2002ko maiatz bukaerara jauzi egin nahi du Juanma Garate txirrindulari irundarrak. Giro dotorea osatu zuen orduan, eta antzera egin dezakeen jakiteko irrikaz dago Vueltaren atarian. Lampre taldean jarraituko du heldu den urtean (kontratu berria sinatzear da), eta sailkapen txukuna lortuta eskertu nahi du eman dioten konfiantza .
Iaz, Espainiako Vuelta bukatzear zela, erori egin zinen, eta aurten Giroa lesio bategatik ezin korritu geratu zinela badakigu. Zer gertatu zen eta zein bilakaera izan du lesio hark?
Beno, itxuraz ez zen erorketa larria izan. Zauri bat egin nuen, baina ondo osatu nintzen, eta kriteriumen bat edo beste ere korritu nuen. Neguan entrenatzen hasi nintzen, eta bat-batean belauneko mina sentitu nuen. Urtarrilaren 13a zen, eta mina kolperik hartu ez nuen belaunean hasi zitzaidan. Orduz geroztik, eta mina benetan zerk eragiten zidab jakin arte, gurutzebidea... Apirilaren 11n artroskopia egin zidaten, eta tolesdura sinobiala atzeman zidaten. Ebakuntza egin, hiru asteko derrrigorrezko atsedena hartu, eta maiatzean hasi nintzen entrenatzen.
Giroan laugarren izan zinen iaz; aurten aukera bikina zenuen 2002koa zortea ez zela izan berresteko.
Neguan bete-betean aritu nintzen entrenatzen, Euskal Herriko Itzulia, Lieja-Bastogne-Lieja eta Giroa ondo prestatzeko.Gogorra izan zen ez joatea, gauza asko erakusteko aukera ona baitzen Giroa: gorantz egiteko gai nintzela, itzuli handietan lehiatzeko gaitasuna nuela, laugarren postua kasualitatea ez zela izan. Hiru asteko itzulietan, urtetik urtera hobera egin dut, eta bilakaera horrek joera bera izango zuen jakin ezinik geratu nintzen.
Gogorra izan al zen?
Bai, batik bat arazoa zein zen bilatu ezinik ibili zirelako medikuak. Ebakuntza egin arte, gaizki egon nintzen. Mediku batetik bestera, probak, infiltrazioak... Entrenamenduak utzi, 10 egunen buruan berriz ekin eta 20 minutura etxera bueltatu beharra, ezinean, gogorra da.
Eta noiz hasi zinen burua altxatzen?
Ebakuntza egin ostean. Gimnasiora joan eta igeriketa egin nuen hasieran, eta maiatzean urteko bigarren denboraldi-aurreari ekin nion, neguan egiten dugun legez. Egutegiak ekaina zela zioen, eta ni, abendua balitz bezala prestatzen ari nintzen.
Eta entrenatzen hasi eta gero, nola ikusten duzu zeure burua Vueltaren atarian?
Uztail bukaera arte asko entrenatu naiz, indartsu, gainera. Brixiako Itzulian korritu nuen lehen proba, Italian, eta ondo ikusi nuen neure burua. 10 hilabete ziren probarik korritzen ez nuela, eta balantzea ona izan zen. Gero Portugalgo Itzulia egin nuen, eta gustura aritu nintzen. Taldeak ere estutu egin ninduen apur bat, bi-hiru asteko probetan buruko indarrari bere horretan eusten nion jakiteko, Vueltarako prest nengoen jakiteko.
Eta prest zaude?
Baietz uste dut. Etapa garaipenen bat bilatzen saiatu naiz, 12. postuan sailkatu naiz orokorrean, eta urtebete lehiatu gabe egon eta gero, aintzat hartzeko sailkapena dela uste dut.
Eta nola ikusten duzu Vuelta?
Printzipioz, Giroan egin nahi nuena egiteko asmoarekin korrituko dut Vuelta.
Baina horrek sailkapen orokorreko laugarren postua edo podiuma esan nahi du.
Buf! Ez dakit. Giroa eta Vuelta zeharo ezberdinak dira. Giroa lasai-lasai hasten da, utzi egiten dute. Vueltan, egurra hasieratik hasten da, erritmoa eta tentsioa handiagoak dira, etapak suzkoagoak... Ni diesel samarra naiz, eta, alde horretatik, Vuelta ez da on-ona ere niretzat. Nire helburua noraino hel naitekeen jakitea da; Giroa ez den hiru asteko beste lasterketa batean lan txukuna egin dezakedan jakin nahi dut.
Askatasuna izango al duzu zeure nahierara jarduteko? Lampreko taldeburua izango da Garate?
Taldeak nigan konfiantza du. Motibazio handia ematen dit horrek, eta nigan duten konfiantzaren mailako emaitza lortzea espero dut. Wladimir Belli izango dut alboan, eta kontent nago.
Eta zein emaitza lortu behar duzu Lampreko arduradunek eman dizuten konfiantza eskertzeko?
Neure buruari erreparatuta, lehen hamarren artean sailkatu behar dut, bai edo bai. Baina errealitatea bestelakoa da, eta sailkapen hori lortzea ez da erraza. Ez dakit noraino hel naitekeen, eta nahiago dut helburu zehatzik ez jarri. Agian, iazko Giroko sasoi berean jardun dezaket, eta lan bikaina egin; agian, lehertu egingo naiz Pirinioetan. Bi astez lehiatu naiz urte osoan, eta loteria da. Hala ere, burua Vuelta bete-betean lehiatzeko prest daukat, hori ziur.
Hiru asteko beste itzuliak osorik korritu ez dituzten txirrindulariek irabazi dute Vuelta azken bi urteetan. Zu zeu horietako bat zara.
Bai, neu, Igor Galdeano, Sevilla, Banestoko bizpahiru, Bianchiko Casero eta Plaza... Horiekin egon nahi nuke. Ez dago faborito garbirik, Ullrichen moduko bat. 10-15 txirrindularik dute aukera, eta horien artean ez da tarte handirik izango, erlojupekoan izan ezik. Parekatua izango da.
Ibilbideak ere ez dizu mesede egiten. 100 kilometro daude erlojupekoan eta mendate ia denak egokiak dira ordokizaleentzat.
Mendiko bukaerek txirrindulari indartsuei, erlojupekoan iaioak direnei egiten diete mesede. Igor Galdeano eta Aitor Gonzelezentzat ezin egokiagoa da. Ez dago hauek atzera ditzakeen mendaterik, Angliru adibidez. Igotzaileontzat ez da Vuelta ona. Erlojupekoetan minutu zakukada galduko dugu, eta Pirinioetan ez dago ordokizaleak atzean uzteko adinako pendizik.
JUANMA GARATE . «Nire jarduna loteria da; Giroan egin beharrekoa egin nahi nuke Vueltan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu