Wisla Plock 32-25 Bidasoa

Justu-justu dago bizirik

Bidasoak zazpi golen aldeaz galdu du Wisla Plocken pistan, eta balentria egin beharko du itzulikoan, Artalekun, sailkatzeko

Kauldi Odriozola, jaurtitzear, atzo, Bidasoak Wisla Plocken pistan jokatutako partidan. JUREK STANKOWSKI.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Wisla Plock. Stevanovic, Daszek (9, 3p), Stenmalm (1), Susija, Mihic (2), Sulic (6), Mlakar (2) —hasierako zazpikoa— Morawski, Zdrahala, Matulic, Ruiz (1), Szita (6), Zabic, Igropulo (1p), Czaplinski eta Mindegia (4).

Bidasoa. Ledo, Crowley (1), Kauldi Odriozola (3), Esteban Salinas (5), Renaud-David (2), Rodrigo Salinas (2), Azkue (7) —hasierako zazpikoa—; Rangel, Cavero, Serrano, De la Salud (1), Santano, Tesoriere, Da Silva, Bartok (4) eta Seri.

Markagailua. 3-2, 6-4, 7-6, 11-8, 16-9, 17-11

(atsedenaldian); 20-14, 23-17, 25-18, 27-21,30-24 eta 32-25.

Epaileak. Bonaventura ahizpak (Frantzia). Bi minutuz kanporatuak: Wisla Plockeko Daszek, Susja eta Zabic; eta Bidasoako Rodrigo Salinas eta Kauldi Odriozola. Txartel gorria atera zioten Wisla Plockeko Stenmalmi, hirutan bi minutuz kanporatua izan eta gero.

Bestelakoak. 3.500 ikusle inguru Plockeko Orlen Arenan.

Garbi bezain gordin mintzatu zen Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzailea Wisla Plocken aurkako Txapeldunen Ligako kanporaketan aurrera egiteko dituzten aukerez galdetuta: «Wisla Plockek %70 ditu, eta guk, %30. Gu baino koska bat gorago daude». Zoritxarrez, asmatu egin du Cuetarak bere iragarpenarekin. Joaneko partidan oso argi geratu da Poloniako taldea Euskal Herrikoa baino koska bat gorago dagoela. Emaitzari erreparatu besterik ez dago Wisla Plocken nagusitasunaz jabetzeko: 32-25 irabazi zuen atzo. Hots, Irungo (Gipuzkoa) taldeak zazpi golen aldea irauli beharko du datorren larunbatean, Artalekun, itzuliko partidan, final-zortzirenetarako sailkatzeko.

Balentria litzateke hori egitea, baina handiagoak gertatu izan dira. Gainera, etxean ariko da Bidasoa, eta, inon lehiakorra baldin bada, inon bere onena ematen badu, bere zaleen aurrean da hori. Eta Artalekun erakutsi ohi duen indarrari eta grinari Txapeldunen Ligaren, klubaren historian urrezko orriak betetzen dituen lehiaketaren xarma gehituz gero, ederra izan daiteke emaitza. Datorren larunbatean hala izatea nahi dute irundarrek.

Baina horretarako asko hobetu beharko dute azkenaldiko jarduna. Sendotasuna defentsan, eta eraginkortasuna erasoan. Bidasoak bi zutabe horien gainean eraiki du azken urte eta erdian izan duen gorakada handia. Baina bi zutabe horiek denbora daramate dardarka, urtea hasi zenetik. Horren ondorioa da lau neurketa jokatuta ez duela bakar bat ere irabazi: hiru galdu ditu, eta bat berdindu. Hala, Asobal ligan nekez izango du aukera berriro bigarren izateko, eta Txapeldunen Ligan oso maldan gora jarri zaio final-zortzirenetarako sailkatzea.

Ezinean ia beti

Hamasei minutu. Horixe iraun zuen parekotasunak atzo: 8-7. Ordurako, irundarrak kontrakarrean arituak ziren (5-2). Orduan jo zuen kolpea Wisla Plockek, gerora erabakigarria izango zena. 6-1eko partziala lortu zuen, eta sei golen aldea egin: 14-8. Etxekoek ezin hobeto aprobetxatu zituzten bisitariek neurketa osoan defentsan eman zituzten erraztasunak. Mindegia nabarmendu zen lan horretan. Erdiko doneztebearrak lehia oso ona jokatu zuen: ondo zuzendu zuen taldea, eta lau gol sartu zituen. Sulicek eta Szitak ere min handia egin zioten Bidasoari: sei gol sartu zituen bakoitzak.

Bigarren zatian, irundarrek defentsan hobetu zuten, eta horrek eta Azkueren lan onak —Bidasoako onena izan zen, zazpi gol sartuta—, bost golera murriztu zuten aldea. Baina Wisla Plockek beti topatzen zuen zuloren bat erasoan gola sartu eta aldea bere horretan uzteko. Azkenean, zazpi golen aldea izan zen. Justu-justu dago bizirik Irungo taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.