futbola

Josu Urrutia: "Historikoki legea bete du Athleticek"

Europako arartekoak Joaquin Almuniari eskatu dio ez atzeratzeko futbol kluben ikerketa, eta ziurtzat jo du bihar hasiko dela. Emily O'Reillyk iradoki du Europako Lehia komisarioak interes gatazka duela Athleticeko zalea delako.

San Mames Barria egiteko lanak. L. J., ARP
2013ko abenduaren 17a
15:18
Entzun

Josu Urrutia Athleticeko presidenteak azalpenak eman ditu Europako Batzordeak Athletic ikertuko duela dioten informazioen gainean. Ez dute ohartarazpen ofizialik jaso, baina, esan duenez, orain arte legea bete du Athleticek, eta "orain ere horrela da".

Atzo jakinarazi zuen Joaquin Garcia-Margallo Espainiako Kanpo Harremanetarako ministroak Europako Batzordeak ikerketa abiatzeko asmoa duela. Batetik, elkarte anonimo bihurtu ez direnez, zerga sisteman laguntzak dituztelakoan. Bestetik, Athletici San Mames Barria eraikitzeko sortu zen elkarte publikoan hirigintzarekin lotutako irregulartasunak izan ote ziren ikertuko du.

"Kluba bazkideena da"

Elkarte anonimo bilakatzeko asmorik ez du futbol klubak, "kluba bazkideena" delako. Haren ustez, "eredua ez dago zalantzan". Eredua zalantzan ez egoteaz gain, "eredugarri" ere badirela uste du: “Jendearentzat adibide bat gara. Duela gutxi Espainiako futbol ligak Joko Garbiaren saria eman zigun, eta joan den astean UEFAko presidentea den Platinik ere taldearen filosofia goraipatu du. Athletickek bere konpromisoak bete ditu betidanik”, adierazi du Urrutiak.

Athletic eta Osasuna, besteak beste, ez dira kirol elkarte anonimoak. Hori dela eta, taldeen jabeak bazkideak dira, eta horrek fiskalitatean onurak izatera laguntzen die. Real Madrilek eta Bartzelonak ere antzeko egoera dute, eta talde handi horien ezaugarri berezi horrek "hainbat talde europarri inbidia sorrararazi" diela uste du Urrutiak.

Athleticen 115 urteko historia garbitasunaren adibidetzat jo du presidenteak, eta ez du uste isunik jasoko dutenik. “Beti egin dugu legeak dioena. Ez dut planteatu ere egiten elkarte anonimoan bihurtzearena. Athletic bere bazkideena da. Taldea bazkideena izaten jarraitzearen alde borrokatuko dugu”, azaldu du.

San Mameseko auziaren gainean, berriz, azaldu du informazio eskaeraren bat egon dela: "Hori da dakigun bakarra. Instituzioek eman dute, eta horiek ere lasai daude".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, nabarmendu du San Mamesen eraikuntzak “munduko berme juridiko guztiak” dituela. Dena den, txostenaren arrazoietako bat kirol taldeen izaera juridikoan eta erregimen ekonomikoan oinarrituta dagoela azaldu du, “eta hori ez da Gobernu honen arazoa”.

Ikertu eta argitu

Haserre agertu da, ordea, gaur Emily O'Reilly Europako arartekoa Joaquin Almunia Lehia komisarioarekin. Europako Batzordeak Espainako Ligako zazpi futbol klubi egin nahi dien ikerketa atzeratzea leporatzen dio —tartean dira Athletic eta Osasuna—, eta gehiago ez egiteko eskatu dio.

Gainera, iradoki du Almuniak interes gatazka duela Athleticeko zalea delako. "Konfiantza osoa dut bihar ikerketa irekiko dela, gertaerak ikertzeko eta zalantzak argitzeko", esan du arartekoak.

"Salaketa horri ez dio erantzun batzordeak, lau urte baino gehiagotan. Ez da soilik administrazio txarraren kontua, baizik eta europarrei interes gatazka egon dela irudi liezaieke, komisarioetako batek horietako klub batekin duen harreman estua dela eta", nabarmendu du komunikatu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.