Liga abiatuz geroztik golik egin gabe zegoen Malaga. Bestela esanda, aurkariaren ateari begira bederatzi orduko lehortea pilatua zuten andaluziarrek. Bada, azkar demonio uxatu zituzten atzo estatistika oker horiek. Sei minutu aski izan baitzituzten bat ez, bi gol egiteko. Realaren denboraldiko partida hasierarik txarrena baliatuta, 6. minuturako 2-0 aurreratu zen Malaga. Ezer egin gabe, gainera. Reala lo zelairatu zen, seko lo, eta Iñigoren bi akats larri garesti ordaindu zituen. Hori bai, hortik aurrera sasoiko minuturik onentsuenak jokatu zituzten txuri-urdinek, atsedenaldira bitarte batez ere, baina ez ziren aski izan emaitzari buelta emateko. Agirretxek 2-1ekoa egin zuen 13. minuturako; itxaropenari eustea zilegi zen, beraz. Ordea, oker hasten dena oker amaitzen omen, eta Realak ez zuen adorerik izan puntu bakar bat ere pilatzeko. Hala, soilik sei punturekin helduko da ligako geldialdira.
Azken partidetan itxura ona eman ondotik, konfiantza puntu batekin heldu zen Malagara David Moyesen taldea. Iñigo zen ispilua, gainera. Bi egun lehenago jasoa baitzuen Espainiako selekziora joateko deia. Gehiegizko konfiantzak kaltea berekin du, ordea, eta halako zerbait jasan zuen ondarroarrak. 3. minutua betetzearekin bat sekulako akatsa egin zuen atzean, eta Charlesek ez zuen barkatu. Partidako lehen gola egin zuen. Diego Reyes eta Iñigo golik jaso gabeak ziren sasoi honetan, baina azkar agurtu zuten datu baikor hori. Hori gutxi ez, eta 6. minuturako 2-0ekoa jaso zuen Realak. Berriz ere Iñigoren akats larri baten erruz. Charlesek, lehengo bideari jarraiki,
2-0ekoa lortu zuen.
Ondorioz, lehia hasi besterik ez eta guztia zen kritika Realaren inguruan. Burua jaitsi beharrean, dena den, aurpegia eman zuten Moyesenek, eta gora egiten hasi ziren. Hala, 13. minutuan 2-1ekoa egin zuen Agirretxek, Zurutuzaren pasea baliatuta. Sasoi honetako 5. gola lortu zuen usurbildarrak. Malagak baloia eman zion Realari, eta Illarramendiren jokoa baliatuta, gol bat baino gehiago egiteko aukerak izan zituzten txuri-urdinek. Agirretxe goletik hurbil ibili zen une oro.
Atsedenaldia 2-1ekoaren heldu zen, baina. Bazegoen denbora eta itxaropena, beraz, emaitza iraultzeko. Are gehiago Malaga hamar jokalarirekin geratu zenean, 70. minutuan. Tissone kaleratu zuen epaileak. Moyesek ahaleginak egin zituen, Jonathas eta Bruma zelairatuta, baina alferrik. Azken txanpan 3-1ekoa egin zuen Charlesek. Realak badu jokoa, baina emaitzek ez diote laguntzen.
Malaga. Kameni; Rosales, Angeleri, Weligton, Torres; Carlos, Tissone, Recio, Duda (Juanmi, 68. min.); Cop (Pablo, 71. min.) eta Charles.
Reala. Rulli; Elustondo (Xabi Prieto, 78. min.), Reyes, Iñigo, De la Bella; Illarramendi, Pardo, Canales (Bruma, 78. min.); Zurutuza (Jonathas, 71. min.), Vela eta Agirretxe.
Golak. 1-0. Charlesek (3. min.); 2-0. Charlesek (6. min.). 2-1. Agirretxek (13. min.). 3-1. Charlesek (89. min.).
Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak Malagako Reciori, Copi eta Charlesi; eta Realeko Elustondori. Txartel gorria Malagako Tissoneri.
Bestelakoak. 20.000 ikusle La Rosaledan.