Joseba Llorente da Realeko protagonista; zoritxarreko protagonista, hori bai. Izan ere, klubeko medikuek egin dizkioten azterketen arabera, aurrelari hondarribiarrak disko hernia du, eta baliteke ebakuntza-gelatik igaro behar izatea. Medikuek hurrengo egunetan jakinaraziko dute Llorentek zein tratamendu jarraituko duen. Bi aukera daude: bata, tratamendu bat jarraitzea eta ez operatzea; bestea, zuzenean ebakuntza-gelatik igaro behar izatea. Lehen aukeraren alde eginez gero, aurrelariak ez luke denbora luzez jokatu gabe egon beharrik. Aldiz, azkenean ebakuntza egin behar badiote, lau hilabete inguru beharko luke berriz ere jokatzeko prest egoteko. Beraz, ez luke gehiago jokatuko denboraldi honetan.
Egoera hobeto ulertze aldera, Gonzalo Higuain Real Madrileko aurrelariari gertatutakoa aipatu daiteke. Hark ere disko hernia du, eta ebakuntza egin berri diote. Hasiera batean tratamendu bat jarraitu zuen, baina ez zuen emaitza onik eman, eta, azkenean, derrigorrez igaro behar izan du ebakuntza-gelatik. Ikusteko dago osatuko den, baina ezustekorik ezean, hiru hilabete baino gehiago beharko ditu.
Llorente aspalditik zebilen bizkarreko minez, Realak irail hasieran Barredan (Espainia) lagunarteko torneo bat jokatu zuenetik. Aurrelariak min hartu zuen, eta hilabete inguru egon zen jokatu gabe. Osatu egin zen, eta berriro jokatzen hasi, baina azken asteetan mina izan du berriz. Vila-realen aurkako partidan, esaterako, aldaketa eskatu behar izan zuen. Hori gutxi balitz bezala, disko hernia horrek zuntz-haustura bat eragin dio ipur-masailean. Argi dago egoerak ezin duela horrela jarraitu. Zerbait egin beharra dagoela. Orain ikusteko dago Realeko medikuek zein aukeraren alde egiten duten: ebakuntza bai, edo ebakuntza ez. Hortxe dago koska.
Agirretxe ez da utzita joango
Llorenteren lesioak izan du lehen ondorioa: Imanol Agirretxe ez da Valladolidera utzita joango. Aurrelari usurbildarrak atzo aitortu zuen jada «dena prest» zuela utzita joateko, baina Martin Lasartek ez joateko eskatu diola. Ez da harritzekoa, bi aurrelari min hartuta baititu entrenatzaileak, Diego Ifran eta Llorente, biak denbora luzerako gainera. Haiek gabe, Agirretxek eta Raul Tamudok izango dute ardura orain erasoan.
Joseba Llorentek disko hernia du, eta baliteke ez jokatzea gehiago denboraldi honetan
Realeko aurrelariak lau hilabete inguru egingo lituzke jokatu gabe ebakuntza-gelatik igaro behar izanez gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu