Julen Aginagalde (Irun, 1982) Espainiako selekzioko jokalaria Munduko Txapelketako zazpiko talderik onenean sartu du Nazioarteko Eskubaloi Federazioak. Zazpikoa: Niklas Landin atezaina (Danimarka), Timur Dibirov hegalekoa (Errusia), Alberto Entrerrios laterala (Espaia), Julen Aginagalde pibota (Espainia), Domagoj Duvnjak zentrala (Kroazia), Laszlo Nagy laterala (Hungaria) eta Hans Lindberg hegalekoa (Danimarka) laterala.
Irungo Bidasoko harrobiko jokalaria da Aginagalde; han aritu zen 1999-2006 artean. Ondoren, Ademar Leonen (2006-2009); gero, Ciudad Realen (2009-2011), eta, harrezkero, Atletico Madrilen da. 2012ko munduko hirugarren jokalari onena izendatu zuten duela gutxi.
Espainiako Estatuan jokatu berri den Munduko Txapelketan batez beste 3,6 gol sartu ditu. 38 jaurtiketa egin ditu, eta 29 gol sartu (%76). 180 minututan jokatu du; batez beste, 22,5 minutu. "Garrantzitsu sentitzen naiz, eta gustura nago ardura horrekin", esan zion BERRIAri torneoa hasi aurretik.
Espainiak irabazi du txapelketa, finalean erakustaldia emanda: 35-19 irabazi zion atzo Danimarkari. Aginagaldek bost gol egin zituen. Mundialeko bere bigarren titulua du Espainiak; 2005ean lortu zuen aurreneko aldiz.
Mikkel Hanssen izendatu dute Munduko Txapelketako jokalaririk onena; 2011n ere izendatu zuten.
Anders Eggert danimarkarra izan da golegile nagusia, 55ekin.