Jokatu egingo da azkenean

Lehen eta Bigarren Mailako partidak jokatuko dira asteburuan, epaileak arrazoia eman baitie grebaren aurka zeuden klubeiReala eta Osasuna igandean ariko dira etxean, eta Athletic astelehenean, Almerian

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Kito. Akabo eztabaida. Asteburu honetan futbol jardunaldia jokatuko da Lehen eta Bigarren Mailan. Purificacion Pujol Madrilgo Lehen Instantziako 63. Epaitegiko epaileak onartu egin zuen atzo Lehen Mailako sei klubek —Athleticek, Realak, Vila-realek, Sevillak, Espanyolek eta Zaragozak— Espainiako Futbol Liga Profesionalaren (LFP) batzarrak joan zen otsailaren 11an deitutako greba bertan behera uzteko egindako eskaera. Beraz, ez da egongo lan geldialdirik asteburu honetan, eta normal-normal jokatuko dira Lehen Mailako 30. jardunaldia eta Bigarren Mailako 32. jardunaldia.

Epailearen arabera, ezin da aldatu Lehen eta Bigarren Mailako egutegi ofiziala. Batetik, aldaketak «kalte handia» eragingo lukeelako auziarekin zerikusirik ez duten subjektuengan. Eta bestetik, Ligako egutegia «ofiziala» delako eta LFPko kide guztiek eta Espainiako Futbol Federazioko lehendakariak «modu baketsuan eta eztabaidarik gabe» onartu zutelako.

Erabakiaren berri izan bezain laster jakinarazi zituen LFPk asteburuko ordutegiak, epaileak bere alde egingo zuela itxaropen gutxi zuen seinale. Euskal taldeei dagokienez, Realak eta Osasunak igandean jokatuko dute. Etxean ariko dira biak: txuri-urdinak Herculesen aurka, 17:00etan, eta gorritxoak Atletico Madrilen aurka, 21:00etan. Athleticek, berriz, astelehenean jokatuko du Almerian (Espainia), 21:00etan.

Ordutegien berri eman, eta erabakiaren inguruko iritzia azaldu. Biak egin zituen batera LFPk. Erabakiari dagokionez, LFPk «onartu» egin du epailearen erabakia, eta argi utzi «otsailaren 11ko batzarraren harira [greba egitea onartu zen eguna] LFPren barruan desadostasunak egon diren arren» LFPko kide guztiek «eutsi» egiten dietela Espainiako Gobernuari eta Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari eginiko aldarrikapenei. Hau da, besteak beste, eutsi egiten diote ordaindu gabeko futbola kentzeko asmoari.

LFPk gogor kritikatu du Espainiako Gobernua. «Hitz egiteko borondaterik izan ez izana» leporatu dio. Hala ere, «bide orri berri bat» egiteko prest dago LFP, «Espainiako beste sektore ekonomikoekin alderatuta, futbol profesionalak pairatzen duen bidegabekeriari irtenbide bat ematea ahalbidetu dezaketen negoziazioei berriro ekiteko».

Antzeko hitzak izan zituen Jose Luis Astiazaran LFPko presidenteak. «Onartu egin dugu erabakia. Egia da elkarteko sei klubak ez direla ados egon formekin, baina, funtsean, uste dut klub gehienak ados gaudela aldarrikapenekin». Astiazaranek salatu zuen saiatu direla Espainiako Gobernuarekin hitz egiten,baina hartu-emana «oso zaila» izan dela eta, ondorioz, «ez eraginkorra». LFPko presidenteak, halaber, aitortu zuen prest zeudela grebarik ez egiteko, epaileak haiei arrazoia emanda ere. Horretarako, ezohiko batzarra egingo zuen LFPk atzo bertan, eta batzar horretan erabakiko zen greba deialdiari eutsi edo ez.

Futbolaren mesederako

LFPk onartu egiten du erabakia. Grebaren aurka zeuden sei klubek, ordea, onartu eta ospatu. «Futbolak irabazi du», azpimarratu zuen Fernando Garcia Makua Athleticeko presidenteak. Garcia Makuaren ustez, erabakia «abiapuntua» ere izan daiteke, Espainiako futbolak bere arazoak «sen onarekin, adostasunarekin eta guztion parte-hartzearekin» konpon ditzan.

Greba bertan behera geratu izanagatik, Athleticeko lehendakariak argi du «oinarrizko arazoak bere horretan» jarraituko duela. Horregatik, dei egin zuen Espainiako futbola «sakonean» berregituratzeko. «Urte askotan denak balio izan du, eta egoera kaotiko bat sortu da, denoi kalte egiten diguna. Klub askok izan duten diruaren kontrol eza, telebista emanaldietan ere egon den kontrol eza... Espainiako futbola goitik behera egituratu behar da berriro. Gu prest gaude horretan lan egiteko, eta uste dut LFPko klubak ere prest daudela. Ez dago desadostasunik gure artean, ikuspuntu ezberdinak baizik. Konplizitateak bilatu behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.