Jaka 21-22 Altuna III.a

Jokin Altuna: «Ez dut inoiz hainbeste sufritu»

Lau eta Erdiko Txapelketako finalaurrekoan, Jaka 21-18 izan da aurretik, baina ez du asmatu partida amaitzen. Amezketakoak Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du finala.

Jokin Altuna partida irabazi berritan, gaur, EIbarren (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko azaroaren 5a
19:43
Entzun

Lau eta Erdiko Txapelketako finala eskura izan du Erik Jakak. Tanto bakarrera, zehazki (21-18). Parean, ordea, Jokin Altuna zuen, zortzigarrenez jarraian finalean izango den pilotaria. Boladaka jokatu dute partida Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan; 7-14 izan da aurretik Amezketakoa, 20-17 ere bai atzetik, baina, azkenean, hark hartu du garaipeneraino eraman duen olatua. Atzo Peña II.ari irabazi zion (22-15), eta Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du finala. «Ez dakit inoiz hain sailkatze zaila izan dudan, eta partida bukatzean hain pozik sentitu naizen. Asko sufritu dut, ez dut inoiz hainbeste sufritu. Ez dut oso ondo gogoratzen zer gertatu den azken tantoetan».

Hasieran, elkarri kolpeka hasi dira bi pilotariak (3-3). Jarraian, Jakak zertara jokatu nahi zuen erakutsi du: luze atera eta zuzenean errematatzera. Ondo atera zaio jokaldia (7-3), Altunak hutsartea eskatu eta sakea eskuratu duen arte. Orduan egin ditu Amezketakoak bere tantorik onenak; desesperatu egin du Lizartzakoa (7-14). Jaka erabat desaktibatuta zegoela zirudien, baina barnean duen indarra erakutsi du: sakea berreskuratu du, eta lehengo jokora itzuli da. Tanto motzak eta azkarrak (18-15). Haren alde zebilen haizea, eta aldagelara joan da Altuna.

Orduan beste partida bat hasi da. Altunak barkatu egin du bi tantotan (20-15), eta segidan Jakak egin ditu bi akats (20-17). Tantorik gogorrena azken-aurrekoa izan da; pilotariek 21 pilotakada jo eta txikituta amaitu dute. Azkenean, betikoak irabazi du. «Oso pozik nago finalean sartzeagatik, oso pozik. Dena ondo ateratzen denean, sentipen onak dituzunean, dena errazagoa da», adierazi zuen Altunak partida amaieran. «Ez diot sakea kentzea lortu, eta kantxan asko sufritu behar izan dut. Baina bukaerara arte dena emateko kasta izan dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.