Loteria dira penalti jaurtiketak. Batzuetan justizia egiten dute, etairabazteko lan gehien egin duen taldea saritu. Beste batzuetan, aldiz, bidegabeak dira, eta irabazteko meritu bakar bat ere egin ez duen taldea saritzen dute. Atzo, baina, penalti jaurtiketek justizia egin zuten, eta Paraguaiko selekzioa saritu, Hego Amerikako taldeak egin baitzuen ahalegin gehien hutsean amaitu zen neurketa irabazteko. Japoniari irabazita, Gerardo Martinok zuzentzen duen selekzioak mugarri bat ezarri du, atzo arte inoiz ez baitzen final-laurdenetarako sailkatu. Hirutan gainditu zuen ligaxka, baina inoiz ez final-zortzirenetako langa. Japoniak ere ez ditu inoiz jokatu final-laurdenak, eta hori egiteko aukera ona zuen atzo. Takeshi Okadak entrenatutako taldeak, baina, ez zuen garaipena lortzeko ahalegin txikiena ere egin lehiak iraun zuen bi orduetan, eta merezitako zigorra jaso zuen penaltietan. Xuhur jokatu zuen, gutxi egin eta asko jaso nahian. Baina ez zitzaion ondo atera.
Ez da seinale ona penalti jaurtiketak izatea partidako onena. Bada hala izan zen Paraguai eta Japoniaren artekoan. Alde handiz, gainera. Penaltien loteria iritsi aurreko bi orduak luzeak bezain aspergarriak izan ziren. Paraguai beti izan da selekzio gogorra, deserosoa. Atzean sendo aritzearekin eta aurkariaren hutsen bat aprobetxatzearekin konformatu da urte askotan. Martinok taldearen ardura hartu zuenetik, baina, sendotasun horri bizitasuna ere gehitu dio. Ez du bizi-bizi jokatzen, baina bai lehen baino erritmo handiagoan. Munduko Koparako sailkapen ligaxkan eta Munduko Kopako ligaxkan erakutsi zuen. Emaitzek agerian uzten dute apustua ondo atera zaiola: hirugarren izan zen Hego Amerikako selekzioen artean -Brasil eta Txile bakarrik izan zituen aurretik-, eta Hegoafrikako Munduko Kopan, multzoko lehena izan zen, partida bakar bat galdu gabe.
Askoz biziago jokatzen du Japoniak. Futbola abiadura dela konprenitu du Okadak, eta abiadura bizian jokatzeko diseinatu du taldea. Ez da hori egin duen Japoniako lehen hautatzailea. Japoniarrek beti jokatu izan dute horrela, kamikazeen moduan, azkar-azkar, baina bururik gabe. Hegoafrikan, baina, oreka pixka bat gehitu diote euren jokoari. Japoniarrak jada ez dira itsu-itsuan joaten aurkariaren aterantz, atzealdea zaindu gabe utzita. Horri esker, erritmo biziari eta orekari esker, irabazi zioten Danimarkari E multzoko hirugarren jardunaldi erabakigarrian, eta final-zortzirenak jokatzeko sailkatu bigarren aldiz.
Baina batzuetan galtzeko beldurra dago taktika, estilo edo filosofia guztien gainetik. Eta, atzo, bai paraguaitarrek, bai japoniarrek izan zuten galtzeko beldurra, beldur handia. Ondorioa? Bi selekzioek uko egin zioten ligaxkan erakutsitako bizitasunari, ausardiari. Normala da elkarren arteko errespetua egotea, baina ez horrenbestekoa. Atzean eta zelai erdian eustearekin konformatu ziren, eta ez ziren atrebitu arrisku bakar bat ere hartzera. Eta horrela ezinezkoa da golen bat egotea.
Paraguaik izan zituen aukera onenak. Ez zen izan kasualitatea, Hego Amerikako selekzioak izan baitzuen baloia eta, ondorioz, ekimena partida guztian. Atzealdean eta zelai erdian txukun aritu ziren paraguaitarrak, eta erraz eutsi zioten Japoniari. Okadak entrenatutako jokalariek izandako jarrera kontserbadoreak ere zerikusia izan zuen horretan. Kostata iristen ziren arrisku apur batekin Villarrek defenditutako atera, eta iristen zirenean, beti egiten zuten jokaldi bera: urrutitik jaurti. Area kanpotik egindako jaurtiketa horietako batean izan zuen, hain zuzen ere, Japoniak aukerarik garbiena, baina Matsuiren jaurtiketak langa jo zuen.
Aurrean, ezinean
Japoniak baino baliabide gehiagorekin iristen zen areara Paraguai, baina ez Lucas Barrios, ez Roque Santa Cruz ez ziren fin aritu. Biek izan zituzten aukera onak Kawashimaren atea zulatzeko, baina alferrik, batzuetan zehaztasun faltagatik, beste batzuetan atezain japoniarraren lan onagatik, ahalegin guztiak antzuak izan ziren.
Penalti jaurtiketek saihestezinak ziruditen. Eta hala izan zen. Lehen bost penaltiak sareetara joan ziren. Ez, ordea, seigarrena, Konomanok langara bota baitzuen baloia. Valdezek ez zuen huts egin hurrengoa, ezta Hondak ere. Cardozoren oinetan zegoen penalti erabakigarria. Eta aurrelari paraguaitarrak ez zuen barkatu. Gola, eta final-laurdenetarako txartela.
Pozez txoratzen paraguaitarrak, eta etsita, lur jota japoniarrak. Agur Hegoafrikako Munduko Kopari, agur tristea, gehiago egiteko aukera izan eta egin nahi ez izanak eragindakoa. Okadak badu errua horretan. Hala aitortu zuen berak ere neurketa amaituta: «Zoritxarrez,nik ez diet utzi nire jokalariei irabazten. Oso ondo jokatu dute, bikain, baina anbiziorik gabe. Eta nik dut horren erru osoa. Ez dut jakin nola esan behar nien aurrerago egin behar zutela, ezin ginela berdintzearekin konformatu, irabazi egin behar genuela. Aukera bikaina genuen historia egiteko, baina nire erruagatik huts egin dugu». Arrazoi du Japoniako hautatzaileak. Baina berandu da jada.
Justuak ere badira
Japoniak baino gehiago egin du Paraguaik, eta penalti jaurtiketetan sailkatu da lehen aldiz final-laurdenetarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu