Itzulia

Julian Alaphilipperentzat etapa eta lidergoa Itzulian

Txirrindulari frantziarra Primoz Roglici nagusitu zaio esprintean, Zarautzen. 23 segundora iritsi dira Pello Bilbao, Gorka Izagirre, Romain Bardet, Nairo Quintana eta Mikel Landa, besteak beste. Ion Izagirrek 51 segundo galdu ditu.

2018ko apirilaren 2a
07:13
Entzun

Julian Alaphilippe (Quick Step) eta Primoz Roglic (Lotto-Jumbo) izan dira Euskal Herriko Itzuliko lehen etapako txirrindulari indartsuenak. Elkano gaineko aldapa tenteetan aurrera egin dute, eta bakarrik helmugaratu dira Zarautzen. Frantziarra nagusitu da, eta horri esker, lehen postuan da sailkapen nagusian. Lau segundora dago esloveniarra. 29ra dago, berriz, Pello Bilbao (Astana), hirugarren postuan. 11 txirrindulari daude 33ra, tartean Gorka Izagirre (Bahrain), Romain Bardet (Ag2r), Nairo Quintana eta Mikel Landa (Movistar), Rigoberto Uran (Cannondale) eta Bauke Mollema (Trek). Atzerago, 1.01era daude Ion Izagirre eta Vincenzo Nibali (Bahrain).

Etapako jardunari dagokionez, euskal txirrindulariak nabarmendu egin dira kilometro askoan. Izan ere, Zarautzen abiatu eta berehala lau txirrindularik egin dute ihes, eta hiru euskal herritar zeuden tartean: Jonathan Lastra (Caja Rural), Ibai Salas (Burgos) eta Aitor Gonzalez (Murias). Amanuel Ghebreigzabhier eritrearrak (Dimension Data) ere egin du aurrera haiekin. 75 kilometro egin dituzte ihesean, eta lau minutu pasatxoren aldea izan dute.

Baina Maddiolan gora Thomas De Gendtek (Lotto-Soudal) erasoa jo du atzetik, eta harrapatu egin ditu. Dario Cataldo (Astana) joan da haren atzetik. Hala, laukotea seikotea bilakatu da. Orioko tarteko esprintean, Gonzalez izan da azkarrena, eta minutura pasatu da tropela. Salas atzean geratu da gero, eta seikotea boskote bihurtu da. Aldea handituz joan dira iheslariak, bi minutu eta erdira, baina faboritoen taldeak atzean serio lanean hasi eta aldea ziztu bizian joan da behera. Hala, tropelak harrapatu egin du taldetxoa 26 kilometro falta zirela, Aia mendateko lehen aldapetan.

Sky, Movistar, Lotto-Jumbo... talde indartsuenak tropel buruan iritsi dira Elkano gaineko lehen maldetara. Oilarren txanda zen, eta lehia horretan berehala nabarmendu dira Roglic, Alaphilippe eta Quintana. Kolonbiarra, ordea, atzean geratu da gero, eta esloveniarra eta frantziarra iritsi dira elkarrekin azken esprintera. Alaphilippe izan da azkarrena.

Bihar bigarren etapa jokatuko dute, Zarautz eta Bermeo artekoa, 166,7 kilometrokoa. Lehia gogorra espero da, horretarako ibilbidea izango baitute txirrindulariek. Lau mendate igo beharko dituzte: Natxitua, Almika-Sollube, Jata eta San Pelaio, gogorrak guztiak. Azken mendatearen gailurra, gainera, helmugatik sei kilometrora besterik ez dago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.