FUTBOLA

Jokinen etxera bisitan

Aurkari zuzen guztien emaitzak jakinda jokatuko du bihar Athleticek Levanteren estadioan.

Xabi Etxeita entrenatzen. Hasieratik ariko da. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
haritz gallastegi
2014ko apirilaren 7a
07:18
Entzun

Kirol profesionala ez dago egina presiopean jokatzen txarto moldatzen diren kirolarientzat. Eta futbola are eta gutxiago. Kirol gutxi egongo baitira futbolak adina interes sortzen dutenak. Eta kirol gutxi daude kale egitea horrenbeste zigortzen dena. Hortaz, futbolariek jakin egin behar dute zama horrekin bizitzen. Eta etorriko denari aurre egiteko, txiki-txikitatik prestatzen dituzte horrelako egoeretarako.

Hala ere, inguruak indarra egiten duen garaia ailegatzen denean ez da erraza egoerari aurre egitea. Egia da presio mota ezberdinak daudela. Ez dela gauza bera mailari eusteko borrokan egotea edo Txapeldunen Ligan sartzeko lehian egotea, alegia. Infernura eramaten duen presioak askoz gehiago lotzen du. Baina futbolari baten kirol ibilbidean behin baino lor ez daitekeen helburua horren gertu ikustea ere ez da eramaten erraza izango. Bada Athleticek gertu dauka saria. Zazpi hilabete eta erdian ereindakoa ez du azken hilabete eta erdian galdu gura. Zazpi jardunaldi geratzen zaizkio abuztuan ametsa zirudiena egia bihurtzeko, baina, Julen Guerrerok adierazi zuen bezala, "azken pausoa" falta da. Izango al da gai?

Athletic indarrez justu xamar ailegatu dela dirudi txapelketaren azken txanpara. Jokatutako azken sei jardunaldietatik bakarra galdu du, baina puntuak hirunaka pilatzea ere asko ari zaio kostatzen. Aurkari zuzen gehienak antzeko egoeran aurkitzeak salbatu du orain arte. Baina talde zuri-gorria ezin daiteke egon gainerako taldeek egiten dituzten hutsei begira, oker larria izango litzateke. Besteak beste, bere lana hainbestean egitea nahikoa izango delako jomugan dagoena lortzeko. Gaur dauka horretarako lehen aukera. Levanteren aurka eta etxetik kanpo. Beraz, ez da lan erraza izango. Jakinekoa baita azken urteotako Levante lehiakorra izan dela oso.

Eta Bilbon badakite zer egiteko kapaz den egun Levante zuzentzen duen teknikaria: Joaquin Caparrosek aurrez Luis Garciak eta Juan Ignacio Martinezek hasitako bideari jarraipena eman dio eta txapelketa amaiera erosoa izango du. Jaitsiera hamar puntura du, eta bederatzira Europa. Beraz, inolako arazo barik lortuko du sasoiko helburua. Baina etxeko lanak eginda izateak ez du esan gura Navarro, Diop eta enparauak lo zelairatuko direnik. Beraz, Herrerak eta Etxeitak —hasieratik ariko dira— zein gainerako taldekide guztiek lan ona egin beharko dute laugarren postua sendotu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.