Unicaja Malaga 55. Gescrap Bizkaia 59

Jokoz itsusi, adorez ederra

Unicaja menderatuta, Top 8an egongo da Gescrap Bizkaia; Moskuko CSKAren aurka bilatuko du Lauko Finalerako txartelaTentsio handiko partidan, Bizkaiak partida eroso erabakitzeko aukera franko galdu du

Andoni Urbistondo.
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Unicaja Malaga. Rowland (6), Abrines (9), Peric (19), Zoric (11), Lima (2) —hasierako bostekoa—; Payne, Berni Rodriguez, Freeland (8) eta Sinanovic.

Gescrap Bizkaia. Jackson (10), Blums (5), Mumbru (6), Mavroeidis (8), Hervelle (2) —hasierako bostekoa—; Raul Lopez (9), Roger Grimau (4), Vasileiadis (5) eta Banic (10).

Markagailua. 16-15, 22-24 (atsedenaldian); 36-42 eta 55-59.

Epaileak. Paolo Taurino, Grzegorz Ziemblicki eta Robert Viklicki. Hervelle kanporatu zuten, bost faltarekin.

Bestelakoak. 4.000 ikusle inguru Martin Carpena pabiloian, Euroligako Top 16ko F multzoko azken jardunaldiko partidan. Tartean Gescrapen aldeko zale bakan batzuk.

Mugarri historikoa gauzatu du Gescrap Bizkaiak. Europako zortzi onenen artera egin du jauzia, etxeko lanak ondo egin eta Real Madrilek Sienan 12 puntugatik bakarrik irabazita. Bizkaiak denok nahi eta espero baino gehiago sufritu zuen Malagan, etxekoek ere ez zutelako garaipenba oparitu nahi, baina bizkaitarrak kementsuak dira buruz, adorez, eta esku artean zuten aukerari zukua ateratzeko gai izan ziren. Berriro Raul Lopezen eskutik. Kataluniarrak hiruko erabakigarri bat saskiratu zuen 90 segundoren faltan, eta hurrengo erasoan, funtsezko bi puntu oparitu zizkion Banic kideari. Lau puntuko zulo erabakigarria ireki zuen Bizkaiak orduan, eta han hasi zen Unicaja etsitzen.

Kostata, Unicajak garesti saldu zuelako porrota lehen 39 minututan. Jota daude, trakets jaurtiketetan, konfiantzarik gabe, zulotik nola irten asmatu ezinik, baloi kopuru handia oparituz, baina duintasuna geratzen zaie. Eta duintasunez jokatu zuten. Bizkaiari askok aldez aurretik egintzat jotzen zuten garaipena ikaragarri zaildu arte. Malagako taldeak oso lan ona egin zuen defentsan, eta tarteka zeharo kamustu zuen Katsikarisen taldearen eraso jokoa, zonakako defentsa zorrotz baten bitartez.

Baldintza horietan, partidako gakoa desioa, gogoa, grina, nahia izan behar zen, eta hala izan zen. Bizkaiak ondo baino hobeto zekien baliatu beharreko aukera zeukala, bakarra oraingoz. Ezin delako jakin ziur Euroligako zortzi onenen artean sartzeko aukera noiz izango duen berriz. Agian datorren sasoian, bai, baina agian ez. Eta tren horiek hartu egin behar dira. Jokoz itsusi samar, eskas dabilelako Bizkaia. Asmatu ezinik erasoan, antzu, eta bizpahiru astera erakutsi zuen freskotasun hori gabe. Eta hor asmatzen ez denean zer? Hortzak estutu eta defentsa ona egin, aurkaria ito eta giltzarrapoa jarri norberaren etxean. Sienaren aurka egin bezala.

Bizkaiak 60 puntura eraman zuen partida, azken aldian zenbaki horietan erosoago moldatzen dela jakitun. 55 sartu zituen Unicajak, baina lau gehiago bizkaitarrek. Pasa den asteazkenean Bilbon jokatu zen neurketaren errepikapena izan zen: portzentaje txarrak, defentsak erasoen gainetik, eta puntuak lortzeko zailtasun asko zituzten bi talde. Eta halere, sentsazio orokorra Bilbokoek partida askoz lehenago hausteko, erabakitzeko aukera galdu zutela.

Espero bezala, egurrean kantxaratu zen Gescrap, Unicajaren buruko indarra are gehiago kaltetzeko. Lortu zuen, eta 9-15 aurreratu zen Blumsek hiruko ona saskiratuta. Baina une horretan zerbait gertatu zen. Unicajak intentsitatea handitu zuen, partida hasi eta berehala galtzeak pabilioian erauntsi latza ekar zezakeela jakitun, eta partidan sartu zen lehen laurdena bukatzerako: 16-15. 7-0ko partziala lortu zuten hiruzpalau minututan, eta Aaron Jacksonen lehen sei minututako distira erabat desagertu zen. Estatubatuarrak zortzi puntu sartu zituen lehen sei minutu horietan, baina gero bere sormena itzali egin zen bat-batean.

Baloiak Raul Lopezi

Aulkira joan zen Jackson, baina itzalaldiak bere horretan jarraitu zuen. Bizkaiak sei puntu bakarrik lortu zituen hamar minutuko jokoan, besteak beste Unicajako zonakako defentsan katramilatuta. 22-24 iritsi zen neurketa atsedenaldira, eta euskaldunek defentsari esker eutsi zioten aurretik. Bigarren hamar minutuko partziala, adierazgarria: 6-9.

Aurretik, baina sentsazio onekin ez. Gar-gaurkoz, Unicaja baino askoz gehiago delako Bizkaia, baina ez zuelako norgehiagoka hausten. Aldageletatik bueltan egingo zuela zirudien, 26-37 aurreratu zelako, baina itxaropena zonakako madarikatuak hondoratu zuen berriro. Inurri lanean, fedea irabazi zuen Unicajak, eta 51-50 aurreratu bi minuturen faltan. Orduan Raul Lopezi eman zion aginte makila, eta Vic-eko aztiak erabaki egin zuen. Goizean egunero jaikitzen denaren patxadarekin. Talentua duelako makulu. Top 8a hemen da. CSKA handia ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.