Pilota. Buruz Buruko Txapelketako finala

Justiziaren txapela jantzi du

EPELek erabakia aldatu du, Xala Aspeko buruarekin bildu ondoren, eta uztailaren 3ra arte atzeratu du buruz buruko finalaLekuinekoak bere abokatuak geldiarazi ditu Asperen bilera eskaintza jaso duenean

Xala, Julen Retegiren aurkako buruz buruko finalerdiko garaipena ospatzen, Iruñeko pilotalekuan. 42 egun geroago jokatuko du finala. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Xalak lehen txapela irabazi du. Egiarena, justiziarena. Lekuinekoa Aspeko ordezkari batekin bildu zen atzo eguerdian, eta Eskupilota Enpresen Liga iritziz aldatzera behartu zuen. Enpresek eta epaile bakarrak «ez ohiko» erabakia hartu eta buruz buruko finala uztailaren 3ra atzeratu zuten. Ordu batzuk lehenago pilotariak bere abokatuak geldiarazi behar izan zituen Donostiako epaitegietara joateko prest zeudenan, enpresak hitz egitea onartu zuelako. Aspeko pilotariek goizez Xalari herenegun emaniko babesa enpresaren aurrean berrestu izana ere erabakigarria izan zen.

Enpresen Liga atzera egitera behartu egon zen atzo, finala 19an jokatuko zela berretsi eta bi egunetara. Xalak ausardiaz jokatu du, eta pauso historiko bat eman du pilota profesionalaren alde. Iragan astelehenean enpresarekin hitz egiteko nahia publiko egin zuen, «bere finala» jokatzeko, eta auzibideetara jotzeko mehatxua jarri zuen mahai gainean. BERRIA-k atzo jakin ahal izan zuenez, Lekuinekoaren defentsaren inguruko iturrietatik, abokatuak Donostiako epaitegira joateko prest zeuden, eta pilotariak zain egoteko esan zien.

Jean Paul Gibert Xalaren abokatua Donostiako abokatu bulego batekin bildu zen herenegun, salaketa jartzeko modurik zegoen ikertzeko. Zirrikituren bat aurkitu zuten, eta hala jakin zuen pilotariak. Abokatuek atzo eguerdira arteko epea zuten salaketa jarri eta finala bertan behera uzten saiatzeko. Pilotariak enpresari jakinarazi zion, eta Aspetik bilera batera deitu zuten.

Xalak abokatuei jakinarazi zien, eta Aspeko buruetako batekin bildu zen Donostian, Fernando Bidarte presidentearekin ziurrenik. Pilotaria abokatu gabe agertu zen eta bakarka hitz egin zuten, aurrez aurre. Xalak bere argudioen, mediku txostenen eta emaniko pausoen berri eman zion. Ordu batzuk lehenago Aspeko pilotariek iragan astelehenean Xalari ohar publiko baten bitartez emaniko babesa berretsi zuten, eta euren iritziak ere izan zuen eragina. Presio asko ziren guztira, ezin da ahaztu ere Ipar Euskal Herriko hainbat alkatek publikoki emaniko babesa, eta zeharka luzaturiko mehatxua. Azkenean egoerak gainezka egin zion Asperi eta iritziz aldatu zuen.

«Aspek berriz ere pentsatu ditu gauzak», laburbildu zuen erabakian murgilduriko ahotsetako batek. EPELek arratsaldean eskegi zuen erabaki aldaketa Aspe eta Asegarceko webguneetan. Gaztelania hutsean idatzitako oharrean, «ez ohiko» neurri bezala aurkeztu zuen buruz buruko finala uztailaren 3ra atzeratzea. Erabakia Eskupilota Pilota Enpresen Liga elkarte mugatuaren administrazio kontseiluak hartu zuen, «azken egunetan buruz buruko txapelketaren finalaren inguruan gertaturikoaren harira». Atzerapena oso ondo hartua izan Aspeko pilotarien artean.

Finala uztailaren 3an jokatuko da, beti ere Xala ordurako sasoi betean jokatzeko moduan badago. Hala ez balitz ez litzateke jokatuko, eta Olaizola II.a litzateke txapeldun. Ohar berean,EPELeko epaile bakarrak hilaren 8an harturiko erabakiak arautegiarekin bat zetorrela irakur zitekeen, ez baitzegoen helegiterik jartzeko aukerarik. Borja Osesen erabaki ahalmena ezbaian gelditu da, eta «pilota enpresetako prentsa bulegoek webguneetan kaleraturiko oharrari mugatzen» zela adierazi zion egunkari honi.

Xalarekin hitz egitea ezinezkoa izan zen atzo. Asperen jarrera, berriz, Iñaxio Errandoneak azaldu zuen, Radio Euskadi-n,eta «buruari buelta asko emateko eguna» izan zela onartu zuen: «Xalarekin bildu gara, eta uztailaren 3rako sasoi betean egongo dela ziurtatzen dutenmediku txosten batzuk erakutsi dizkigu, eta erabaki hori hartu dugu. Egunotan Xalak ilusioz hartu du prestaketa, pentsa, bihar [gaur] pilotaleku entrenamendu bat egin behar du, berrindartze lana modu ikusgarrian doa eta uztailaren 3rako sasoi betean egongo dela uste dut».

Asegarcek, bere aldetik, ez zion trabarik jarri erabakiari, ulertu zuen eta balorazioa egiteko garaian, epaileak egin bezala, ohar ofizialera mugatu zen. Pilotariek, aldiz, euren iritzia plazaratu zuten. Oinatz Bengoetxeak 15:00ak aldera jakin zuen albistea, eta gero zintzo hitz egin zuen. «Kontentu gelditu naiz, lasaitu handia hartu dut. Ni Xalaren alde nengoen guzti honetan, eta oso gogorra egiten ari zitzaidan. Are gehiago astelehenean eman zuen prentsaurrekoaren ondoren, eta gertatu zitzaiona entzunda. Har zitekeen erabakirik onena zen». Leitzarrak 140 sarreratik gora zituen hitzartuak, eta Leitza aldean hainbat autobus antolatuta zeuden, baina bertan behera uztea ez da buruhaustea izango. «Jendeak ulertu du, ez dago arazorik».

Aimar Olaizola ere poztu zen erabakiarekin, «Xalak jokatzea merezi du. Har zitekeen erabakirik onena da pilotari eta pilotazaleentzat, ezer arrarorik ez bada gertatzen hilaren 3an jokatu ahal izango dugu». Beste bi astez itxaron behar izatea ez da arazo izango berarentzat. «Lehen egunetik esan nuen ez nuela arazorik uztailaren 3ra arte itxaroteko. Azken egunetan gorabehera asko egon dira, eta txip-a aldatu beharko dut, baina hau guzti hau ez da arazoa niretzat». Buruz buruko finalistak ez du aldaketa handirik egin beharko prestaketan, eta beldur gehiago dio neke psikologikoari sasoi fisikoari eusteari baino. Atzo bertan asteburu honetan binaka jokatu nahi duela jakinarazi zion Asegarceri.

Logikoa denez, bertan behera gelditu da gaur goizerako deitua zegoen pilota aukeraketa. Hala ere, finalerako sarreren erreserba eginda zuenak gaur jaso ahal izango ditu Bilbokopilotalekuko txarteldegietan, 12:00etatik, 13:30etara; eta arratsaldean Iruñeko Labriten, 19:00etatik, 20:00etara. Xalak bere sarrerak berreskuratuko ditu, Bengoetxeak itzulita. Enpresek ez dute zehaztu jasotzen ez diren sarrerak berriz ere salgai jarriko diren.

Xalaren erlojupekoa

Xalak hemezortzi egun ditu erabat indartzeko. Astelehenean hasi zela kontuan hartuta, hiru aste dira guztira. Bere medikuek aski direla esan zuten herenegun, laparoskopia bidezko ebakuntzak ez direlako hain agresiboak. Txema Urrutia Aspeko medikuak ere posible ikusten zuela adierazi zuen lehen egunetik. Xala igerileku lana egiten hasi zen iragan astelehenean, eta gaur pilotalekura abiatzekoa da. Aurrekariek garaiz iritsiko dela diote, eta jokatuko duela jakiteak lagunduko dio, minari eusteko gogoa aldagai garrantzitsua baita.

Aspen duela zortzi hilabete egon zen beste apendizitis kasu bat, Mikel Olazabalena, eta ebakuntza egin eta hemeretzi egunetara hiru partida jokatu zituen hiru egunetan. Juanfran Osasunako jokalari ohia ebakuntza egin eta bi astera entrenatzen ari zen. Javi Salgadok, berriz, 2003an, hiru aste nahikoak izan zituen berriz ere jokatzeko. Azkenik, Abebe Bikila handiak, 1964an, ebakuntza egin eta hamar egunera Erromako maratoian parte hartu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.