Futbola

Joseba Etxeberriak "doan" jokatuko du hurrengo denboraldian Athleticen, bere borondatez

Uko egingo dio klubaren fitxari. Horretaz gain, Espainiako Ligako araudiagatik urtean gutxienez 105.000 euro jaso behar ditu jokalari bakoitzak, baina Etxeberriak jakinarazi du diru hori Athletici "eskainiko" diola. 2009-2010 bukaeran erretiratuko da futbolari gisa, hamabost urtean Bilboko klubean jokatu ostean. "Urteotan eman didan maitetasuna itzuli nahi diot Athletici".

2008ko urriaren 2a
18:30
Entzun
Irailaren hasieran BERRIAri jakinarazi zion bezala, Joseba Etxeberria (Elgoibar, Gipuzkoa; 1977) jokalariak zuzendaritzarekin akordioa lortu eta Athleticen segituko du hurrengo denboraldian, eta gaur esan du "doan" jokatuko duela orduan. Batetik, uko egingo dio fitxa kobratzeari, bere borondatez. Bestetik, Lehen Mailako jokalari izateagatik Ligako itunagatik dagozkion 105.000 euroak klubari emango dizkio, hori ere bere erabakiz.

2009-2010 denboraldiaren ondoren hartuko du futbolari gisa erretiroa, Bilboko taldean hamabost urtez aritu ondoren. "Urteotan eman didan maitetasuna itzuli nahi diot azkeneko urte horretan Athletici. Ohorea da bertan jokatzea, klub bat baino gehiago baita", esan du Etxeberriak.

Espainiako Lehen Mailako jokalari bakoitzak Ligako araudiari esker urtean gutxienez 105.000 euro jaso behar ditu. Etxeberriak, ordea, gaur nabarmendu du datorren denboraldian "doan" jokatuko duela, ez duela kobratuko ez fitxarik, ez partidetako gain-saririk. Eguerdian Lezaman (Bizkaia) emandako prentsaurrekoan ez du bestelako zehaztapenik eman, ezta Fernando Garcia Makua klubeko presidenteak ere. Dena dela, jokalariak arratsaldean Euskadi Irratian Mezularia saioan jakinarazi du 105.000 euro horiek jaso jasoko dituela, araudiak agintzen duelako. "Baina gero diru hori Athletici edo klubeko fundazioari eskainiko diot. Nik doan jokatuko dut".

Jokalariak Athleticekiko izandako "keinua" azpimarratu du presidenteak.

1995ean fitxatu zuen Athleticek hura, Realetik. Orduko 550 milioi pezeta ordaindu zituen Bilboko klubak. Hamazazpi urte zituen Etxeberriak.

Futbola uzten duenean 32 urte izango ditu jokalariak. "Artean gaztea izango naiz honetarako, baina urte asko daramatzat, eta jende berriak lekua behar du".

Athleticekin 474 partidatan jokatu du -horietatik 419 Espainiako Ligakoak izan dira-, eta 101 gol sartu ditu -87, Ligan-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.