Gogoeta sakon-sakona egiteko aukera paregabea eman du Kolonbia-Boli Kosta honek. Biak hiru punturekin atera dira zelaira, eta biek zekiten irabaziz gero, ia lotu egingo zutela hurrengo faserako sailkatzea. Galtzea, aldiz, lehen egunean lortutako hiru puntuen saria ia ezerezean uztea izango zen. Berdintzea ez zen gaitzik txarrena.
Pentsamendu eta kalkulu horiek erabat baldintzatu dituzte bi taldeak. Tira, zehatzago esateko, bi entrenatzaileak. Bien estrategia. Berez, bi taldeetako jokalarien ezaugarriak ez dira baloiaren atzean jarri eta defentsako lan zurruna egitea. Baina balizko emaitzen gorabeherak baldintzatuta, horretara jarri dituzte bi entrenatzaileek. Gogoeta hortik dator: emaitzak erabat baldintzatu du jokalarien talentua. Kaiolan preso sartuta eduki dute. Beldurrek ezkutuan gordearazi dute jokalarien berezkotasuna. Zilegi dela ez da dudarik, baina zilegi da, era berean, jarrera 'beldurti' horien inguruan iritzia plazaratzea.
Lotuta egon da partida Kolonbiak aurreneko gola sartu duen arte. 64 minutu joan dira hori gertatu arte. Bitartean, bi taldeek elkarren kopia eman izan dute. Lerroak atzeratu ia beti, eta aurkariari erasoko zulo guztiak itxiarazi. Erasoan, berriz, erritmo geldoa, arriskuak ez hartzeko, baloirik ez galtzeko. Oso noizean behin azaldu da bi taldeen berezko izaera: kontraerasoetan. Batez ere Kolonbiak egin du arrisku gehien erasoko baliabide horrekin. Lehen zatian bertan, Teo Gutierrezek bi aukera garbi-garbi galdu ditu alferrik. Boli Kostaren baliabideak izen bat izan du: Gervinho. Espazioa aurretik izan duenean, bereak eta bi egiten saiatu da: baloia eraman, aurkariei buruz buruko jokaldiak egin... baina golik ez.
Gola geldikako jokaldi batean etorri da. Halako partida lotuak askatzeko giltza izan ohi dira, eta gaur ere bai. Kolonbiaren kontraerasoa antolatzen eta josten lan bikaina egin duen James Rodriguezek buruz sartu du gola, Didier Drogbari aurrea hartuta. Ematen zuen orduan aterako zirela kaiolatik preso zituzten askatasuna eta berezkotasuna. Bai atera ere.
Kolonbiak berean segitu du, baina erasoan leku gehiago utzi dizkio Boli Kostak, erasora jokalari gehiagorekin joan beharrean izan delako. 70. minutuan, opari handia egin dio Afrikako selekzioak Kolonbiari: jokoaren sorreran, baloia galdu du, eta Quinterok dotore sartu du gola. Erabakita zegoela ematen zuen emaitza, baina ez. Gervinhok, orain bai, asmatu egin du jokaldi bikaina eta gola uztartzen. 73. minutua zen, eta 2-1.
Hortik aurrera, Boli Kosta erabat egin da baloiaren jabe, eta estu hartu du Kolonbia. Baina aukera garbiak sortzen eta lotzen ez du asmatu. Ezta Kolonbiak ere kontraerasoak gauzatzen eta josten ere. Azkenean, Kolonbiak garaipena. Galtzaileak berriz bi: Boli Kosta, eta bi taldeen berezko jokoak eman zezakeen ikuskizuna. Nahiz eta partida polita atera den. Baina izan zitekeen hobea.