Joaquin Caparrosen Athletic futboleko teoria guztiak hankaz gora jartzeko gai da. Gauzak ondo egitea da emaitzak lortzeko bide aproposena eta ia bakarra. Ez dago besterik. Edo bai? Baietz dirudi. Bestela ezinezkoa litzateke talde zuri-gorria denboraldion egiten ari den ibilbidea azaltzea. Ondo jokatu barik irabaz daiteke. Zalantzaz gainezka dagoen taldeak sarritan lortzen du jokoak merezi baino puntu gehiago. Horretarako zorte dezente behar da. Baina bestelako faktorse batzuk ere ezinbestean hartu behar dira kontuan: talde bateko eta besteko jokalarien talentua, epaileen lana, entrenatzaileen erabakiak... Gauza askok baldintzatu dezaketefutbol neurketa bat. Gauza horiek guztiek merezi ez duen taldeari irabazaraz diezaiokete. Athleticen ere badakite zer den hori. Erdipurdiko norgehiagoka asko jokatutakoa da talde zuri-gorria. Baita une latzetan merezi ez zituen neurketak irabazitakoa ere. Sasoiaren lehen txanpan jokatutako partida asko dira horren adibide.
Emaitzak aldekoak izan direnean ere jokalariek eta teknikariek argi izan dute ezinbestekoa zela berandu baino lehen bestelako bidea hartzea. Horretan ahalegindu dira hilabete luzez. Eta boladaka lortu dute. Azken hilabetean, esaterako. Baina nola diren gauzak. Taldea sendo agertu denean egin du huts Athleticek. Denboraldi hasieran nahikoa izaten zen korner edo falta bat baloia sareetara bidaltzeko. Orain, berriz, kontrarioa kontrolpean izateaz gain, aukerak bata bestearen atzetik sortzeko gai denean, ezinean ari dira Llorente, Toquero eta enparauak. Athleticek eraginkortasuna galdu du. Eta daukan jokoa eta sortutako aukerak baliatzeko gai ez den taldea ez da osoa. Errematea falta zaio.
Hala ere, Athleticek ez du etsi behar. Ez du jokatzeko era aldatu behar. Ondo egiten ari baita bere lana. Baina ia lau hilabete etxetik kanpo irabazi barik dagoen talde bateko kideek nahitaez pentsatuko dute zerbaitetan ari direla huts egiten. Bistan da gauza guztiak ez dituztela ondo egin, baina horrela jarraituz gero, berandu baino lehen lortuko dute horrenbeste kostatzen ari zaiena, 300. aldiz irabaztea.
Bihar, zorionez, zaleen aurrean jokatuko du talde bizkaitarrak. Etxean. San Mamesen. Eta Katedralean bestelako kontuak dira nagusi. Jokoan izan diren azken hogeita bat puntuetatik hemeretzi eskuratu ditu Caparrosen taldeak. Sei partida daramatza galdu barik. Ez dago askoz gehiago eskatzerik. Hala ere, Txapeldunen Ligarekin amets egiten dutenek ez dute Racing mendean hartzeko beharra baino haratago ikusten. Normala da, gainera. Mallorcak bost puntuko errenta lortu du. Errenta handia ez bada, sailkapenean atzetik dagoen talde multzoa ere ezin urrun egon. Tarte berbera dago. Horregatik da ezinbestekoa Racing mendean hartzea: aurretik daudenengana hurbildu eta atzetik datozenei alde gehiago ateratzeko. Ez da lan erraza izango, ordea. Racing oso talde deserosoa da. Denboraldion ez dabil oso fin, baina lan egiteko beti dago prest. Zer esanik ez San Mamesen jokatzea egokitzen zaionean. Racingek motibazio berezia izaten du Katedralean jokatzen duen bakoitzean. Beraz, aurkariak adinako grina eta bizitasuna erakutsi beharko du etxeko taldeak hiru puntuak poltsikoratzeko.
Astelehenetan, bitik bi irabazi
Zuri-gorriek lehen aldiz jokatuko dute astelehenez sasoi honetan. Ikusi egin beharko dazaleek nola erantzuten duten. Seguruenik denbora beharko da astelehenetako futbolera ohitzeko, baina Athleticeko bazkideek sarritan erakutsi dute aste barruan ere joaten direla futbola ikustera. Futbolean, zorionez, estatistikek ez dute askorako balio, baina aurrekariak ez dira txarrak. 1990. hamarkadan ere jokatu ziren partidak astelehenetan. Bitik bi irabazi zituen Athleticek, Mallorca eta Deportivoren aurka. Beste behin irabaztea ere ez litzateke txarto etorriko. Horretarako, ez dirudi Caparrosek aldaketa asko egiteko asmorik duenik. Partida bateko zigorra bete ostean, hamaikakora itzuliko da Amorebieta. Yeste eta Orbaiz, berriz, zigortuta daude. Beraz, litekeena da Iturraspek taldean jarraitzea.
Jokoa eta kontrola ez dira nahikoak
Ligako azken emaitzak onak izan ez arren, Athletic ondo ari da lanean, eta jokoan ez da ari izaten aurkariak baino gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu