Eskandaluarekin hasi da Espainiako selekzioaren egonaldia Errusiako Munduko Kopan. Luis Rubiales buru duen Espainiako Futbol Federazioak kargugabetu egin du Julen Lopetegi azken bi urteetan selekzioko hautatzaile izandakoa, txapelketa hasi bezperan eta Espainiak lehen partida jokatu baino bi egun lehenago. Arrazoia? Real Madrilek atzo jakinarazi zuela hiru denboralditarako kontratua adostu duela entrenatzaile asteasuarrarekin eta Lopetegik ez ziola Espainiako Federazioari horren inguruko inolako argibiderik eman.
"Ez da justua gure langile batek halako negoziazio bat egitea guri ezer esan gabe. Agiri bat kaleratu baino bost minutu lehenago izan genuen guztiaren berri, eta hori ezin da izan. Lan bikaina egin du Lopetegik, baina moduak ere garrantzitsuak dira. Errespetu handia diot Lopetegiri. Sekulako entrenatzailea da. Horregatik, oso zaila egin zait erabaki hau hartzea. Baina, esan bezala, moduak oso garrantzitsuak dira", esan du Rubialesek.
Fernando Hierro Real Madrileko jokalari ohi eta Espainiako selekzioko kirol zuzendari zenak ordezkaztuko du. Espainiak ostiralean jokatuko du lehen partida Errusiako Munduko Kopan, Sotxin, Portugalen aurka.