Jokatu eta antolatu

Andoni Urbistondo.
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Saskibaloiko oinarriak. 90eko hamarkadan saskibaloiaren muina zein zen azaltzen zuen umorezko telesail ezagun batek: The Fresh Prince of Bel-Air zen telesail hori (Bel-Airko printzea). Saskibaloian jokatzen zuten protagonista nagusiek, eta jokaldi erabakigarriaren atarian, «baloia Willi eman», esaten zuen Smiley irakasle arraroak, ironikoki, beste jokalariek saskibaloi baloi bat zer zen jakingo ez balute bezala. Asko ez dakienak ere badaki talde batek bi oinarri dituela: joko antolatzaile bat, eta pibot on bat. Bietan garrantzitsuagoa da 1 postuan jokatzen duena, joko antolatzailea. Ingelesezko playmaker hitzak esaten duen moduan, jokatu eta antolatu egiten duelako. Jokatu, eta jokoa egin, taldekideei jokarazi. Joko antolatzaile on batekin errazagoa da garaipena. Javi Salgado eta Marcelinho Huertas dira horren adibide. Joko antolatzaile onik gabe, garaipena asko garestitzen da. Galde diezaiotela Fotis Katsikarisi Aaron Jacksoni eta Javi Rodriguezi buruz.



Illunbeko gotorlekua. Lagun Arok hiru partida irabazi ditu jarraian, eta sailkapeneko bosgarren postuan dago. Hasiera on horri esker, urrun, oso urrun utzi ditu jaitsierako postuak, baina Donostian zuhurtziaren diskurtsoa oso barneratua dute. Joan den sasoian ere halako euforia sortu zen taldeak Espainiako Kopan sartzeko aukera izan zuenean; eta gero zazpi partida galdu zituen jarraian. Poz pixka bat hartzea ez da txarra, halere. Igandean Illunben Valladolid menderatuz gero, 4-1 izango da donostiarren balantzea. Kopa bost garaipenera izango lukete. Bost garaipen hamahiru partidatan. Mailari eusteko langa zortzi garaipenera. Zortzi garaipen 29 partidatan. Bakoitzak bere kontuak atera ditzala, baina Lagun Arok itxura ona du. Etxean 59,5 puntu hartu baititu eta ez baitu jokalari baten edo biren menpekotasunik erakutsi.



Salgado, Huertas... Normalean zenbakiak erabiltzen dira jokalarien jarduna epaitzeko, baina badira ezkutuko beste neurgailu batzuk ere. Salgadok ez zuen sekulako partida egin Estudiantesen aurka, baina norgehiagokaren norabidea aldatu zuen. 17-26 zen azpitik Lagun Aro, eta hiruko bat sartu zuen. Ondoren, azken pase bat eman eta biko beste bi saskiraketa. Aginte makila hartu, jokatu, eta jokarazi. Huertasek hamar puntu saskiratu zituen, eta zazpi azken pase eman. Partida hondarrean azken pase on bat eman zion Baraci, eta falta erabakigarri bat behartu. Jokatu, jokarazi. Playmakerren zeregina.



...Jackson eta Javi Rodriguez. Susmoa zegoen Aaron Jacksonekin, eta badirudi baieztatzen ari dela. Ez baita joko antolatzaile petoa Bilbo Basketek behar duena, joko antolatzaile saskiratzailea baizik. Ez daki gidatzen, taldekideentzat jokatzen, edo ez du orain arte erakutsi. Valladoliden gaizki aritu zen, itsututa barneraketekin, eta taldekideek euren kabuz bilatu behar izan zuten saskirako bidea, joko antolatzaile jardunean. Javi Rodriguezek ere ez zuen asmatu, baina lesio larri batetik dator, eta aitzakia du. Jackson ez zen porrotaren erantzule bakarra izan. Blums, Vasileiadis eta Warren ere gaizki aritu ziren.



Piezak lotzen. Igandea, arratsaldeko zazpiak. 42-27 Granadako emaitza, etxekoen alde. Harridura. Berri hobeak minutuak pasatu ahala, eta garaipena, azken unean. Hiru garaipen jarraian daramatza Baskoniak, eta piezak lotzen ari da pixkanaka. Beste bi garaipen lortzeko aukera izango du aste honetan; Polonian bihar, eta Fuenlabradaren aurka igandean, etxean. Huertas Munduko Txapelketako nekea ahazten ari da; Logan, Oleson, San Emeterio eta Teletovic sasoiko daude, eta Barac bere lekua hartzen ari da partidaz partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.