Jokalariek dute hitza

Demidov, min hartuta, deialditik kanpo gelditu da azken orduan, eta ziurrenik Ansotegik hartuko dio lekukoa

Donostia
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Lasaitua hartzeko asmoz zelairatuko dira gaur txuri-urdinak Espanyolen aurka, egoera gehiago aldrebestu aurretik. Beste zerbait erakusteko betebeharrarekin, Anoeta kutsatu egin behar dute hasiera-hasieratik. Horren premian direlako Montanier eta harenak. 11 jardunaldiren ondoren lokatz artean gorputza sartua izatea ez da inorentzat atsegina, baina ez da betikotutako ezer. Oraintxe bertan sailkapena bera baino garrantzitsuagoa baita garaipena eskuratzea, bolada arriskutsua eteteko eta, batik bat, txuri-urdinek neurketa betea osatzea. Athletic, Getafe eta Real Madrilen kontrakoek zapuztuta utzi dituelako zaleak, hoztuta, taldeak ez baitie ezer onik kutsatu. Eta hori aldatu ezean benetako arazoak izango ditu Realak, azken postu horrek dioena baino larriagoak.

Vallecasen hondoa jo eta gero burua arindu eta hausnartzeko egunak izan dira pasatakoak. Jokalari guztiek aho batez adierazi dute eurei dagokiela erantzukizuna hartzea, eta ezin daitekeela beste edonora begira egon. Norberak estutualdia eman behar diola bere buruari. Esaterako, Xabi Prietok. «Bi aste hauek luzeak egin zaizkigun arren lasaitasunez lan egiteko balio izan digu. Gure benetako maila ematea izango da neurketaren gakoa. Horretan jarri behar dugu arreta osoa. Garrantzitsuena norberak bere burua estutzea da taldearen mesedetan». Partidari dagokionez, ez du ezkutatzen zer-nolako balioa duen. «Final itxurakoa da; bolada txarra atzean uzteko ezinbestekoa».

Hamaikakoa osatzerakoan Montanierrek ezingo du Demivov aukeratu, min hartu baitzuen azken prestaketa saioan. Izterraren atzealdean kontraktura duela dio sendagileak oharrean. Iñigo Martinez, De la Bella eta Markel Bergararen izenen ondoren jarri behar da harena. Horrek esan nahi du atzeko lerroa ia osorik moldatzera derrigortuta dagoela entrenatzailea eta Madrilgoarekin alderatuz soilik Carlos Martinezek jarraituko duela. Mikel Gonzalezen parte hartzea ziurra da. Hortik aurrerako mugimenduak ez daude horren garbi. Arrasatearraren aldamenean Ansotegik behar luke egon. Ezusteko handia litzateke kontrakoa gertatzea, baina baliteke Cadamurok ezker hegala Estradari uztea barruraka eginez. Aintzat hartzeko modukoa da sikiera.

Hemeretzi gizon sartu zituen zerrendan Montanierrek, tartean Ansotegi bera, Elustondo, Ifran eta Pardo. Neurketaren atarian jokalari bat baztertuko du. Normandiarrak jakin badaki inork baino hobeto zer-nolako irrika duten Realeko jokalariek egoerari ahalik eta lasterren buelta emateko. Horregatik, gogo bizia baretzeko patxada eskatu zien herenegun prentsa aretotik, ezin daitezkeelako hutsak kolpetik zuzendu eta neurketa lehen minutuetan erabakita utzi.

4-2-3-1 sistema klasikoarekin

Itxura guztien arabera, beste marrazki baten barnean ariko dira gipuzkoarrak: atzean, lauko lerroari eutsiko dio. Aurretik, Illarramendi eta Marigak osatuko dute euskarri bikoitza eta sormen lerroan, Prieto, Griezmann eta Vela egongo dira. Hala, errematatzaile garbi batekin jokatuko du aspaldiko partez, eta Agirretxek hamaikakora itzultzeko aukera handiak dauzka Llorenteren baimenarekin.

Espanyolek Realak halako bi puntu bildu ditu orain arte jokaturiko partidetan, eta txuri-urdinentzat erreferentziatzat balio dezake kataluniarrek erakusten duten izaera lehiakorrak. Pochettino meritu handiko lana ari da egiten gazteekin. Aukera eman die, besteak beste, Alvaro, Didac, Baena, Amat, Raul Rodriguez, Thievy, Javi Marquez edota Javi Lopezi, eta horien erantzuna ederra ari da izaten. Aurkaria estu hartzen duen taldea da, langilea eta bizia; inork baino txartel hori gehiago ikusi dituzte, eta Reala bizitasun hori gainditzera derrigortuta dago. Ez da lehia erraza izango donostiarrentzat, eta zaleen bultzada garrantzitsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.