Aste honetan gertatutakoa ahaztu eta goiko postuetara hurbildu nahi du Realak gaur, Gimnastici irabazita
xabier lopetegi
Donostia
Realeko jokalariek dute gaur hitza. Ez kontseilariek, politikariek, jokalari ohiek edo entrenatzaileak. Ez balizko hautagaiek, inbertsiogileek, presidenteak edo presidente ohiak. Futbola kirola izateari utzi eta beste esparru batzuen mendeko bihurtu zen aspaldi, baina arreta gunea zelai gainean egongo da beti astebururo, eta zelai gainean gertatzen dena kirol hutsa da. Horrek huts egiten duenean, beste guztiak huts egiten du. Ez da komeni zergatiak eta ondorioak nahastea, askotan horiei garrantzi handiagoa ematen baldin bazaie ere. Realaren arazo nagusia azken denboraldietan astebururoko 90. minutuetan gertatutakoa izan da. Jokalariek egiten dutena da Reala, ez kontseilariek edo kazetariok esaten duguna.
Hautsak harrotuta dabiltzan honetan ere, ondo jokatu eta emaitza onak lortzea da txuri-urdinek egin dezaketen ekarpenik onena. Datozen bi hilabeteetan izango diren gertaerei pisua eta dramatikotasuna kentzeko giltza eurek daukate, orain arte izan duten bezala: taldea lehen hiru postuetan sailkatuta egongo balitz, eta ez hamahirugarrenean, Maria de la Peñak Realeko presidente izaten jarraituko luke. Ez izan zalantzarik. Baina Realaren jokoak ez dio baikortasunari zirrikiturik utzi. Bigarren Mailan nabarmentzeko eta helburua lortzeko moduko gaitasunik ez du erakutsi, eta txinatarrek sinbolizatzen duten bestelako etorkizun baten promesak beste guztia ekarri du. Etxeko jokalariek protagonismo handiagoa eduki izana ez da nahikoa izan jarraitzaileek pazientzia handiagoa izan dezaten.
Taldea igoeratik bost puntura dagoela esan zuen De la Peñak bere agurreko prentsaurrekoan. Ahaztu zitzaion zehaztea jaisteko postuekiko aldea ere neurri berekoa dela. Bigarren Mailan dagoen parekotasuna partida gehienetan zein sailkapenera begiratuta egiaztatzen da. Infernutik zerura hamar puntu baino ez daude. Hiru partida eta erdi. Realaren gaurko aurkaria, Gimnastic, sei postu aurrerago dago, puntu bakar bat gehiago eduki arren. Hamabosgarren eta laugarren sailkatuaren artean bi garaipeneko tartea dago. Tamalez, nagusi den oreka horretan, Reala bat gehiago izan da. Ia behin ere ez du erakutsi desberdin egingo duen kalitaterik edo jokalaririk. Norgehiagoka bakar bat ere ez du irabazi bi gol edo gehiagoko abantailaz. Hala ere, denbora sobera dago oraindik egoera horri buelta emateko.
Kirol arlotik kanpoko unerik zailenean, ezbeharrak hasi zaizkio pilatzen taldeari ere. David Vaughanen lesioa kolpe handia izan da. Badirudi ondo osatzen ari dela, eta horrenbestez hasi dela erritmo onean lasterka, baina oraingoz ezingo du jokatu. Morten Skoubok, aldiz, hamaikagarren bisita egin dio Danimarkako selekzioko medikuari. Claudio Bravo eta Dalibor Stevanovicen hutsuneek -euren selekzioekin daude- ez dirudite hain garrantzitsuak, batere ez edo oso gutxi parte hartzen ari direlako. Bai, ordea, Mikel Labakarena. Aspaldiko partez segidan jokatzeko aukera izaten ari zen, eta ondo ari zen, baina hiru bat aste eman beharko ditu jokatu gabe, zuntz haustura baten ondorioz. Askorentzat titular izatea merezi zuen erdiko atzelariak hartuko du haren lekua: Mikel Gonzalezek.
AITZAKIARIK EZ. Mikel Aranburuk herenegun adierazi bezala, giro eskasa ez da aitzakia izango. Presioa hor dago, baina taldeari inork ez dio labana lepoan jartzen zelaira ateratzen denean. Chris Colemanentzat ere, lehiaketak aurrera jarraitzen du, urtarrilaren 3ra arte bederen. Beharbada entrenatzaileari jokalariei bainogehiago kostako bere lanean buru-belarri aritzea, etorkizuna zein den jakinda. Ikusi beharko da hamaikakoa nola moldatzen duen. Ezker hegalean Gerardorekin jarraitu edo Castillo jartzea da zalantzetako bat. Espainiarrak ez du neurri bera ematen kontrako hegalean. Bestalde, litekeena da Aranburu euskarrira itzultzea eta Gari Urangak ezkerrean jokatzea. Kasu horretan Gorka Elustondo bueltatuko litzateke aulkira. Azken partidan ausartago jokatu eta hobera egin zuen, baina izan duen aukeretan ez da oso fin ibili.