartako gainontzeko jokalari mitikoak gizondu eta lehen talderako prestatu zituen. Ondoren, 1991n, lehen taldea zuzendu zuen, baina esperientzia hark sei hilabete besterik ez zuen iraun. Ordutik, Realeko kirol zuzendari izan zen 1996 urtera bitartean. Ohitura finkoetako gizona da Exposito. Egunero-egunero eta ordu berean, Donostiako Antigua auzoko kafetegi berean hartzen du hamaiketakoa.

Osasuntsu zaude. 82 urterekin, egunero ateratzen zara ibiltzera.

Egunero-egunero ateratzen gara Iñaxio Kortabarria eta biok. Bera mendira oso maiz joaten da, baina normalean goizeko 10:30ean geratzen gara, gure bueltatxoa egiten dugu, eta 12:30ean angelusa, hementxe mahai honetan. Kortabarriarekin beti izan dut oso harreman estua, eta egunero ateratzen gara.

Ibilaldi horiek zer ematen dizute?

Lasaitasun bila aritzen naiz. Azken finean, 82 urte egin berri ditut, eta ibiltzea besterik ez dugu.

Realak asko eman dizu, baina baita kendu ere. Egunero egiten dituzun ibilaldi horietan aurkitzen duzu, akaso, Realak kendu dizun hori?

Niri Realak asko eman dit. Baina ni futboletik zortzi urte bakarrik bizi izan naiz. Gainontzeko denbora guztia lanean eman dut. Entrenatzaile gisa hogei urte eman nituen, baina aldi berean Añorgan ere lan egiten nuen. Lanetik atera, eta buelta entrenamenduetara. Nik ez nuke esango Realak denbora kendu didanik. Familiako egunerokotasunetik denbora apur bat kendu zidala? Akaso. Baina etxean oso gustura zeuden nik egiten nuen lanarekin, eta, beraz, alde horretatik, ez nuke esango ezer galdu dudanik.

Realzaleen memorian zauden pertsona zara. Jendeak kalean gelditzen zaitu?

Nirekin lan egin zutenen oniritzia edukitzeaz arduratzen naiz, eta guztiak oso gustura aritu ziren nirekin. Jendeak nire lana eskertzea beti da ederra, baina badakit nola diren kontu horiek.

Entrenatzaile gazte askorentzat, erreferentzia zara. Zuregana jotzen al dute gomendio bila?

Lehen etortzen ziren gomendio bila, bai. Baina orain zaharregia naiz gomendioak emateko! Sarritan esaten zidaten zorionekoa nintzela, horrelako jokalariak ateratzeko gaitasuna edukitzeagatik. Nik segituan erantzuten nien esanez horrelako jokalariekin lan egiteagatik nintzela zorionekoa. Horrelako jokalaririk gabe nire lana ez litzateke horrenbeste aipatuko. Zorteduna ni nintzen.

Eta etxean? Realaren inguruan hainbeste urtez hitz egin eta gero, Reala oraindik presente dagoen gaia da?

Bai, bai. Gertatzen dena da etxean ez dugula futbolari den inor. Ia denak uretatik atera behar izaten ditut [barreak]. Piraguan, igerian, saskibaloian ere baten bat badabil... Ez dute futbolean jokatzeko senik. Realaren gaia, ordea, oso presente dago. Bilobak realzaleak ditut oso, gu bezainbeste.

62an iritsi zinen Realera, eta hasierako urteak bereziki gogorrak izan ziren. Cementos Rezola enpresako eta Sanseko entrenatzaile lanak tartekatu behar zenituen. Nola gogoratzen dituzu lehen urte horiek?

Ni gustura aritzen nintzen. Egia da ordutegi aldetik nahiko gogorra izan zela. Etxetik kanpo jokaturiko partidetatik oso berandu iristen nintzen etxera, goizeko ordu txikietan, eta hurrengo egunean goizeko seietan esnatu behar nuen lantegira joateko. Baina primeran aritzen nintzen. Gaur egun eta garai hartan ere pentsatzen nuen: ni gustura nago, eta nik nahi dudanean egingo diot uko horrela ibiltzeari. Aske nintzen nahi nuen erabakia hartzeko, eta horregatik jarraitzen nuen bi lanak tartekatzen. Reala utzi behar nuela sentitu nuenean, segituan hartu nuen kluba uzteko erabakia. Horregatik uste dut ez zela hain gogorra izan, egiten ari nintzenaren jabe bainintzen.

Garai hartako Añorga nola gogorarazten duzu?

Ez zegoen gauza askorik, baina herriak zerbait berezia zuen. Izugarrizko bizitasuna zuen herriak. Futbola, pilota, antzerkia... denetatik zegoen. Añorgan mugimendu handia zegoen.

Realak inoiz izan dituen jokalaririk onenak, zure eskuetatik pasatu ziren. Nola lantzen zen harrobia garai hartan?

Guztiz desberdina zen. Adibidez, gazteen maila bakarra zegoen. Gipuzkoako klub guztiak desiratzen zeuden Realera jokalariak eramateko. 'Lan zikina' egiten zuten asko zeuden Realean. Mutikoei informazioa eman eta Realera etorri aurreko prozesu hori egiten zutenak, alegia. 17 edo 18 urterekin iristen ziren jokalariak Realera. Baina jokalari gazte horiek lortzeko askoz jende gutxiago mugitzen zuen klubak. Ondoren, begiraleak eta beste hainbat kargu sortuz joan ziren, baina ordura arte ez zegoen horrelakorik. Etxaniz, adibidez, asko ibiltzen zen jokalarien atzetik, eta sarritan nik laguntzen nion lan horietan. Denborarekin, guztia hobetuz joan zen, eta bakoitzaren lana gehiago zehaztu zen.

Mutikoak aukeratzeko prozesua nola izaten zen?

Jokalariak aukeratzeko, partidak antolatzen genituen. Aurre hautaketa bat, alegia. Ondoren, lehen partida hartan hobekien jokatutako jokalariak hautatu, eta Realera eramaten ziren. Baina hori Gipuzkoako klubek antolatzen zuten. Izan ere, lehenengo partidara, klub horiek beraiek hautatutako jokalariak eramaten zituzten. Klub horientzat izugarria zen jokalariak Realera eramatea. Meritua haiena izan zela esango nuke. Horien lana bai izan dela benetan gogorra. Realak asko zor die talde horiei, haiek gabe ez litzatekeelako ezer.

Gaur egungo baliabideek ez dute zerikusirik orduan zenituztenekin. Zubieta, adibidez, asko aldatu da azken hamarkadetan. Zuen lan saioak guztiz desberdinak izango ziren, ezta?

Nire hasierako urteetan katakumeak bezala aritzen ginen. Leku batetik bestera, gelditu gabe. Ez genuen leku finkorik gure lan saioak egiteko. Maria Kristina parkean eta Mundaizen sarritan entrenatzen genuen, adibidez. Realeko lehen taldea ere berdin ibili zen. Ondoren egin zen lehenengo gauzarik onena Lasarteko hipodromoa izan zen. Bertara, polora nola jokatzen zuten ikustera joaten nintzen. Orduan, Andoni Elizondori bertan entrenatzeko aukera planteatu nion, eta zelaira joan ginen; guztiz harrituta geratu ginen. Behar genuena zen. Urteak eman genituen bertan entrenatzen. Goizean Reala, eta arratsaldean, gu. Bi zelai egin ziren, gainera, eta urteetan espero genuen konponbidea izan zen. Hori bai, neguan, euria egiten zuenean Mundaizera edo Kristina Eneara joaten ginen. Garai hartan, sarritan esaten genuen: hipodromoko entrenamenduetan gogortzen ditugu guk jokalariak.

Arkonada, Zamora, Satrustegi, Alonso, Bakero, Begiristain, Kortabarria... Jokalari mitikoak, eta guztiak zure aginduetara eduki zenituen Sansen. Zer zuten jokalari horiek?

Segituan ohartzen zara. Jokalari batek balio duenean, segituan konturatzen zara; ez da beste munduko ezer behar. Bereziak ziren. Baina hori berdin gertatzen da beste kiroletan ere. Gaitasun berezia zuten futbolean aritzeko. Lehiak iristen zirenean ere, agerian geratzen zen nork balio zuen eta nork ez. Batzuk hazi egiten ziren egoera zailenetan edo txapelketetan, eta beste batzuk berriz, presioak eraginda edo, behera etortzen ziren. Presioarena askotan gertatzen zen. Horregatik diot jokalari batek baldintza guztiak bete behar dituela. Hor dugu Rafael Nadal, adibidez. Banakako kirolean lehiatzen da, denak berari begira ari dira, baina espezialista da presioa alde batera uzten. Nik bere garaian eman nuen futbol jokalarien esanahia: ehiza txakurrak bezalakoak dira. Izan ere, txori bat pasatzen den momentutik, egiten ari den guztia ahaztu, eta atzetik joaten da. Horixe gertatzen da jokalari onekin. Jokatzera irten, eta inguruko guztia ahazteko gaitasuna dute. Hori betetzen ez duten jokalariak, berriz, partida amaieran bere lagunak harmailetan ikusi dituela esango dizu.

Zer-nolako harremana zenuten zuen artean? Entrenatzaile-jokalari erlazioa soilik, edo pertsonalki ere (arazo, pentsakera, zalantzak...) ezagutzen al zenituen?

Entrenatzaile gisa oso gogorra nintzela esaten dute askok. Baina nik esaten nien: 'hemen futbol jokalariak izateko etorri zarete, ezta? Bada beste erremediorik ez dago. Lehen taldera iristean, lasaiago ibiliko zarete, baina hemen formazio prozesuan gaude. Hemen zaudeten bitartean, hau da dagoena'. Bizarra uztea, orrazkera, belarritakoak... horrelako gauzak saihesten saiatzen nintzen. Ez zuten ia garrantzirik, baina diziplinagatik egiten nuen, besterik ez. Kanpoko diziplina hori zelaian ikusten zela pentsatzen zutenetakoa nintzen ni. Lehenengo taldera iristeak formazio fase hori gainditu zenuela esan nahi zuen; prest zaudela, alegia. Hori bai, ikasketekin desberdina zen. Azterketa zutenean eta entrenatu ezin zutela esaten zidatenean, ez nuen oztoporik jartzen. Ikasketak oinarrizkoak dira, eta futbola ez.

Jokalari horiek ez zuten beste munduko kontratu dirudunik. Hala ere, askok Donostian amaitu zuten beren ibilbidea. Zer zuen orduko Realak beste talde batzuetara joan nahi ez izateko?

Ez dakit, hori jokalarien kontua da. Baina orduko Realean asko gozatzen zuten. Eskaintzak izan zituzten, baina etxeko taldean aritzea eta horrelako garaipenak eskuratzea izugarria zen jokalarientzat. Gainera, taldeko jokalari guztiak euskaldunak ziren, eta horrek ere pisu handia zuen. Aldageletan oso giro euskalduna nabari zen.

Komunikabideek zenbaterainoko eragina zuten? Medioen presiorik nabaritzen zenuten?

Komunikabide aldetik guztiz desberdina zen; ez zegoen gaur egun dagoen presiorik. Are gutxiago Sansen. Egia da Sanse ikustera jende ugari joaten zela, baina horrelako oihartzunik ez zegoen komunikabideetan. Gaur egun, Reala jarraitzen kazetari mordoa ikus daiteke. Adibidez, Dalian Atkinson eta John Aldridgen garaian —90. urtean— Ingalaterrako kazetari batzuk etorri ziren Donostiara. Horiek harrituta geratu ziren Reala jarraitzen zuen komunikabide mordoarekin. Okerrera egin du prentsaren garapenak. Ingalaterran, adibidez, eguneroko entrenamenduetan apenas dagoen komunikabiderik.

Ondoren, 1991n, lehen taldea zuzentzea egokitu zitzaizun. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Oso esperientzia polita izan zen. Sei hilabete izan ziren bakarrik, baina asko gozatu nuen. Gogorra izan zen, taldea ez zegoelako unerik onenean, baina dena ongi atera zen.

Bartzelona, Real Madril eta Valentziaren etxean irabazi zenuen. Hori lortu duen bakarra izan zara.

Bueno, bai anekdota bat izan zen. Denek diote historia egin genuela garaipen horiekin, baina nik bitxikeria bat bezala ikusten dut.

Gaur egun, ba al duzu harremanik zuk entrenatutako jokalariekin?

Kortabarriaz gain, Arkonadarekin ere harremana dut oraindik. Anoetan ere elkarrekin gaude harmailetan. Zelaia egin zenean, orduan Realeko kirol zuzendari lanetan nengoen, eta obrak oraindik amaitu gabe zirela, gure lekuak aukeratzeko esan ziguten. Hainbat lekutatik begira aritu ginen. Ate atzeko lekuak ikusten ari ginela, ea zer iruditzen zitzaidan galdetu zidan bertako ingeniari batek. Orduan esan nien: 'hemen walkie-talkie batzuk jarri beharko ditugu beste aldekoei zer gertatzen ari den kontatzeko'. Oso urruti ginela iruditzen zitzaidan. Aldiz, behin zelaia amaitu zutenean, eserlekuekin, oso zelai ona iruditu zitzaidan. Kortabarria, Arkonada eta hirurok lekua aukeratu genuen, eta ordutik elkarrekin ikusten ditugu partidak.

Ez da Atotxa, baina azkenaldian giro bikaina dago harmailetan.

Atotxa oso berezia zen, harmailak bertan zeuden. Atotxarekin alderatuta, urruti gaude Anoetan. Jokalariak urruti geratzen zaizkigu. Atotxak hainbat anekdota utzi ditu historiarako. Europan Interren aurkako partida jokatzear ginela, bezperan, Atotxatik pasatu nintzen. Sandro Mazzola delegatu gisa etorri zen Interrekin, eta harekin jaitsi nintzen zelaira, berak ikus zezan. Txikia iruditu zitzaion zelaia. Neurriak txikiegiak iruditu zitzaizkion. Baina nik segituan esan nion: 'arazoa ez da zelaia; arazoa hor inguruan dituzun harmailak betetzen direnean izango duzu'. Mazzolak orduan galdetu zidan txantxetan ea beldurtzeko asmoa nuen. Hurrengo egunean, partida amaitzerakoan, niregana etorri eta arrazoi nuela esan zidan. Marrazainak bandera altxatzeko zalantzak zituenean ere, segituan zuen jendea atzean ez altxatzeko esanez.

Iñigo Martinez, Illarramendi, Pardo, Zurutuza, Agirretxe... Realak harrobiak ez du etenik. Zer-nolako etorkizuna ikusten diozu Realari?

Orain atera diren jokalariak, izugarrizko maila dute. Zubietan oso ondo egiten da lan. Baina horiek hemen mantentzea oso zaila da. Dirua beste leku batzuetan dago. Gareth Balengatik horrelako dirutza ordainduta, nola ez dute ordainduko Asier Illarramendi bezalako gazte batengatik? Jokalari gazteek badakite dirutza hori jasota etorkizuna ziurtatuta dutela. Ez dago indar moralik horrelako eskaintzei uko egiteko. Gure garaian agian errazagoa zen ezetz esatea, egin zutena izugarria izan zelako eta hemen ere dirua egin zutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.