Jolastaktikoa

Mikel Astarloza.
2003ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ez dago atsedenik. Ahotsa ere nekatua dut gaur, jipoi handia hartu baitugu. Etapa hasieran bederatziko talde bat osatu da eta gu ez gara behar adina erne egon. Esprinterren talde gehienek ordezkaritza zuten aurreko taldetxoan eta lana egin behar izan dugu ihesaldia harrapatzeko. Hor aritu dira lau taldekide jo eta su 30 kiolmetroan eta, azkenean, lortu dugu gure asmoa.

Geslin eta O'Gradyk alde egin dute gero eta behin bi minutuko aldea lortu dutenean, tropelak baimena eman dio ihesaldiari. Ordubete pasatxoan lasai antzean egin dugu bidea eta horri esker ireki dute ireki duten zuloa. 18 minutu! Haizea alde genuen gaur eta tropelean orduko 40 kilometroko abiaduran bagindoazen, aurreko biak 45 edo 48ra zihoazen. Normala hainbesteko zuloa irekitzea.

Ihesean doazenen eta tropelaren artean halako jolas taktikoa gertatzen da beti. Tropelak aurrekoek duten aldea ikusi eta aztertzen du eta egoki deritzonean, erritmoa bizitu. Gaur 130 kilometro geratzen zirela hasi dira lanean esprinterren taldeak eta bikoteari kentzen zihoazen denboraren arabera, azkarrago edo mantsoago joan gara. Kalkulua beti egiten da, eta egia esan nik neuk bikotea helmugarako 10 kilometro geratzen zirela harrapatuko genuela uste nuen. Hor kale egin dute jazarpena egin dutenek eta azken kilometroa arte lan egin behar izan dute. Dena den, kalkulu zehatza egitea ez da erraza. Helmugatik gertu harrapatu behar dira iheskideak, bestela ihesaldi ahaleginak errepikatzen direlako etengabe.

Guk nahi eta ezin segitzen dugu. Kirsipuu taldekidea erori egin da hiru kilometro geratzen zirela. Hotelean barkamena eskatu digu guztioi, bazekielako bere garaipena bilatzeko lan handia egin dugula gaurkoan [atzo].

Alpeak hasten dira bihar [gaur]. Dauphineko etapa bateko bukaera bera du biharko saioak [gaurkoak] eta ez da gogorregia. Ez dut uste onenen artean diferentzia handia egongo denik, baina US Postalen jarrerak baldintzatuko du dena. Ihesaldiak baimentzen badituzte, lasterketa irekia ikusiko dugu, bestela ez.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.