Jolas egin behar dute

Arsenalek Manchester United hartuko du gaur, Txapeldunen Ligako finalerdietako itzulerako partidan

Imanol Magro Eizmendi.
2009ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Arsene Wengerrek profeta itxura du. Antzinako irakasle zintzoena; umeak, ikasleak, hitz gozoekin motibatzen zituzten horietakoen itxura. Futbolean ideologo kutsua du, joko bizi alaiaren defendatzaile sutsua da. Oso jokalari gazteei ardura eman izan die beti, eta jokoaren bohemia eta edertasuna goratu ditu. Hamabi urte daramatza Londresko taldea zuzentzen, eta askok berari egozten diote egun Ingalaterrako futbola bereizten duen erritmo bizi horren aitzindaria izatea. Bere filosofia mugara eramaten du, eta atzo, barre gozoa ezpainetan zuela, bere-bereak dituen esaldi horietako bat bota zuen: «Futbola, beste ezer baino lehen, jolasa da, eta bost axola dio zer dagoen jokoan». Gaur behintzat asko du jokoan: Txapeldunen Ligako finalerako txartela.

Wengerrek ondo zekien zer zioen, baina asko dira errealitate gordinaren aurka aurrez aurre tupust egin duen aldiak. Mundua perfektua balitz, Arsenalek titulu sorta luzeagoa zukeen, baina behin baino ez du jokatu Txapeldunen Ligako finala. Mezua, baina, sakona da; jolasteko eskatu zien bere jokalariei. Edo gaztetxoei, Arsenalek hamaikako oso gaztea zelairatuko baitu gaur zaleen aurrean. Ohikoa da, eta jolas egiten dute. Jolasteko, baina, nagusien baimena behar dute, eta ikusteko dago Manchester Unitedek emango dion. Joaneko partidan 1-0 irabazi zuen, baina aldea handiagoa izan zitekeen. Bi taldeek Europako txapelketa batean elkarren aurka jokaturiko lehen partidan gazteak geldi egon ziren, euren txokoan zigortuta.

Arsenalek joko bizia berreskuratu behar du, kanporaketari buelta eman nahi badio. Manchester fisikoki talde indartsuagoa da, eta diziplina taktiko zurrunekoa. Ligan jaun eta jabe da eta Txapeldunen Ligan 23 partida daramatza galdu gabe. Iaz txapeldun izan zen, eta aurten titulua berriz ere irabazteko faboritoetako bat zen hasieratik.

Wenger, baina, entrenatzaile desberdina da. Ilusioan sinesten du, eta, zehaztasun teknikoak albo batera utzita, bere multzoaren talentuan konfiantza itsua du. «Konfiantza dut nire jokalariengan, etxean kanporaketari buelta emateko gai direla sinetsita nago. Hori bai, gauza bat garbi izan dezaten nahi dut: hori lortzeko, talde lana egin beharko dugu». Ez zaio arrazoirik falta, buruz buruko lehietan Manchesterrek abantaila baitauka. Goiko hirukoteak, Ronaldok, Berbatovek eta Rooneyk edozein jokaldi edo baloi galdutan kanporaketa erabaki dezakeelako. Unitedek ez du hain joko politik egiten, baina erasora egiten duenean oso eraginkorra da.

Modu zabalean laburbilduta, gaurko partida Wengerrek zabaltzen duen eta Fabregas eta Walcott lemazain dituen adore, ilusio eta lotsa gabeko jokoaren eta Manchesterren sendotasunaren arteko lehia da. Etxean, gainera, hazi egiten da Arsenal; Ingalaterrako ligan 21 partida daramatza etxean galdu gabe, eta Europan, berriz, 24. Hitz egitea, baina, erraza da, eta ziur entrenatzaile frantziarrak antzeko hitzak erabiliko zituela joaneko partidaren aurretik, eta hark kolore bakarra izan zuen, Uniteden gorria.

Manuel Almunia atezain nafarra izan zen Arsenalen heroia joaneko partidan, eta berarengatik izan ez balitz, kanporaketa erabakita legoke. Manchesterrek oso goian egin zuen presioa, atzeko lerroa atetik 50 metrotara jarri, eta Arsenalen ilusioa ito zuen. Baloia kendu eta jokatuz egin zion aurre jolasari. Carrickek partida bikaina jokatu zuen, erdilarien eta Adebayorren artekoan lubaki bat irekiz.

Ferdinandek jokatuko du

Gaur, gainera, Alex Fergusonek Rio Ferdinand erabili ahal izango du, atzeko lerroko burua, saihetsetan jasotako kolpea ez delako larria. Halere, Wes Brownen hutsunea izango du, eta Patrice Evraren parte-hartzea kolokan dago. Arsene Wegnerrek, berriz, hiru zalantza izango ditu hamaikakoa osatzeko, Robin Van Persie, Eduardo Silva eta Michael Silvestre erabat osatzen diren ikusteko baitago. Aldiz, ziurra da Gael Clichyk ez duela jokatuko.

Litekeena da Manchesterrek atzerago jokatzea gaur eta etxekoen oinetan uztea baloia. Hipotesi horrek ilusioa piztu du Londresko iparraldeko taldean. «Onak garela badakigu, lor dezakegula. Izaera baikorra baino ez dugu izan behar eta irabazteko gai garela sinetsi». Cesc Fabregasek bere desirak plazaratu zituen atzo, eta ageriko utzi zuen bera dela Wegnerren apostolurik fidelena. Mundua, baina, ez da perfektua, eta joaneko partidan atzeko lerroan izandako ahulezia azaleratzen bada, Unitedek jota utz ditzake gaztetxoak.



ARSENAL-M. UNITED

Arsenal. Almunia, Sagna, Toure, Silvestre, Gibbs, Song, Diaby, Walcott, Cesc, Nasri eta Adebayor.

Mancester United. Van der Sar, O'Shea, Ferdinand, Vidic, Rafael Da Silva, Fletcher, Carrick, Anderson, Ronaldo, Berbatov eta Rooney.

Epailea. Roberto Rosetti.

Lekua. Emirates Stadium (60.355 ikusle).

Ordua. 19:45 (Antena 3).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.