Dejan Lekic. Osasunako jokalaria

«Jokatu gabe jarraituz gero, kirol zuzendariarekin hitz egingo dut»

Golegile ospearekin iritsi zen iragan sasoian Dejan Lekic Osasunara, baina bi sasoitan bi gol besterik ez du sartu Espainiako Ligan. Sasoi honetan bi partidatan soilik jokatu du, eta egoera iraul dezakeela uste badu ere, ez du baztertu neguko merkatuan taldea uztea.

Iruñea
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Golak sartzeko fitxatu zuen Osasunak Dejan Lekic (Kraljevo, Serbia, 1985), baina Jose Antonio Camachorekin zein Jose Luis Mendilibarrekin gutxi jokatu du aurrelariak. Osasunan arrakasta lortu nahi du, baina aukerarik gabe jarraitzen badu, prest dago kirol zuzendariarekin hitz egin eta klubarentzat bezala beretzat onena zer den aztertzeko.

Bigarren sasoia duzu Iruñean. Erabat egokituta zaudela esan daiteke?

Bai, bai. Ez dakit zein den arazoa, baina une honetan Ninok eta Ibrahimak nik baino ekarpen handiagoa egiten diote taldeari, eta niretzat ez da egoera samurra. Halere, denboraldia luzea da, eta egoera iraultzea espero dut.

Denboraldi-aurrean gol dezente sartu zenituen. Sasoi honetan zure benetako balioa erakutsi ahal izango zenuela sinestera iritsi al zinen?

Bai. Denboraldi-aurrean ondo sentitu nintzen, eta ilusio ikaragarria neukan. Baina Atletico Madrilen aurkako lehen partidan deialditik at geratu nintzen, eta une gogorra izan zen niretzat. Mendilibarrekin aukera gutxi izaten ari naiz, eta pozik egoterik ez daukat. Baina iragan sasoian bezainbeste aukera ematen badizkit, egoera iraul dezakedala uste dut.

Bi partidatan soilik jokatu duzu, eta bietan hondarreko minutuetan zelairatu zara.

Arraroa da, eta jendeak ez du ulertzen, jokatu izan dudanean golak sartu ditudalako. Lehia batean 11 minutu jokatu nituen; beste batetan bederatzi... Zer esango dizut bada... Lanean jarraitu beste erremediorik ez daukat. Nire mailarik onena eman dezakedala uste dut, baina aulkian edo harmailetan egonez gero, ezin da halakorik egin. Oso ondo entrenatu izan naizenetan, ordezkoen aulkian geratu izan naiz; eta hain ondo entrenatu ez naizenetan, harmailetan. Entrenatzaileak ez dit eman nire balioa erakusteko aukerarik.

Mendilibarrekin hitz egin al duzu?

Bai, apur bat bai. Ez nintzela ondo entrenatzen ari esan zidan, eta horregatik ez didala aukerarik eman. Jokatzeko zer egin behar dudan esan dit, eta saiatu naiz agindutakoa egiten. Baina entrenamenduetan gogor saiatu ostean partidan bat ere ez duzula jokatzen ikusitakoan, ez da erraza hurrengo astean ere ondo entrenatzen jarraitzea. Buruak ez du laguntzen horrelakoetan, adorea indarberritzerik ez baitut lortzen.

Arazo psikologikoa da orduan?

Bai. Neurri batean, bai. Nire mailarik onena eman nahi dut, eta badakit entrenatzaileak nire egoera alda dezakeela. Lanean jarraituko dut.

Iragan sasoian Osasunak fitxatutako jokalaririk garestiena izan zinen. Horrek kalte egin al zizun?

Bai. Osasunak bi milioi euro pasa ordaindu zituen ni fitxatzeko, eta iritsi nintzenean nire balioa erakusteko beharra sentitu nuen. Presa ez da hitzik egokiena nire egoera azaltzeko, baina bai, berehala sartu nahi nituen golak, nire maila agerian utzi eta ez zirela tronpatu erakusteko. Ez zen erraza izan, baina nire errua izan zen. Orain erabat egokituta nago, eta gauzak beste era batean egin ditzakedala uste dut. Entrenatzailearena da hitza.

