Iraupena. 53.48.
Pilotakadak. 279.
Saketik. Olaizolak lau eta falta bat; Irujok hiru.
Lau t'erdiko pasak. Irujok bat.
Markagailua. 3-0, 3-1, 7-1, 7-2, 9-2, 9-6, 11-6, 11-10, 13-10, 13-13, 13-15, 15-15, 16-15, 16-16, 16-17, 17-17, 17-18, 18-18, 20-18, 20-20 eta 20-22.
Bestelakoak. Jende asko Bilboko Bizkaia pilotalekuan, ia goraino bete zen: 2.800 ikusle inguru. Apustuak parean irten ziren. Euskal presoen aldeko abestiak entzun ziren harmailetan.
Final giroa zegoen Bizkaia pilotalekuan Irujok besoak altxatu zituenean. Txalo artean hartu zuen aldagelarako bidea, pilaturiko tentsioa gainetik kentzeko imintzio bortitzak eginez. Ez zegoen txapelik jokoan, baina hala zirudien: bai jokoari erreparatuta, bai irabazlearen zoramena eta galtzailearen atsekabea aztertuz gero, eta baita ere harmailek zuten itxurarengatik. Bilboko pilotalekua goraino bete zen, eta zale bakar bat ere ez zen irten ase gabe. Erritmo bizian jokatu zuten, partida bikaina izan zen, eta modaz pasatuta dagoela dirudien arren, asko jokatu zuten botera. Irujok 18-20ko emaitzari buelta eman zion azken txanpan, eta lehen pausoa eman du finaleko bidean ligaxkako aurreneko partida irabazita. Xalak eta Barriolak merezi duten errespetu guztiarekin, ezustekoa litzateke atzokoa izatea bi aurrelariek txapelketa honetan elkarren aurka jokatzen duten partida bakarra.
Lau t'erdikoak gora egin du azken urteetan. Buruz burukoak baino zale gehiago seduzitu ditu, eta atzotik kaiolaren defendatzaileek beste argudio sendo bat dute. Bi estiloren arteko talka izan zen: Olaizolaren perfekzioa eta jokoaren ezagutza Irujoren abiada eta indarraren aurka. Piloteoan biek izan zuten erritmo frenetikoa, eta hutsak ikuskizunaren zeharkako kalteak izan ziren.
Eromen ikusgarri horretan murgilduta, Olaizolak hobeto ekin zion partidari. Gustuko pilota atera, eta 7-1 eta 9-2 aurreratu zen. Irujok ezin zuen bere tokia aurkitu, eta aurkariak larrutik ordainarazi zion. Ezker airea kendu zion Irujori, eta delineante instintua azaleratu zuen. Pilota zehatz mugituz, kaiolak handiagoa zirudien. Baina Irujo ez zen abaildu. Berea beste bide bat zen, abiadura behar zuen, eta, horretarako, sakea. Lehen pilotakada izan zen haren aliaturik onena. Ez zituen tanto asko lortu zuzenean, baina piloteoan agintzea lortu zuen. Pilotakada zehatzak bainoago, bortitzak ziren, biziak, eta apurka partida orekatzea lortu zuen (13-13). Beti izan ditu kaiolara egokitzeko arazoak, baina orain gauzak aldatu egin dira. Kaiola egokitu da haren jokora, haren kolpearen abiadara, eta su horrekin barrak urtu ditzake.
Iberokoa hobeto zegoen hauspoz, eta partidari beste abiada bat sartzen saiatu zen (13-15). Aurrera egin zuen, bi pauso, eta oldarkorrago jokatu. Pagotxa aurkitu zuen hormabikoetan, lau tanto egin zituen hala, baina baita huts gehiago egin ere. Olaizola zen eragilea, berriz ere haren zientzia, eta Irujorenak behartutako hutsak. Kantxa erdian geldirik, aurkaria deseroso jokatzera behartu zuen, ezker pareta bilatuz, eta harengan arraroa den arren, hormabikoa ere baliatuz (18-18).
Olaizolak une larrienak pasatuak zituen, eta atsedenak ondo kudeatuz buelta eman zion ahaleginari. Dena den, Irujok eskura jarri zion garaipena, eraman beharreko sake bat kale egin eta eskuinez eginiko huts garbi batekin (20-18). Pilotalekua gori-gori zegoen, ez zen partida arrunta, agerikoa zen, aspaldian lau t'erdian ikusitako onena baizik.
Irujoren sua, baina, ez da erraz itzaltzen, eta berriz gora egin zuen. Olaizolaren sake txar batek lehen pilotakada jotzeko aukera eman zion, eta 20nakoan ezker bolea bikain bat jo zuen paretari itsatsita. Azken-aurreko tantoa saketik egin zuen, eta atzekenekoan, piloteoatua, ikusi zen Iberokoaren hankak freskoago zeudela.
Xala eta Barriola, Eibarren
Xalak eta Barriolak finalerdietako ligaxkako bigarren partida jokatuko dute gaur Eibarren (17:00, ETB1). Faboritorik gabeko partida da, eta apustuak parean irtengo dira. Behin jokatu dute elkarren aurka lau t'erdian, 2004an, Eibarren bertan, eta Barriolak irabazi zuen (22-5). Irabazleak Irujo izango du hurrengo aurkari; galtzaileak, berriz, Olaizola II.arekin jokatuko du heldu den astean.
Olaizola II.a 20. Martinez de Irujo 22
Kaiolako barrak urtu ditu
Irujok saketik min eginez eta botera pilota oso bizi mugituz egin dio aurre Olaizolaren trebeziari, eta finalerdietako lehen puntua duPartida bikaina jokatu dute, bi estiloren arteko talka izan da, final handi baten giroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu