mendia

Juanito Oiarzabal ez zen Shisha Pangmako tontorreraino heldu

"Gaua, nekea eta buruko linternaren argi mugatuarengatik kalkulu akats bat izan genuen. Goizean gailurrera begiratu eta ikustean zer bide jarraitu genuen, segituan ohartu ginen egondako lekua ez zela punturik gorena", esan du mendizaleak berak.

2012ko maiatzaren 15a
18:52
Entzun

Larunbatean zabaldu zen Juanito Oiarzabal Shisha Pangmara (8.046 metro) igo zela, Juango Garra, Carlos Pauner eta Ariel Perinetti taldekideekin, baina orain jakin da ez zirela tontorreraino heldu. Eurek aitortu dute. Uste zuten goraino iritsi zirela, baina jaistean ohartu ziren ez zeudela zuzen.

"Gaua, nekea eta buruko linternaren argi mugatuarengatik kalkulu akats bat izan genuen", esan du Oiarzabalek barrabes.com webgunean. "Une jakin batean pentsatu genuen goian geundela, eta balekotzat jo genuen. Shishako tontorrak ez du hala jotzeko gauza berezirik. Goizean gailurrera begiratu genuenean eta ikustean zer bide jarraitu genuen, segituan ohartu ginen egondako lekua ez zela punturik gorena".

Oiarzabal 1998an igo zen Shisha Pangmara, Kike de Pablo eta Iñaki Kerejetarekin. Britainiarren bidetik igo ziren orduko hartan. Joan den asteburuan Iñaki Otxoa de Olzaren izena hartu duen bidetik igo nahi zuten.

Shisha Pangma, Dhaulagiri, Nanga Parbat eta Broad Peak falta ditu Oiarzabalek munduko hamalau zortzimilakoei bigarren itzulia emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.