Jon Iriondo ondarrutarra Oriora itzuliko da datorren denboraldian. Arraunlari eta entrenatzaile lanetan ariko da, B traineruaren ardura ere izango baitu Anjel Larrañagarekin batera [aurten, Alexander Estebanek egin duen lan bera]. 1998tik 2005era ibili zen Orion, eta azkeneko taldea herrikoa izan du: Ondarroan egin du arraun aurten. Urdaibai, Castro eta Portugaleten ere ibili da.
Baieztatu egin ditu Oriok hiru traineruetako entrenatzaileak, eta Iriondorena da berrikuntza bakarra. Beste gainontzean lehengoek jarraituko dute: Larrañagak B taldean, Jon Salsamendik A traineruan, eta Xanti Zabaletak emakumezkoekin.
Beste albiste batzuk ere baieztatu dira gaur beste talde batzuetan. Asier Zurinaga patroia, Santurtzira itzuliko da. Aurten ez da aritu arraunean, eta aurreko bi sasoiak egin zituen 'Sotera' traineruko txopan. Harekin igo zen Santurtzi Eusko Label ligara duela bi urte. Taldea utziko dutenak Juan Mari Lujanbio eta Cristian Garma dira, aurtengo bi patroiak. Garma Pedreñara doa, Joseba Fernandezen aginduetara. Pedreñara doan bestea Gabi Bedia da. Bertako arraunlariak San Juanen eta San Pedron egin ditu azkeneko lau denboraldiak.
Ondarroan ere bada mugimendu gehiago, Iriondorenaz gain. Taldea utzi dutenak hauek ere badira, oraingoz: Igor Frances (Urdaibai), Iñaki Urtubia, Iban Verdugo, Jon Carrillo eta Beñat Apraiz. Zulo horietako batzuk betetzeko, ondorengo hauek bereganatu ditu Ondarroak: Eneko Zabala (Kaiku), Mikel Lasa eta Erik Aranburu. Ez dira bakarrak izango. Emakumezkoen taldea zuzentzen, berriz, segitu egingo dute June Aranbarri eta Nagore Osorok.