Euskaltel-Euskadik besoak goian agurtu ditu zaleak aurten Euskal Herrian korritu duen azken lasterketan. Juan Jose Lobato txirrindularia izan da guztietan azkarrena 68. Getxoko Zirkuitoan, Rikardo Otxoaren omenez egin den 13. memorialean. Lobatok aurrea hartu die gainontzeko faboritoei Arkotxa gaineko azken igoeran, eta lau segundoren abantailarekin sartu da helmugan. Bretagne taldeko Armindo Fonseca izan da bigarren sailkatua, eta lau segundoko atzerapen berarekin sartu da hirugarren Cofidis etxeko Egoitz Garcia.
Lobatok 2011n erdietsi zuen balentria errepikatu du, eta Frantziako Tour oso txukun bat egin ostean, behar-beharrezkoa zuen garaipena eman dio talde laranjari.
Lasterketa osatzeko zirkuituari eman behar zaizkion hamar itzulietatik hirugarrenean osatu da eguneko ihesaldia, hemeretzi txirrindulariz osatua, baina ez du helmugara iristerik izan; batik bat, atzealdean Euskaltel-Euskadiko eta Movistarreko txirrindulariek egin duten lanaren erruz. Dena erabaki da, beraz, %14ko malda-tarteak dituen azken aldapan, eta, orain bi urte gertatu bezala, Lobato izan da indartsuena.
Getxoko Zirkuitua 1.1 mailako nazioarteko lasterketa da; 170 kilometroko ibilbidea du, eta UCI Pro Tourreko egutegian sartuta dago.