Clara Azurmendi

«Joko hauetan, ikusi dut onenak ez daudela hain urruti»

Azurmendik partida bat irabaztea lortu du lehen Olinpiar Jokoetan. Energiaz beteta itzuliko da etxera: «Desiratzen nago Munduko Txapelketa prestatzen hasteko».

Clara Azurmendi, Tokion. AINARA ARRATIBEL
ainara arratibel gascon
2021eko uztailaren 30a
18:14
Entzun

Txapelketa amaitu arren, Tokion egun batzuk gehiago igarotzen ari da Clara Azurmendi (Donostia, 1988). Irribarrea ahoan agertu da: «Izugarri disfrutatzen ari naiz une bakoitzaz».

Amaitu dira zuretzat Olinpiar Jokoak. Zer sentipen duzu?

Oso pozik nago, bai izandako esperientziagatik, baita egin dudan jokoarengatik ere. Pena pixka bat ere badut, ametsa amaitu delako. Egunak beharko ditut bizi izandakoa barneratzeko.

Kirol ikuspegitik, gustura zaude?

Jakitun nintzen lehen partida oso zaila izango zela, egokitu zitzaidan multzoko zerrendaburua, An Se Young korearra, oso indartsua delako. 19 urte besterik ez ditu, eta zazpigarren postuan dago munduko sailkapenean. Behintzat, gauzak estu jarri nizkion lehen setean [21-13 galdu zuen]. Dorcas Ajoke Adesokanen kontrako lehia, berriz, irabazteko modukoa zen, eta irabazi egin nuen. Alde horretatik, bete dut helburua.

Tokiora etorri aurretik, esan zenuen zure jokoa egitea zela erronka. Egin duzu?

Disfrutatu egin dut lehiatzen, eta bizi eta erasokor jokatu dut, gustuko dudan moduan. Horregatik nago pozik. Batez ere, bigarren partidan izan nuen nire jokoa egiteko aukera. Lehenengoan, ordea, gehiago kostatu zitzaidan. Kolpe onak eman arren, luma bola itzuli egiten zuen aurkariak. Eta, azkenerako, horrek nekatu egiten zaitu, fisikoki eta mentalki.

Zer falta zaizu onenen parean egoteko?

Pazientzia izatea, eta argi izatea halako maila duten jokalarien aurka segi eta segi egin behar duzula, eutsi. Kolperik onena jota ere, erantzun dezakete. Baina zer falta zaidan ikusteko baino gehiago, haien mailan egoteko ditudan ezaugarriak berresteko balio izan didate Joko hauek. Fisikoki haien pare ikusi dut neure burua, eta mentalki ere bai. Horrek indarra eta konfiantza handia ematen dizkit. Gainera, nire jokoarekin mina egin diezaieket. Ez naiz jokalari erosoa. Gehiago sinetsi behar dut neure buruarengan. Jokalari horiek ez daude horren urruti.

Ikusi al dituzu jokatu zenituen bi partidak?

Nik ez, baina nire entrenatzaileek bai, eta esan didate gustura daudela egin dudan lanarekin, batez ere pistan izan dudan jarrerarekin. Horrekin geratzen naiz.

Zer sentitu zenuen lehen kolpeak jo zenituenean?

Lehen bi kolpeetan, urduritasuna antzeman nuen. Baina, gero, beste edozein txapelketatako partida batean bezala jokatu nuen.

Urruti ikusten dituzu 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak?

Hiru urte asko direla dirudi, baina ohiko ziklo olinpiko bat baino motzagoa izango da. Argi dudana zera da: Tokiora disfrutatzera eta ikastera etorri naizela batez ere, baina, Parisera joanez gero, kanporaketan egoteko lehiatzera joan nahiko nukeela. Jada ez naiz izango hasiberria.

Lasaitua hartzen du kirolari batek halako helburu handi bat aurrean ez duenean?

Normalean, bai. Orain, bi asteko oporraldia dut, eta badakit buruak eta gorputzak atsedena behar dutela, azken bi hilabeteak oso intentsoak izan baitira. Baina egun hauetan bizi izandakoak hainbesteko energia eman dit, ezen irrikaz nagoen abenduko Munduko Txapelketa prestatzen hasteko.

Asko disfrutatu duzu Olinpiar Jokoez. Besteak beste, Maialen Chourrauten finala ikusten egon zinen.

Maialen eta Xabi [Etxaniz entrenatzailea] lehenagotik ezagutzen nituen. Oso gertukoak izan dira, eta gomendio asko eman dizkidate. Iltzatuta geratu zait Xabik esandako gauza bat: «Maialenek ez zuen emaitza onik lortu goi mailako proba batean 25 urte bete arte. Izan pazientzia, eta segi egunero gogor lanean». Garbi nuen haren finala ikusi nahi nuela. Berez, ezin zen, baina piraguismokoen autobusean sartu, eta kanalera joan nintzen. Ez nuen arazorik izan sartzeko, eta behetik ikusi ahal izan nuen, Ander Elosegiren alboan. Jaitsiera ikusi, eta haren azalpenak entzutea izugarria izan zen. Oilo ipurdia jarri zitzaidan. Eredu da edozein kirolarirentzat.

Goi mailako kirolari gisa, zer iritzi duzu Simone Bilesi gertatutakoaz?

Mirestekoa iruditzen zait egin duena. Jendearentzat, kirola ikuskizuna da, eta oso erraz epaitzen dute kirolarion jarduna. Ez dira jabetzen zenbat lan dagoen horren atzean, eta, batez ere, pertsonak garela. Bilesen kasuan, kirol horrek eskatzen duen perfekzioa ere badago. Oso garrantzitsua da Olinpiar Joko hauetan gai hori ikusarazi izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.