Goraka jarraitzen du Athleticek. Sufrituta, galtzen hasita eta amaieran Verduk zutoinera bidalitako baloiari begira, horrela ibili dira zuri-gorriak, baina 2-1ekoari esker, behin-behinean laugarren kokatu dira bilbotarrak. Ibai Gomezen partida izan da benetan harrigarria, hasi eta bukatu bizitasun harrigarria eta joko maila altua eskaini dituelako bilbotarrak. Etxekoek sei aukera on eduki dituzte lehen zatian, azken biak argienak, Ibaik eta Gurpegik langara bidalitako baloi banatan. Baina Betisek ere eduki du aukera onen bat edo beste, Chuliren kontraerasoetan. Hala ere, 31. minutukoa izan da bisitarien aukerarik argiena, Matillak area ertzetik egindako jaurtiketa neurtuan.
0-0ekoarekin iritsi dira atsedenaldira, eta estutuz jarraitu du Athleticek bigarren zatian ere. Ibaik area ertzetik jaurtiketa ona egin berritan, Xavi Torresek penalti argia egin dio Susaetari, baina Beñatek ez du asmatu baloia sareetara bidaltzen. Kolpe hori nahikoa ez eta, Betisek 0-1ekoa lortu du kontraerasoan, 62. minutuan. Lolo Reyesek egin du erdiraketa eskuinetik, Iraizozek gelditu egin du Jorge Molinaren lehen errematea, baina bigarrenean ezin izan du ezer egin. Zuri-gorriak itzaltzera zihoazela zirudien, baina, zelairatu berritan, De Marcosek lortu du 1-1ekoa, 73. minutuan, eta San Josek 2-1ekoa, 82.ean, Ibairen erdiraketa ona jasota. Hiru puntu, hamabi dagoeneko, eta Europarako postuetan geroz eta sendoago.