Igor Jauregi. Eibarreko harrobiko kirol trebatzailea

«Jokalaria pertsona da; babesa eta maitasuna behar ditu»

Ezustean utzi zuen futbola 2007an. Harrezkero, Psikologia eta Coaching ikasketak egiten aritu da, eta orain, Eibarren dabil, harrobiarekin lanean, jokalariei lagunduz kirolean eta arlo pertsonalean.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Urteak ziren Igor Jauregi ikusi gabe (Tolosa, Gipuzkoa, 1974). Esateko era da, baina ia desagertu egin zen 2007an, jokalari izateari utzi zionean Realean. Misterio kutsuarekin utzi zuen, eta ia-ia, halaxe bueltatu da, batere zaratarik egin gabe. Eibarren dabil, harrobiko taldeekin, trebatzaile lanetan.

Ondarretako kafetegi batean da hitzordua, eta goiz da, eguna esnatu dela ez da denbora asko. Eguzki printzak ikusten dira urrutian. «Eragina dauka eguraldiak pertsonen aldartean», azaldu du Jauregik. Lasai mintzo da, patxadaz, eta halaxe ariko da ziurrenik Eibarreko jokalari gazteenekin ere. Esperientzia berdinak bizi izan zituen jokalari gaztea zenean, eta hori ere lagungarri izango du. Afizioa eta ofizioa uztartuz, bidea egiten hasi da futbolean berriz ere. Ohi duen moduan, zaratarik atera gabe. «Zer iruditzen elkarrizketa hor kanpoan egiten badugu? Barruan baino lasaitasun handiagoa dago hor», esan dio kazetariari.

Nola sortu zitzaizun Eibarreko harrobiko taldeekin trebatzaile lana egiteko aukera?

Aurreko urteko urrian hasi nintzen, eta proposamena udan jaso nuen. Aurreko denboraldian laguntzen jardun nuen Aretxabaletako taldean, Igor Arenazaren bidez. Gero, Eibarrek deitu zidan esanez nahi zutela jardun hori txertatu klubean, eta prest nengoela erantzun nien.

Nola egiten duzu lan hau?

Helburua litzateke gazteei beren kirol garapenean eta garapen pertsonalean laguntzea. Entrenatzaileekin coaching saioak egiten ditugu, haiek direlako egunero jokalariekin daudenak. Ikusten dugunean jokalariren batek bakarkako laguntza behar duela, eskaini egiten zaio laguntza.

Coaching terminoa asko ari da zabaltzen kirolean azkenaldian. Zer da zehazki?

Mila definizio eman daitezke. Niretzat da harreman bat, eta hor jokalariak sentitu behar du lagundua eta babestua dagoela. Haren bidean ilusioa, poza, erronkak, tristura eta beste hainbat egoera daude, eta bide hori jorratzean sentitu behar du laguntza eta babesa.

Zuk aholkuak ematen dizkiezu bidea egiteko, baina azkeneko helburua da jokalaria beregaina izatea tresna horiek erabiltzeko?

Hala da. Pertsona izaki soziala da, eta, besteekin harremanetan gauden heinean, gure izaera eraikiz joaten gara. Orduan, abiapuntua emanda nahi dena da jokalariari erreferentziak ematea bere burua ulertzeko. Baina noizbait behar izaten dugu beste baten laguntza.

Ez al litzateke egokiagoa zuzenean jokalariekin lantzea, entrenatzailea nolabaiteko bitartekari izan gabe?

Bai, egin daiteke horrela ere. Baina jokalari asko dira Eibarreko harrobian, eta ezinezkoa da denengana iristea. Halakoetan, taldeko burua edo liderra identifikatzen dugu, eta entrenatzailea da hori. Berak garatzen baditu coaching tresnak, jokalariekin landuko ditu gero.

Zein dira jokalari gazteen gabezia handienak emozionalki?

Hainbat egoera ikusi izan ditut, eta beste edozein pertsonak dituzten zailtasunak dauzkate. Bere buruarengan duten konfiantza maila izaten da arazoetako bat; lasaitzeko ezintasuna; haserreak kudeatzea...

Adin horietako jokalariengan egundoko eragina izaten dute gurasoek, eta txarrerako kasu batzuetan. Gurasoekin ere lan egiten duzu?

Asmoa daukagu lantzeko. Gurasoak erreferentzia handienetakoa dira adin hauetako jokalarientzat, eta komenigarria da jokalarien bide beretik joatea gurasoak ere.

Coaching lanak mugatu edo gutxitu egin dezake entrenatzaile baten zorroztasuna jokalariekiko?

Ez du zertan. Bateragarriak dira. Entrenatzaile bat izan daiteke zorrotza, baina ikas dezake hori malgutasun batekin eramaten eta modu egokian helarazten jokalariei. Izan daiteke gardena bere erabakietan eta jokalariak mindu gabe izatea halakoa.

Talde bat edo jokalari batzuk konfiantza gutxirekin badaude, entrenamenduko ariketa batzuek hori berreskuratzera bideratuak egon beharko dute, zure lanari jarraiki. Zure lanak zenbateraino baldintza dezake entrenamendu bateko edozein ariketa?

Entrenatzaileekin egoten garenean, kezkatzen dituen gaia ateratzen digute, taldea nola dagoen, bera nola dabilen, egoera zehatzen bat nola zuzendu behar duen... Horretaz hitz egiten dugu berarekin, eta hortik ateratzen dituen ondorioek eragina izatendute ondoren entrenamenduko ariketetan.

Coaching lana eta psikologo baten lana berdinak dira?

Ez dakit badagoen biak bereizten dituen marrarik. Bi jardunak berdintsu ulertzen ditut. Batek tresna batzuk erabiliko ditu, eta besteak, beste batzuk. Izan daiteke coaching-a zehatzagoa, baina ez dut uste bereizten dituen ezaugarri handirik dagoen.

Psikologia unibertsitateko karrera bat dela badakigu, eta zer ikasketa mota egin behar da coaching entrenatzailea izateko?

Psikologian lizentziaduna naiz, eta gero, Gestalt terapiako formazioa egin nuen. Nire formazioak bi adar dauzka: psikologia oinarritzat hartuta, ezaugarri klinikoa dauka; eta beste adarrean, kirolera zuzendua dagoena dago, futbola utzi nuenetik garatuz joan naizena coach batekin.

Ezustean erabaki zenuen futbola uztea 2007an, eta arrazoiak ez ziren argitu. Hizketagai izaten ari garen kontu hauen ingurukoek eragina izan zuten zure erabakian?

Futbola bukatu eta gero, bizi izaten ari nintzen egoeragatik neure buruarekin lanean hasi nintzen, nondik nora bideratu. Gerora ikusi nuen kirolera bideratu nezakeela lantzen ari nintzena. Futbola uztearen arrazoia izan zen bizitzen ari nintzen egoera jakin hura.

Zure bidea egiten jarraitzeko babesik gabe eta tresnarik gabe ikusi zenuen zeure burua une txar haietan?

Ez nuke esango arrazoia izan zenik futbolaren inguruko presio handia ezin jasan izana. Atzera begira jartzen naizenean, agian eskertuko nuen noizbait laguntza edo babesa edukitzea, norbaitekin nire barrua askatzeko eta. Nire esperientzia pertsonalak izan du eragina orain hartu dudan bidean, egon daitekeelako talderen batean jokalariren bat edo entrenatzaileren bat nik orduan sentitu nituen gauza berak sentitzen.

Gero eta gehiago lantzen dira kontu hauek futbolean, baina oraindik ere atzeratu samar ez al dabiltza?

Beharrezkoa da, eta gero eta jende gehiago dabil tresna hauek futbolean txertatzen. Kontzientzia handia hartu dute azkenaldian jokalariek, entrenatzaileek eta baita zenbait presidentek ere gai hau txertatzeko orduan. Buruari gero eta garrantzi handiagoa ematen diete. Taktikak, teknikak eta prestakuntza fisikoak bezainbesteko garrantzia duela ari dira konturatzen.

Beldurrez edo zuhurtziaz begiratzen zaio oraindik lan psikologikoari futbolaren barrutik?

Gauza hauetaz hitz egitea edo kontu hauek lantzea denoi eman digu beldurra, baita niri ere. Baina ikusten ari gara denontzat izan daitekeela mesedegarri. Oraindik, baina, bide handia dago egiteko, jorratzeko eta esperimentatzeko zerk balio duen eta zerk ez.

Beste alde batetik, irudipena duzu neurrigabeko fedea dutela hainbatek coaching-ean?

Ez dakit hala den, baina garbi utzi behar dut ez dela magia. Prozesu bat da hau, ez da egun batetik bestera gauzatzen den zerbait. Bilakaera bat da, eta lana. Asko jorratu ondoren has gaitezke ikusten fruituak. Jokalari batek baloiari ondo emateko milioi bat aldiz jo behar dion bezala, kontu hauekin ere gauza bera gertatzen da. Geure burua poliki-poliki aldatuz joaten da.

Nabarmena da jokalarien inguruan presio handia dagoela, eta askotan ahaztu egiten zaigu pertsona bat dela jokalaria ere. Bada zer landua eta aldatua gai horren barruan?

Bai. Pertsona batek talde bateko elastikoa janzten duenean, batzuen begietara ezabatu egiten da pertsona, eta bakarrik jokalaria ikusten dute. Nik jokatzen nuenean, eskertzen nuen pertsona gisa hartzen nindutenean ere, neure gorabeherekin. Coaching-aren zereginetako bat da jokalaria pertsona gisa ulertzea, jokalariaz haratago. Lehendabizi pertsona da, eta gero jokalaria, eta sentitu egin behar du maitatua eta babestua dela.

Eibarko lehen taldeaz ere hitz egin dezagun. Bolada txar honetan ez dute behea jo jokalariek eta entrenatzaileak mentalki. Zenbateko eragina izan du horretan Gaizka Garitanoren lanak?

Handia. Jokalari moduan ezagutu nuen, eta entrenatzaile gisa erakusten ari denaren arabera, hizketagai ditugun arlo hauek landu eta ondo menderatzen ditu. Jokalariek maila ona ematen segitzen dute, eta beren helburua lortzeko bidean daude.

Eredu da alde horretatik taldearen jarduna, eta coaching lanerako ikasgaiak ateratzeko asmoa duzu hortik?

Dudarik gabe. Aukera hori hor dago, eta izango da zer entzun eta zer ikasi.

Ikusten duzu zeure burua berriz ere talde profesional batean?

Ez dakit. Pentsatu ere ez dut egin. Hasiberriak gara Eibarren, eta gustura gabiltza.

Reala ere atera egin behar solasaldi honetara. Arlo psikologikoan ahul samarra izatea leporatu izan zaio taldeari azken urteetan. Zer daukazu esateko?

Realak baduela lan psikologikoa egiten duen jendea.

Beheko mailetako herrietako taldeetan ere beharrezkoa da lan psikologikoa lantzea?

Mesedegarri izango litzatekeelairuditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.