Juanito Oiarzabal mendizaleak albo batera utzi du munduko hamalau zortzimilakoei bigarren itzulia emateko egitasmoa. Gaur Efe berri agentziari jakinarazi dio Shisha Pangmara igotzeko egindako azken saiakeratik "desilusionatuta" itzuli zela, eta erronka amaitzeko "gogoa eta ilusioa" galdu dituela onartu du.
Haren asmoa orain "lasai" egotea dela adierazi du, eta mendizaletasuna beste ikuspegi batetik bizitzeko gogoz agertu da.
Hala ere, ez du baztertu "urtebeteren eta bi urteren buruan" egitasmoa berriro hartzea.
Shisha Pangma, Dhaulagiri, Nanga Parbat eta Broad Peak falta ditu Oiarzabalek munduko hamalau zortzimilakoak bigarrenez igotzeko.