Kaikuk bigarren aldiz jarraian irabazi du Bizkaiko Traineru Txapelketa

Arraunlari propioak eta ez propioak nahastean, 'Bizkaitarra' ontzia ia gaindiezina dela ikusi ahala izan da

Igor Susaeta.
Donostia
2010eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Urdaibaik talde bikaina dauka, baina une honetan, Jose Luis Korta Kaikuren entrenatzaileak koadrila onena uretaratzeko aukera daukanean, Bizkaitarra ontzia gaindiezina da ia-ia. Kupoak direla-eta, San Miguel ligan ezin ditu propioak eta propioak ez diren arraunlariak nahastu, baina atzo den-denak sartu zituen ontziaren tostetan, Lekeition, eta Bizkaiako Traineru Txapelketa irabazi zuen bigarren aldiz jarraian. Urdaibai izan zen bigarren hamar segundora, Zierbena hirugarren, eta Isuntza laugarren. Lau talde horiek, beraz, Euskadiko Txapelketarako sailkatu dira. Datorren asteazkenean jokatuko da, Zierbenan.

Eta irabazteko faboritoetako bat Kaiku izango da. Iaz koadrila onenarekin jardun zenean, ez zuen hutsik egin, eta jokoan jarritako txapelketa guztiak irabazi zituen. Aurten ere bide bera hartu du. Izan ere, koadrila ez da aldatu. Irabazlea da. Horretara ohituta dago. Kortak berak esan zuen bezperan, ez irabaztea porrota litzatekeela. Eta ez zuten hutsik egin. Hirugarren txandan arraun egin zuten Urdaibai, Isuntza eta Santurtzirekin batera. Bizkaitarrak burua hartu zuen segituan, eta bigarren maniobran Urdaibai aurreratu zitzaion arren, Asier Zurinagak gidatutakok ez ziren urduritu. Haizea zela-eta, nahastuta zegoen itsasoa, baina Kaikukoak ondo moldatu ziren nola brankaz hala poparean. Azkenean, gainera, Urdaibairekiko aldea handitu ahal izan zuten.



Sailkapena

BIZKAIKO TXAPELKETA

1. Kaiku 20.17,28

2. Urdaibai 20.27,55

3. Zierbena 20.40,47

4. Isuntza 21.06,00

5. Santurtzi 21.09,35

6. Portugalete 21.15,76

7. Getxo 21.20,62

8. Deustua 21.23,59

9. Ondarroa 21.34,03

10. Mundaka 21.49,26

11. Arkote 21.51,28

12. Lutxana 22.39,60
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.