Iruñera iritsi orduko zure semea jaio zen, eta emaztea Serbian zen artean.

Bai. Horrek ere nahastu egin ninduen, baina orain familia nire ondoan daukat, eta ez dago aitzakiarik. Zoriontsu naiz Iruñean, baina jokatzea falta zait.

Izar Gorritik Osasunara aldaketa handia nabaritu al duzu?

Oso ezberdina da Izar Gorrian edo Osasunan aritzea. Serbian sailkapenaren buruan egotera ohituta nengoen, eta beti erasora jokatzen genuen, partida guztiak irabaztera behartuta geundelako. Taldekideek askotan bidaltzen zizkidaten baloiak niri, nire fisikoa eta nire trebezia baliatu nahian. Osasunan defentsan gehiago exijitzen didate, eta taktikoki ere beste gauza batzuk egin behar izaten dira hemen. Zaila izan zen niretzat. Izar Gorriarekin alderatuta, Osasunan, etxetik at batik bat, beste gauza batzuk egin behar izaten ditu aurrelariak; askotan aurrelari bakarrarekin aritzen da Osasuna etxetik kanpo. Etxean talde sendoa gara, eta irabaztera zelairatzen gara beti. Baina etxetik at ezberdina da.

Osasunara iritsiz geroztik Serbiako selekzioarekin ere ez duzu aukerarik izan.

Noizbait itzultzea espero dut, baina badakit horretarako ezinbestekoa dela Osasunan gehiago jokatzea.

Eurokopatik at geratu da Serbia.

Bai. Gogorra izan da, jendea minduta eta urduri dago. Baina atsekabe hori atzean utzi, eta aurrera begira jarri behar dugu. Munduko hiru liga indartsuenetan ari dira Serbiako selekzioko jokalari gehienak. Sailkatzea espero genuen, baina ezin izan dugu lortu.

Osasunan jokatzerik ez badaukazu, beste kluben batera joatea pentsatzen hasi al zara?

Hurrengo bi hilabeteetan nire egoera aldatzea espero dut; lor dezakedala uste dut, benetan. Hurrengo lau partidetan dena alda daiteke niretzat. Aukera izanez gero golak sartuko ditudala sinetsita nago. Jokatzeko aukerarik gabe jarraitzen badut, Angelekin hitz egingo dut [Angel Martin Gonzalez kirol zuzendaria], eta ikusiko dugu niretzat eta Osasunarentzat onena zer den. Osasuna ez dut utzi nahi nire balioa erakutsi aurretik, baina...

Beste kluben baten eskaintzarik jaso al duzu?

Nik ez dakit ezer, baina nire ordezkariak zerbait badakiela uste dut.

Iruñean jarraitzeko aukera izanez gero, zer uste duzu egin dezakeela Osasunak?

Orain arte erakutsitakoa hobetu dezakegula uste dut. Jokalari onak ditugu, eta zaleen babesarekin oso ezohikoa da puntuek gure zelaitik ihes egitea. Europako postuetatik gertu egon gaitezkeela uste dut, Mendilibarrekin taldeak gora egin dezakeelako.

Une honetan hamargarren postuan zaudete.

Sevilla eta Mallorcaren aurka berdindu egin genuen, baina irabazteko zorian egon ginen. Irabaztea merezi izan genuela uste dut, gainera. Etxean ia puntu guztiak batzen ditugu, eta hurrengo partidetan etxeko puntuak batu eta gora egitea espero dut. Taldekideak oso ondo ikusten ditut.

Real Madril eta Bartzelonaren aurkako partidek ez diote kalterik egin zuen adoreari?

Hori ez da gure liga. Ez da samurra gol zaparradak jasotzea, baina beste partida batzuetan erabakiko da gure etorkizuna; Rayoren aurka jokatu beharrekoan, adibidez. Gure zelaian onenen pareko estatistikak ditugu, eta horrela jarraitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.