Xala 10. Olaizola II.a 22

Kaiola handiegia Xalarentzat

Xalak oso oldarkor ekin dio partidari, eta 8-9kora arte asko estutu du Olaizola II.a, baina bere erritmoarekin itota geratu da geroGoizuetarrak sei tanto lortu ditu saketik, eta perfekzioa ez du urruti izan tarteka

Xala, postura behartuan, atzo, Labriten jokatutako partidan, Olaizola II.a begira duela; oso behartuta aritu zen lapurtarra. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Iraupena. 43.46 minutu.

Saketik. Olaizola II.ak 6, eta Xalak bakar bat ere ez.

Markagailua. 0-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-6, 6-6, 6-7, 7-7, 7-9, 8-9, 8-17, 9-17, 9-19, 10-19 eta 10-22.

Bestelakoak. Lau t'erdiko txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiko partida Iruñeko Labriten. Partida hasi aurretik dirua nabarmen Aimar Olaizolaren alde, 100 40ri.

Buruz burukoan pilotalekuan kabitu ezinda, eta lau t'erdikoan zulo guztiak estali ezinik. Marka da, gero, baina buruz buruko txapeldunarentzat distantzia handiegia da lau t'erdia. Zuloa zabalean, zuloa txokoan, eta zuloa sake-errestoan. Berak jarri zuen erritmo biziak ito egin zuen atzo Xala, eta partida erditik aurrera eroso aritu zen Olaizola II.a, lau t'erdiko txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiko lehen partidan. 10-22. Horrekin dena esanda dago. Lehen partida galduta, behar handiarekin iritsi ziren Xala eta Olaizola II.a bigarren jardunaldira, baina 8-9kotik aurrera partidak ez zuen kolorerik izan. Edo kolore bakarra izan zuen, Aimar Olaizolaren elastiko urdinarena.

Lehen tantotik bertatik hasi zen herrenka lapurtarra. Abisu txiki bat izan zen Olaizola II.aren lehen pilotakada. Lehen kolpean lehen tantoa. Horixe izan zen goizuetarrak saketik egin zuen lehen tantoa, eta 22ra bidean denera sei tanto egin zituen azkenean lehen pilotakadarekin. Abantaila handia da hori Olaizola II.aren gisako pilotari batentzat.

Egiari zor, ordea, serio, oldarkor eta bizi ekin zion partidari Xalak. Lau t'erdi barruan bote jokoan goizuetarra gehiegi estutzerik ez zeukala ulertuta, airez erritmo itoa jarri zuen lapurtarrak. 2-1 eta 4-2 aurretik jarri zen, eta ezkerrez agintzea lortu zuen lehen tanto horietan. Sake-errestoan galdu zuen, hala ere, aginte guztia. 4-5ekoa eta 4-6koa saketik egin zituen Olaizola II.ak. Sei tanto eginda, erdiak saketik. Gehiegi.

Eman eta erantzun, tanto sorta ederra egin zuten bi pilotariek 8-9kora arte. Ezker gantxoa batek zabalera, txokoan goxo-goxo besteak hurrena, hutsen bat edo beste ere bai tartean... eta zuloa. Xalaren zuloa berriz ere, 7-9koan. Goizuetarraren laugarren tantoa saketik. Oreka guztia hautsi zuen Asegarcekoaren lehen kolpe horrek. Eta baita Xalak lehen zati horretan jarri zuen erritmo altu-biziak ere. Olaizola II.a arnasestuka jartzea zen taktika horren helburua, baina lapurtarra bera geratu zen hanketan, eta hauspoan indarrik gabe partida erditik aurrera.

Perfekzioaren arrasto txiki batzuk hasi ziren agertzen 8-9kotik aurrera. Defentsan ikusgarri aritu zen goizuetarra tanto gehienetan, eta erasoan ere asmatu egin zuen hortik aurrera. Sake-errestoa eta txokoan tantoa (8-11); piloteo landua eta ezker gantxo neurtua (8-12); zabaletik zabalera dotorezia eskuinez (8-13); Xalaren 5. zuloa Olaizola II.aren sakean (8-14); ezker gantxo biziaren ondoren txokoan tantoa (8-15)...

Goizuetarrak bi huts besterik ez zituen egin 8-9kotik 10-22ra. 9-17koan, piloteo luzearen ondoren, eta dena eskura zeukanean, txapapera bidali zuen pilota. Eta 10-19koan, Xalaren errestoa kontrakantxara zihoalakoan, pilotari botea egiten utzi eta oparia egin zion lapurtarrari. Gainerakoan txapela jazteko moduan dagoela erakutsi zuen Asegarceko aurrelariak. Garaipen batekin eta porrot batekin, Barriolaren aurkako azken partida irabazi beharrean dago oraindik Olaizola II.a. Baina asko leundu zaio bidea. Xalak, berriz, aukera txiki-txikia dauka finalean sartzeko. Hutsaren hurrengoa.

Irujo, irabaziz gero, finalera

Gaur, berriz, finalerako partida erabakigarria izango da Eibarko Astelena pilotalekuan. Finalerdietako ligaxkako lehen partida irabazita daude Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriola, eta Iberokoa finalean izango da gaur 22ra iristen bada. Lehen jardunaldian 20-22 irabazi zion Olaizola II.ari.

Barriolak 15-22 irabazi zion Xalari, baina gaur egiten duena egiten duela ere, hurrengo astean Olaizola II.ari irabazi beharko dio finala jokatzeko. Botera jokatu zalea da leitzarra, urrutira joan gabe, horrela irabazi zuelako lau t'erdian daukan txapela bakarra, 2001ean, Patxi Eugiren aurka (22-10). Ordutik asko aldatu da, ordea, lau t'erdiko jokoa, eta pilota aukeraketan azaldu zuen Irujoren aurka airez gehiago jokatu beharrean izango dela. Leitzarrari indarra eman dio Xalaren aurkako garaipenak. Irujo ez dago bete-betean, baina, ohi duen joko biziarekin, Olaizola II.a itotzeko gai izan zen lehen jardunaldian. Finalean sartzeko aukera pizgarri izango du, gainera. Dirua nabarmen irtengo da Iberokoaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.