Irabaztera joan zen Kaikura, aurreko udazkenean, Cristian Garma (Castro Urdiales, Espainia, 1982). Jose Luis Kortak deitu zionean, ez zuen zalantzarik egin. Bazekien irabazteko aukerak izango zituela, eta ez zebilen oker. Kontxako Bandera bigarrenez irabazi du, eta San Miguel liga, aurrenekoz. «Hauxe izan da nire denboraldi onena», aitortu du. Astindu du makina bat bandera, eta gehiago nahi du, oraingo leku berean segitzeko gogoz delako patroia.
Lehen aldiz irabazi duzu San Miguel liga. Zer esanahi ematen diozu?
Denboraldi honetako lehen helburua nuen, eta nire kirol sarietan jartzeko garaipen handia izan da. Kaikura joan nintzenean, denboraldiaren hasieran, liga irabaztea jarri nion helburutzat neure buruari.
Liga aztertuko dugu. Hasieran, Hondarribiak estu hartu zintuzten, eta ez da dudarik ondo zebilela, baina Kaiku bete-betean al zen?
Lehen estropada Zierbenan zen, eta bagenekien Hondarribiak urteetan landutako taldea duela. Ni neu oso urduri nengoen egun hartan, lehen estropada nuelako Kaikurekin, eta ardura zen niretzat, egun berezia. Ondo hasi ginen lanean. Bagenekien 22 arraunlari on ditugula eta emaitzak helduko zirela. Eta Zierbenan hirugarren egin eta gero, hurrengo egunean, Astilleron, irabazle izan ginen.
Liga osoan, estropadaz estropada arraunlariak asko aldatu ditu Jose Luis Kortak, zuen entrenatzaileak, eta horrek ekarri al zuen hasiera hartan emaitzak hain biribilak ez izatea?
Bagenekien talde indartsua genuela entrenatzen hasi ginenean, eta inor ez zela titularra. Berak esan zigun zer nahi zuen lortu: denok dena ematea entrenamenduetan, inork ez sentitzea titularra zela.
Hondarribia ligaren buruan ipini zen, eta estropada batzuk jarraian irabazi zituen. Zuek, talde gisa, zer pentsatu zenuten orduan?
Lasai geunden... ahal zen lasaien. Bandera denak irabaziko genituela kanpotik zetorren zerbait zen. Guk bagenekien hori lortzea oso zaila izango zela. Ikusten genuen ontziaren maila ez zela asko jaisten arraunlarien aldaketak izan arren.
Uztailaren amaiera aldera gora egin zenuten, ligako estropadak eta Bizkaiko nahiz Euskadiko txapelketak irabaziz. Gero etorri zenaren aurrerapena izan al zen?
Pixkanaka arraunketa hobetzen aritu ginen, eta beste helburubatzuk ere betetzen hasi ginen, entrenamenduetan landutakoak eta. Gerora ere lanean jarraitu dugu, eta emaitzak hor daude.
Zarauzko estropadak mugarri izan ziren: kolpea eman zenioten aurkari zuzenari, Hondarribiari. Irabazitzat jo al zenuten liga?
Ez, ez. Hondarribian bertan, guk kale egin genuen, eta haiek irabazi; puntu batera jarri ziren. Alde handia genuen Zarauzkoa pasatu eta gero, hori bagenekien, baina ez zegoen erabakita.
Ligako zein estropada irabazteak egin dizu ilusio handiena?
Zarauzkoak. Edozein arraunlarik nahi du bandera hori irabazi. Berezia da.
Momentu txarrena zein izan da?
Ligaren hasierakoa. Denak guri begira zeuden, faboritoak ginelako, eta ni nintzen patroi berria ontzi horretan. Gero, lan eginez, egonkortu egin naiz, eta klubeko inork ez dit esan lan txarra egin dudanik.
Zer iruditu zaizu aurtengo liga?
Beste urteetan baino lehiatuagoa izan da. Hondarribiaren lana hor dago; Urdaibaik arraunlari asko falta zituen, baina lanak eman ditu; Tiranek taldea egina dauka, eta arriskutsua izan da; gero, Astilleroren lana dago, hainbat arazo izan eta gero; Castro ere asko gustatu zait, arraun egiteko moduagatik batez ere; Pedreñaren aldetik gehiago espero nuen. Gainontzean, hortik beherakoak besteengandik urrun daudela uste dut, inori meriturik kendu gabe. Estua joan da liga, bai goitik eta bai behetik, eta onenetakoa izan da.
Liga eta Kontxa irabazi dituzue urte berean, eta ez du askok lortu hori. Zergatik da zaila?
Beti azaltzen delako ontziren bat egundoko itxura emanez, daudenez gain. Gure helburua dena irabaztea zen, eta Espainiako txapelketan bakarrik egin dugu kale, bigarren egin genuen eta.
Kontxako estropadako bi lanak izan al dira osoenak denboraldi honetan zuen partetik?
Bigarren igandekoa izan zen osoena. Aste horretan bakarrik entrenatu ginen batera talde horrekin, eta gero ikusi zen emaitza: oso indartsu aritu ginen, arraunean ondo eginez, ziurtasunez. Sailkatzeko estropada ere ona izan zen, itsaso txarra zegoelako, eta kezka nuelako ontzia ez ote zen asko txoratuko.
Kontxako bandera irabazi berritan, oso hunkituta zeunden, negar batean. Zer esan nahi du Donostian irabazteak?
Berezia izan da, gure aita bolada txarrean delako. Beti egon da nire ondoan, aholku asko eman dizkit, eta Castroko arraunlari handia izan zen, Ignacio Sarasuaren aginduetara. Etxean, txantxetan ibiltzen gara Kontxa irabaziko dudala eta ez dudala, eta begira, aurten, bigarrenez irabazi dut. Aurrenekoa 2006an izan zen, eta orduan ere Korta nuen entrenatzaile, Castron. Horregatik ere berezia izan da.
Sekulako taldea duzue Kaikun, baina hori ez da nahikoa izaten beti. Zein da zuen indarra?
Kortaren lana hor dago. Aparteko sena du ontzia ondo jartzen. Badakigu nolako entrenatzailea den, eta jolasean bezala ibili da arraunlariak aldatuz, gauzak probatzen, eta, azkenean, jarri egin du ontzia jarri behar zuen bezala.
Hau izan da zure denboraldi onena?
Baietz uste dut. Espainiako Trainerilla Txapelketa ere irabazi dut, eta inoiz ez nuen lortu. Beste taldeetan irabazi izan ditut banderak, baina Kaikurekin ia dena irabazteko aukera edukitzea sekulakoa izan da.
Datorren urtean ere Kaikun ariko zara?
Ezer arrarorik gertatzen ez bada, bai. Orain ari da kluba arraun-lariekin hizketan, eta esperodut jarraitzeko aukera emango didatela. Hala nahi nuke, behintzat.
Cristian Garma. Kaikuko patroia
«Kaikura joan nintzenean, nire lehen helburua San Miguel liga irabaztea zen»
Klub berrira heldu, eta garaipenak pilatu. Horixe egin du Cristian Garmak aurten, Kontxako Banderari San Miguel liga erantsi diolako. Aurrenekoz gailendu da erregulartasunaren lehiaketa horretan, eta oso pozik dago egindako lanarekin. Datorren urtean Kaikun segitu nahi du, eta bigarren denboraldia osatzeko gogoz dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu