Bizkaia Bilbo Basket 70. Fenerbahce Ulker 73

Jokoa grisa, egoera beltza

Bilbo Basketek irabazita zeukan lehia, baina galdu egin du, hondarrean 3-14ko partziala hartuta, eta aldats gora jarri zaio Top16aHamazazpi baloi eman dituzte bizkaitarrek, eta eskas jardun hiruko jaurtiketetan

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Bizkaia Bilbo Basket. Jackson (7), Vasileiadis (15), Mumbru (8), Hervelle (8), Fischer (4) —hasierako bostekoa— Lopez (9), Fisher, Blums, Grimau, Banic (17) eta Mavroeidis (2).

Fenerbahce Ulker. Ukic (4), Onan (8), Sefolosha (4), Gist (), Vidmar (3) —hasierako bostekoa—Preldzic (7), Atsur, Savas (2), Jerrells (15), Demirel, Bogdanovic (19) eta Peker (1).

Markagailua. 21-26, 36-32 (atsedenaldian); 58-33 eta 70-73.

Epaileak. Belosevic, Zamojski eta Sabetta. Bilbo Basketeko Mumbru kanporatu zuten faltengatik.

Bestelakoak. 7.523 ikusle Bilbao Arenan,

Joko eta emaitza krisia etxetik kanpokoa bakarrik zela zirudien, baina ez, ez zen horrela. Krisia sakonagoa da, eta zehar kalteak ere sakonak izango diren edo ez ikusteko dago, Bilbo Basketek oso zail duelako Top 16a jokatzea une honetan. Lau norgehiagoka jokatu ditu lehen fasean, eta hiru galdu, eta egoera horri buelta ematea ez da erraza. Are gutxiago Euroligan. Katsikarisen taldeak partida bat irabazi beharko du gutxienez kanpoan, etxean geratzen zaizkion hirurak poltsikoratzeaz gain, eta hori erronka zaila da Europako Txapelketa nagusian.

Fenerbahcek eraman zuen garaipena, baina turkiarrak irabazi ez, norgehiagoka Bilbo Basketek galdu zuen. Oso partida eskasa jokatu arren, zortzi puntuko zuloa ireki zuen lau minuturen falta zirenean (67-59), baina ez zuen emaitza kudeatzen asmatu, eta 3-14ko partziala hartu zuen. Partzial horrekin ihes egin zuen garaipena Miribillatik, eta gauzak ondo, Top 16 faseak ere bai. Batzuen eta besteen merituak erakusten dituen datua da honakoa: 20 baloi eman zituen Istanbulgo taldeak, eta halere, partida irabazi. Zergatik? Ba 17 eman zituelako etxeko taldeak, eta aurkariari puntu bateko 29 jaurtiketa oparitu. Jaurtiketetan ere nahiko portzentaje kaskarra lortu zuen Katsikarisen taldeak, eta burumakur hartu aldageletarako bidea.

Gris samarra izan zen partida osoa. Bien aldetik. Defentsa bigunekin hasi zen, eta 47 puntu sartu bi taldeek lehen laurdenean. Zeharo aldatu zen panorama orduz geroztik, eta defentsa eraso jokoari nagusitu zitzaion erabat. Trabatua, nahasia izan zen jokoa. Fenerbahcek Bogdanovicen talentuari esker eusten zion, eta Bilbo Basketek Hervelleren —min hartuta bukatu zuen— kemenari esker. Baina ezin partida hautsi. Beti bi, hiru, lau punturen bueltan.

Raul Lopezek lema hartu zuen arte. Minutu onak jokatu zituen azken bi laurdenetan kataluniarrak, eta Bilbo Basketek joko itxurosoa egin zuen behingoz. Konfiantza irabazi zuen hirugarren hamar minutukoa 58-53 bukatuta, eta estutu egin zuen bere defentsa. Fenerbahceko Curtis Jerrellsek Jackson nola zigortu bilatu zuen arte. Zazpi puntu sartu zituen jarraian estatubatuarrak, eta Turkiako taldea partidan sartu, erabat kanpoan zegoenean.

67na eta 100 segundo, partida bukatzeko, baina batzuk garaipen gosearekin, turkiarrak, eta bestak beldurtuta, etxekoak, lotuta zutena galdu zutelako. Bilbo Basketek oso baldar jokatu zituen azken eraso jokaldiak, eta Fenerbahcek, aldiz, etekina atera zion falten bonusari. Predzlicek hartu zuen ardura eta asmatu egin zuen. Vasileiadisek, aldiz, ez, eta akabo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.