Olaizola-Urrutikoetxea 22-14 Ezkurdia-Martija

Jolasean, Olaizola II.a jostariena

Garaipenarekin bukatuko dute ligaxka Olaizolak eta Urrutikoetxeak, 22-14 irabazi baitiete Ezkurdiari eta Martijari, Bilbon. Gaurko garaileak Sasoiko eta konfiantzarekin heldu dira finalaurrekoen atariko kanporaketara. 

Olaizola II.a, otsailaren 2an jokatutako partidan. FOKU
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 23a
19:59
Entzun

Tentsioa nahi beste baino gehiago izaten dute txapelketako partidek. Tanto bakoitzaren balioa izugarri handia izaten da. Hutsak garesti ordaintzen direnez, arriskuak neurrian hartuta aritzen dira normalean pilotariak. Horrek guztiak ez du esan nahi partida itsusiak jokatu dituztenik Binakako Txapelketako ligaxkan, baina gaur Bilbokoa, tentsio berezirik gabekoa, gustura hartu du pilotazaleak. Baita pilotariek ere. Lan guztiak eginda kantxaratu dira Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Ezkurdia-Martija bikoteak, eta jokatu bai, baina jolastu ere egin dute. Eta jostariena Goizuetako aurrelaria izan da. 

Irabazi egin du gaur ere Baikoko bikoteak (22-14), ligaxkako seigarrenak, eta Olaizolak eta Urrutikoetxeak erakutsi dute sasoiko eta konfiantzarekin heldu direla finalaurrekoen atariko kanporaketara. Kontuz ibili beharko da bi hauekin, biak baitira pilotari handiak. Behetik gora datoz, eta txapelketa hasi zenetik, oraintxe daude punturik onenean. 

Partida bizia izan da, tanto ikusgarriak izan dituena, eta gozatu egin dute garaileek. Ez horrenbeste galtzaileek. Ezkurdiak onartu egin du Aimarren enbidoa, eta jolasean murgildu da. Zalea da Arbizukoa ere horretan, baina gaur Goizuetako artistaren txistuan tokatu zaio dantza egitea. Atzean, Martijak ia partida osoan ikusi behar izan du Urrutikoetxearen bizkarra, eta hortik atzeko koadroetara ere egin behar izan ditu bidaia bat baino gehiago. Ohi bezala, langile eta zintzo aritu da, aurreko zuloak tapatzen ere jardun baitu tanto batzuetan. Hainbeste ibili behar izan eta gero, ez da harritzekoa beste partidetan baino huts gehiago egin izana. 

Gaurko emaitza txapelketako estatistiketan gordetzeko baino ez da izango. Galtzaileei ez die ezer kenduko lehiaketa osoan pilatu duten joko eta konfiantza pusketa handitik, eta irabazleei ere ez die aparteko ezer emango, inoiz ez bada ere gaizki etortzen garaipenek ematen duten indarra, grina eta konfiantza. Orain, beste txapelketa bat hasiko da, lau bikoterekin, eta horietatik bi iritsiko dira finalerdietara. Han izango dituzte zain Ezkurdia eta Martija, eta Jaka eta Zabaleta, ligaxkako lehen bi sailkatuak. 

Bihar eta etzi jokatuko dituzte ligaxkako azken bi partidak. Bi horietan ere ez da ezer izango jokoan, eta ea gaurkoak bezala, jostari aritzen diren zortzi pilotariak. Tentsioak askatzeko eta pilotazaleen gozamenerako. Tolosan ariko dira bihar (16:30)  Bengoetxea- Mariezkurrena eta Altuna - Ladis Galartza; eta etzi, leku berean, Jaka - Zabaleta eta Artola - Imaz. 

KANPORAKETAK

Artola-Imaz / Olaizola-Urrutikoetxea  (larunbatean, otsailaren 29an, Labriten)

Altuna-Galartza / Laso-Albisu (igandean, martxoaren 1ean, Eibarren)

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.