Jokatzeko gogoak itsutua

Ifranek hamaikagarrenez esan du Peñarolen jokatu nahi duela sasoia amaitu arte. Realak, ordea, ez dio utziko, haren alde berebiziko apustua egin zuelako hark min hartu ostean, eta Montanierrek uste osoa duelako harengan .

Donostia
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Bi mila eta hamargarren urteko abuztuan fitxatu zuen Realak Diego Ifran (Montevideo, 1987) Danubioren itsulapikoan milioi bat eta erdi euro sartu eta gero. Ifran erabat ezezaguna izanik, biharko egunari begira egindako mugimenduaz hitz egin zuten Lorenzo Juarros Loren-ek eta Martin Lasartek, talde txuri-urdinak aurrelariaren fitxaketa jakinarazi zuen egunean. Goleatzailea, fisikoki ahalmen handikoa eta distantzia ertain eta luzean baloia ederki asko jotzen zekiena. Gisa horretako adjektiboz loratu zuten uruguaitarraren etorrera kirol arduradunek. Bost urterako zetorren. Hori bai, zaleek ezingo zuten berehalakoan lanean ikusi zelaian, bost hilabete atzera belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi ondorenean geldirik baitzebilen. Lesio latza, inondik ere. Eragozpenak eragozpen, Anoetako klubak arriskatzea erabaki zuen benetako apustua eginez, nahiz eta garai hartako egoera ekonomikoa kriskitinak jotzeko moduko izan ez. Luzera begira jarri zuten ikusgailua.

Ia urte eta erdi geroago, Ifranek bere herrialdera itzultzeko eskaria egin dio behin baino gehiagotan Jokin Aperribairi, Peñarolen utzita jokatzeko eskaintza besapean zeramala argudio sendotzat. Horri, Philippe Montanierren pentsamoldeetan tokirik ez zuela erantsi zion agintari nagusiaren onespena errazago lortuko zuelakoan. Kukuak oker jo dio, ordea, Ifrani, inork ez baitizkio Zubietako ateak zabalduko. Kirol erantzunetatik atera behar da Ifranen kasua josteko haria, eta ez beste inondik.

Montanierren liburuxka ulertzeko zailtasuna edo gogo eza erakutsi zuen, ia denboraldi-aurreko lehen egunetik, uruguaitarrak. Entrenatzaileak ez ditu jokalariak bereizten zelaiko kokapen zehatzagatik, bete dezaketen funtzioagatik baizik. Hala, izaera erasokor eta defentsiboaren artean bereizi ohi du. Berarentzat, Antoine Griezmann eta Xabi Prieto, Ifran edota Imanol Agirretxe bezain aurrelariak dira adibidez, eta bestelako mugimenduak eskatzen dizkie goi-goian ari daitezkeen horiei. Ez da soilik erreferentzia moduan jokatzea, denborarik gehienean area barruan sartuta egonik ingurukoen pasea noiz etorriko zain. Hegaletara erori behar da laguntzak ematera, bizitasuna erakutsiz eta atzelarien baloi irteera oztopatu, presioaren gezimuturra izanik. Azken batean, golak aurretik egindako lan guztiaren ondorio dira. Taldearen mesedetan lan eginez betiere. Inoiz ez alderantziz.

Ezker hegaletik ere joka zezakeela eskatu zion Montanierrek Ifrani, duen jaurtiketa bortitzari esker barruraka egindako mugimenduei etekina aterako ziolakoan, baina ez omen du erantzun baikorrik jaso. Italiako egonaldian hartu zuen desengainurik handiena, bere burutazioak gauzatzeko Ifranek aldez aurretik zuen jarrera eskasaz jabetu zenean. Ez darabilte hizkera bera berdegunean, eta, jokalariak hamaikakotik zenbat eta urrutiago ikusi, orduan eta ozenago adierazi du bere egonezina.

Soka tenkatzen

Bortizki min hartu aurretik zuen mailara ahal bezain laster itzultzeko irrika horrek itsutu egin du Ifran. Bere zilborrari erreparatuz,soilik, aldagelako kodeari ez dio jaramonik egin. Parte hartzeei dagokionez, Joseba Llorente, Jon Ansotegi eta Jeffrey Sarpong are eta egoerago txiroagoan egonik ere ez dituzte inoiz trapu zaharrak etxolatik aparte garbitu. Agirretxeren jokabidea joan den denboraldian eredugarri izan zen moduan. Neguko azoka gerturatzearekin bat hasi zen mihiari eragiten. Bere burua aldarrikatzen, bere egoera salatzen. Bai Zubietako prentsa aretoan, bai sare sozialetan. Entrenatzailearen kontrako korronte biziaz baliatu da sutondora egur gehiago eramateko. Aste honetan, urrutira jo gabe, barruak hustu ditu. «Nire lehentasuna Realean tokia egitea da, baina ez dakit zer egin horretarako. Izan ditudan aukera txikiak baliatu arren, entrenatzaileak ez nau aintzat hartzen. Gainera, ez nator bat hark emandako hainbat azalpenekin. Ez dauka uste osoa nigan, eta, beste norabait joaten ez banaiz, nire egoerak bere horretan jarraituko du», esan zuen asteartean. Realak, oraingoz, entzungor egin die Peñarol eta Herculesen eskaintzei, eta, azken orduko ezustekorik ezean, Ifran ez da lekuz aldatuko.

Edonola ere, entrenatzaile taldeak ez du ezbaian jartzen aurrelari ona izan daitekeela. Gaitasunak izan badituelako eta, horrez aparte, inork egin ez zuen ahalegin ekonomikoa egin zuelako zuzendaritzak. Bigarren itzuli osoaz gain, ez da ahaztu behar hiru urte gehiagorako lan hitzarmena sinatuta daukala. Horregatik, Montanierri dagokio, giza multzoaren gidaritzaren arduradun nagusia den neurrian, jokalariaren amorrua taldearen mesedetan bideratzea, berotutako gaia hoztea. Era berean, Ifranek ulertu eta onartu beharra dauka non dagoen eta zer-nolako apustu arriskutsua egin zuen klubak haren alde.

Orotara, 400 minutuz izan da zelaian, bost neurketa oso ere ez dira, eta hiru gol sartu ditu. Bistan da zerbait berezia baduela. Malagari sartu zion gol ederra ez dago edonoren baitan, esaterako. Dena den, aurrelariaren funtzioa ez da hori bakarrik; Montanierrekin ez, behintzat; eta Ifranek hori barneratu ezean, jai dauka. Granadaren aurkako kanporaketan ikusi zen moduan. Golak ez zuen estali zelaian egindako lan eskasa.

Realaren inguruan, Oscar De Paularekin alderatu izan da Ifranen ekarpena, bigarren zatietarako jokalari aproposa delakoan. Pizgarria edo. Beharbada, goizizan liteke halakorik egiteko orduan. Durangarrak elastiko txuri-urdina soineratu zuen 11 denboraldietan 300 partidatik gora jokatu zituen, eta 60 gol sartu, gehienak hasieratik aritu ez zenean. Hor dago diferentzia nagusia,hain zuzen. Ifranek 20 neurketa baino ez dituela jokatu Donostiara iritsi zenetik; gutxiegi, edonor era batera zein bestera izendatzeko. Oraindik ez du erakutsi zertarako gai den, eta jarraitutasunaren bila dabil, taldekide guztien modura. Horretarako, entrenatzailearen aginduak onartu behar ditu. Ez dago besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.