Judith Arndt alemaniarrak irabazi du Munduko Txapelketako erlojupekoa

Iaz Kopenhagen lortutako balentria berdindu du, Evelyn Stevens eta Linda Villumsen menderatuta

unai zubeldia
Donostia
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Atera du arantza Judith Arndt alemaniarrak. Olinpiar Jokoetan ez zen lasai geratu zilarrezko domina lortuta, eta xehetasun guztiak zainduta prestatu du Munduko Txapelketa. 36 urte beteak ditu, eta erretiroa hartzekoa zen larunbateko proba amaituta, baina ikusi egin beharko da atzo irabazi izanak beste urtebeterako indarra ematen dion edo ez. Arndtek 32.26 minutu behar izan zituen lanak amaitzeko; 34 segundora geratu zen Evelyn Stevens (AEB), eta 41era Linda Villumsen (Zeelanda Berria). Emma Pooley britainiarra podiumetik kanpo geratu zen, 49 segundora.

Junior mailako emakumezkoen erlojupekoa ere jokatu zen atzo, eta bikain aritu zen Lourdes Oiarbide arabarra. Ez zegoen faboritoen artean, baina hamabi segundo eskasera geratu zitzaion brontzea. Elinor Barker britainiarrak irabazi zuen erlojupekoa, aise, 22.26 minutuko denbora eginda; Cecilie Uttrup danimarkarrak lortu zuen zilarrezko domina,36 segundo gehiago behar izan baitzituen, eta Demi de Jong herbeheretarrak brontzea, 1.03 minutu gehiagorekin. Oso estua izan zen lehen hamarren arteko lehia, zazpi segundo eskasen aldea besterik ez zelako izan Emily Roper (Australia) laugarrenaren eta Oiarbideren artean.

Tony Martin faborito

Gizonezkoen elite mailako erlojupekoaren txanda izango da gaur Munduko Txapelketan. Bradley Wiggins eta Chris Froome britainiarrak eta Fabian Cancellara suitzarra lehiatik kanpo direla, Tony Martin alemaniarra da urrezko domina lortzeko faborito argia. Iaz ere hark irabazi zuen erlojupekoa, Kopenhagen, eta ibilbidea aproposa da beretzat. Tourrean erori ondoren, iaz baino apalago ibili da, baina Espainiako Vueltan ihesaldiren batean erakutsi zuen pedal kolpe onarekin zegoela. Aurretik, Olinpiar Jokoetan, zilarrezko domina eskuratu zuen, Wigginsen atzetik. Joan den igandean ere, haren taldeak irabazi zuen urrezko domina taldekako erlojupekoan, Omega Pharma-Quick Stepek.

Heerlen herritik Valkenburgera, 54 kilometrokoa da ibilbidea, eta hiru igoera dauzka tartean: Sint Remigiusstraat —kilometro bat, eta %7,7ko batez bestekoa—, Rozekoel-Bundersberg —800 metro eta %5,4—, eta Cauberg —1,2 km eta %5,8—. Alberto Contador (Espainia), Fredrik Kessiakoff (Suedia), Tejay Van Garderen eta Taylor Phinney (AEB) dira, itxura batean, Martinengandik gertu ibili beharrekoak. Jonathan Castroviejo bizkaitarra, berriz, 15:02an abiatuko da. Gaur lehian ariko ez den arren, Roman Kreuziger albiste izan zen atzo, Saxo Banken ariko delako 2015era arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.