Etxetik kanpo hirugarren garaipena jarraian lortzeko aukera zeukan Realak Granadaren zelaian, baina txuri-urdinek aurrera joateko, aurkariari min egiteko intentsitate hori falta izan dute partida guztian. Jaitsiera postuetan sartuta ekin dio jardunaldiari Granadak, eta puntu banaketarekin postu bat gora egin dute bi taldeek. 8. jarri da Reala behin-behinean, 22 punturekin, eta 17. Granada, 13rekin. Euskarri hirukoitzean Illarramendi, Zurutuza eta Xabi Prieto zelairatu ditu Montanierrek, Vela, Griezmann eta Ifran aurretik zirela, eta jokoa sortzea kosta egin zaie txuri-urdinei. Granadarenak izan dira gol aukerarik onenak. Ighalok eduki ditu lehen bi aukera onak, lehen zatian, eta amaieran iritsi dira beste bi jokaldi onak. Realarentzat zorionez, ordea, Jaime Romerok eta El-Arabik ez dute asmatu azken errematean. Onak izan dira Bravoren erantzunak. Realari dagokionez, 35. minutukoa izan da aukerarik onena. Velak txukun erdiratu du eskuinetik, goitik behera egin du errematea Ifranek, buruz, baina geldiketa ona egin du Robertok. Joko askorik gabe, 0-0, eta puntu banaketa Granadan.
Futbola
Jokorik ez, golik ere ez
Realak partida txikia jokatu du Granadaren zelaian, baina puntu bat lortu du gutxienez, atea hutsean mantenduta. Sevillaren aurka ariko dira txuri-urdinak datorren ostegunean, Anoetan (22:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu