Jose Javier Albisuk banakakoari buruzko liburu bat plazaratu du

1876tik hasi eta 2011ra bitarte buruz buruko txapelketak eman duen guztia laburbildu du idazleak 138 orritan

Jose Javier Albisu, liburua aurkeztu berritan, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARP.
jon eskudero
Iruñea
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Zenbat aldiz izaten ote da eztabaida bera pilotazaleen artean. Batak final hura zerak irabazi zuela esaten du, eta besteak kontra egiten dio, galdu egin zuela. Kontu zaharra da hori pilota munduan. Oso zaharra ere. Ordea, aurrerantzean ez da ika-mika gehiagorik izango, hasi 1876. urtetik eta 2011ra bitarteko datu guztiak biltzen dituen liburu bat plazaratu berri baitu Jose Javier Albisu idazle nafarrak (Campeones manomanistas), Kaneta argitaletxearen laguntzarekin. Pilotaren hainbat xehetasun ekarri ditu orrietara, buruz buruko txapelketakoak betiere. Atzo aurkeztu zuen, Iruñean, Labrit pilotalekuan, eta azken produktuarekin «gustura eta harro» sentitzen dela nabarmendu zuen.

Jon Oiartzun Nafarroako Pilota Federazioko kidea eta Fernando Ogeta Arabako Pilota Federazioko lehendakaria izan zituen lagun Albisuk aurkezpenean. Hiruren artean solasaldi polita eduki zuten mahaiaren bueltan. Oiartzunek izan zuen lehen hitza, eta idazlearen lana goraipatu zuen: «Pilotarentzat zinez ederra da halako liburua edukitzea. Gure kirolak kantxatik kanpo bizitza baduela erakusteko adibiderik onena da». Ogeta bera ere ez zen atzera geratu: «Elurra egin arren, Gasteiztik Iruñera etorri naiz, halako liburu batek hori eta gehiago merezi baitu».

138 orrialdetan laburbildu du idazleak historia guztia. Denetariko kontuak aipatzen dira: emaitzak, datuak, pilotarien ibilbideak, pilotalekuak... 140 argazkiz osaturik dago, eta asko, gainera, historikoak dira, orain arte inon ikusi ez direnak. Lanik zailena horixe izan dela esan zuen Albisuk: «Dokumentatzea izan da lanik gogorrena. Hortik aurrera gozatu egin dut. Guztia kronologikoki adierazita dago, eta, nire ustez, pilotak behar zuen halako liburu bat».

Indalecio Sarasketa Txikito de Eibar pilotariaren ibilbidearekin ekiten dio Albisuk obrari. Bera izan zen lehenengo buruz buruko txapelduna, 1876an. Gerora aipatzen dira garai hartako gainontzeko izen garrantzitsuak. Banakako txapelketa 1940an egin zen ofizial, baina antzinagoko datuak ere bildu ditu idazleak. Nabarmentzekoa da Julian Retegik daukan presentzia, hamaika txapelen jabe baita. Aipatzen azkenekoa, berriz, Ives Salaberri Xala da; iazko txapelduna, hain zuzen ere.

Azalean Atano XIII.aren eta Miguel Gallastegiren argazkia ipini nahi izan du Albisuk: «Ez nuen zalantza handirik izan, bi izen horiek markatu nahi bainituen. Niretzat, pilota munduko izar handienak izan dira». Amaiera aldera, berriz, Ruben Belokirengan ipintzen du miresmena idazleak. Hamar orrialde haren inguruan idatzirik daude. Aimar Olaizolari eta Juan Martinez de Irujori ere tarte zabala eskaini zaie, Abel Barriolari eta Patxi Eugiri bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.