Juaristik eta Olazarrek Sagardoaren Txapelari eutsi nahi diote

Iazko txapeldunak dira faborito Oñatz eta San Miguelen aurka bihar jokatu beharreko torneoko finalean

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Juaristi eta Olazar iazko txapeldunek Oñatz eta San Miguelen aurka jokatuko dute bihar, Galarretan, Sagardoaren II. Torneoko finalean (16:00). Torneo luzeak neguko azken asteak girotu ditu Hernaniko pilotalekuan, eta bihar jakingo da txapeldunak nor diren. Juaristik eta Olazarrek jokaturiko lau partidak irabazi dituzte, eta eurak dira faborito. Oñatz eta San Miguel, berriz, finalerdietan Zeberio eta Zubizarretaren aurka ezustekoa eman ondoren sailkatu dira (40-33).

Bi bikote desberdin dira. Juaristi eta Olazarrena sendoa da, gutxi galdu eta elkar oso ondo hartu duena. Finalerdietan 40-29 irabazi zieten Etxeberria IV.a eta Etxeberria III.ari, partida osoan agindu ondoren. Oñatz eta San Miguelen a, berriz, gazteagoa da. Atzelaria zaildua dago, eta hark hartzen du piloteoaren zama. Alboan, Oñatzek 26 urterekin jokatuko du lehen finala. Lau urte daramatza erremonte koadro profesionalean, eta kidearen lana baliatzen saiatuko da.

Palan, berriz, gaur jokatuko da asteburuko jaialdia, Mungian (19:00). Buruz buruko munduko txapelketako finalerdietako ligaxkako azken jardunaldiko partidak jokatuko dira, eta Vladimir Lujanek eta Xabier Ibargaraik finalerako txartela izango dute jokoan. Biak atzelariak dira, eta ligaxkako partida bana galdu eta irabazi dute. Kubatarra buruz buruko txapeldun izandakoa da; Ibargaraik, berriz, ezustekoa eman du txapelketan. Irabazleak Pablo Fustoren aurka jokatuko du heldu den asteko finalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.