Bederatzi hilabetez borrokan aritu ostean, bart hil da Jules BIanchi 25 urteko pilotu frantziarra. Iazko urriaren 5ean, Suzukako (Japonia) zirkuituan, errepidea txarto zegoenez, autoaren kontrola galdu, eta Adrian Sutil pilotuaren autoa eramaten ari ziren garabia jo zuen Bianchik.
Nizan jaio zen Bianchi, 1989ko abuztuaren 3an, eta 2012an heldu zen lehenengoz 1 Formulara, Force India taldeko ordezko pilotu gisara. Hala ere, beste urtebete itxaron behar izan zuen handien aurka lehiatzeko, Errusiako Marussia taldearekin. Geroztik, hainbat lasterketatan hartu zuen parte. Baina puntuaketa hoberena Monakoko iazko Sari Nagusian lortu zuen, bederatzigarren tokia eskuratuta.