Hiru urte luzez Anoetak ez du Athleticen eta Realaren arteko derbirik bizi izan. Tarte horretan lehiakortasuna hoztu beharrean, zaleen grina berotu da. Lehen mailako egutegia atera berritan, bi taldeen jarraitzaileen begiak abenduko lehen asteburura joan ziren. Jokalariak jokatzeko irrikan egon ohi diren partida horietakoa da igandekoa; zaleek harmailetako hotza kantuekin eta txaloekin berotzen dutenetakoa. Berezia. Desberdina
Baina dirudienez, ez da hala guztientzat. Partidaren atarian, Fernando Garcia Makua Athleticeko presidenteak norgehiagokari garrantzia kendu zion herenegun. Derbia «zertxobait berezia» dela onartu arren «Realarentzat partida bereziagoa» dela uste du. Garcia Makuaren aburuz, «azken hiru denboraldietan derbirik egon ez denean ez da ezer pasatu». Realak, baina, «irabazi behar zaion talde hori bezala» hartzen duela Athletic azaldu zuen. «Hori maila guztietan ikus dezakegu».
Athleticeko presidenteak esandakoari arrazoia kendu diote alde bateko zein besteko jokalariek. Zelai gainean egongo direnentzat derbia partida «berezia» da. Athleticekoa edo Realekoa izan.
Hala, Carlos Gurpegi Athleticeko erdilariak ez zuen gorde derbia jokatzeko duen gogoa. «Noski gogoa daukadala, hiru urte pasa eta gero, bai gu bai Reala partida itxaroten ari gara. Ez dira hiru puntu soilik». Denboraldi hasieratik jokalariak derbia noiz iritsi zain daudela argitu zuen atzo egindako adierazpenetan. «Egutegia atera zenean, partida noiz izango zen begiratu genuen, eta ordutik gogotsu gaude».
David Lopezek bat egin zuen Gurpegiren hitzekin: «Ahal den moduan irabazi behar dugu, gogo betez joango gara, garaipenaren bila». Athleticekoa denetik ez du derbirik jokatu Realaren aurka. Hala ere, Osasunan zegoenean txuri-urdinei gola sartutakoa da.
Realaren inork ez du ezbaian jarri igandeko partidak duen garrantzia. Joseba Llorente argi mintzatu zen atzo. «Partida berezi asko daude urtean zehar, eta guk beti esaten dugu partida guztiak oso garrantzitsuak direla; baina, badira besteak baino askoz garrantzitsuagoak direnak. Horietako bat igandekoa da. Denagatik; partidagatik eta egun guztian zehar izugarrizko giroa egongo delako». Gipuzkoarrentzat soilik ez, zuri-gorrientzat ere partida berezia izango dela adierazi zuen aurrelariak. «Athleticentzat ez da berdina Almerian jokatzea edo hemen jokatzea».
Lehen derbia askorentzat
Orain hiru urte azken derbia jokatu zenetik, taldeek jokalari aldaketa ugari izan dituzte. Gazte ugari dituzte biek, eta horrenbestez askorentzat lehen derbia izango da. Burua hotz izan behar den partida hauetan, derbietan eskarmentua duten jokalarien laguntza ezinbestekoa da besteei nolabaiteko lasaitasuna emateko. Gurpegi laguntza hori ematen saiatuko den horietakoa da. Nafarrak maiz jokatu du Realaren aurka, eta badaki zer izango duen aurrean. «Argi izan behar dugu nolako partida izango den; derbiren batean egon garenok nola jokatu erakutsi behar diegu besteei».
Realean ere derbia lehen aldiz jokatuko duten jokalari dezente egongo dira; Antoine Griezmann horien artean. Gazte frantziarrakprentsaurrekoan atzo esan zuenez, Anoetan derbia jokatzearekin «amesten» zuen, eta igandekoa «berezia» izango da. Gazte mailatan sarritan jokatu ditu derbiak, baino oraingoa «politagoa» izango dela azaldu zuen. «Taldekideeei [derbiaz] galdetu diet eta sinestezina dela esan didate».
Bi taldeak hemeretzi punturekin iritsiko dira derbira. Biak sailkapen erdialdean daude, baina gora begira; puntuak biltzeko premia berezirik gabe. Horrek «zaleentzat disfrutatzeko beste puntu bat» ekarriko duela azaldu du Llorente txuri-urdinen aurrelariak. Irabazten duenarentzat jardunaldia aurkariaren aurretik amaitzea sari berezia izango da.
Faboritoez hitz egiterakoan, zuhur azaldu dira guztiak, Realak Anoetan duen indarra nabarmenduz. Irabazteko «aurkaria baino gogo gehiagorekin» atera behar dela azaldu dute. Txuri-urdinek Athleticek «talde sendoa» duela goraipatu dute, baita Fernando Llorentek ekar dezakeen arriskuaz ohartarazi ere. Zuri-gorriek, berriz, «Realak zelai erditik gora duen abiadura eta kalitatea» goratu dute.
Jokalarientzat bai da berezia
Realeko eta Athleticeko jokalariak ez daude ados Garcia Makuak esandakoarekin, eta igandeko derbia «berezia» dela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu