Hamar urte atzera egin berri du futboleko zale batek baino gehiagok. Greziak Eurokopa irabazi zuen 2004an, ezuste galanta emanez. Gaur, beste mugarri bat jarri du selekzioak: aurrenekoz sartu da Munduko Kopako final 1/8etan. Eta Grezia tartean izanda, tragedia kutsuarekin, azken unean.
Boli Kostak bedintzea nahiko zuen aurrera jarraitzeko. Afrikako selekzioarentzat ere lehen aldia izango zen final 1/8etan. Txapelketako ibilia ikusita, batena eta bestearena, afrikarrek aukera gehiago izango zutela ematen zuen. Baina... beste behin ere kale egin dute. Partidaren erdia baino gehiago lo antzean egon dira, eta esnatu badira ere, azkenean kanpoan geratu behar. Eta belaunaldi handi hau (Drogba, Toure anaiak, Kalou, Gervinho...) badoa ezer egin gabe bere selekzioarekin.
Greziak harritu egin du mundu guztia gaur. Fernando Santos entrenatzaileak 2004ko talde haren eredua ondo barneratua dauka, eta defentsako lana du ororen zutabe. Hala egin zuen aurreko bi partidetan: bat galdu, bestea berdindu, eta gol bakarra alde. Baina gaur irabazi egin behar zuen. Ez du asko aldatu ohiko estrategia Santosek; bai akaso ñabardura hau: gorago egin du presioa. Eta Grezia izateko, ñabardura baino gehiago da.
Lehen zatian, eroso egon da zelaian. Boli Kosta ondo lotu du, eta ez dio utzi jokoa sortzen. Erasoan, kontraerasoa lagun, baloi bat langara ere bota du. Presioa eta Boli Kosta ondo lotu. Horiek denak uztartu ditu 42. minutuan. Tiote euskarriak huts larria egin du, Greziako jokalariaren arnasa lepoan sentitu duenean, eta Samaras-Samaris bikoak ez du aukera alferrik galdu. 1-0eko Samarisek.
Lehenxeago zelairatua zen golegilea, Kone min hartutakoaren ordez. Beste lesionatu bat Grezian gaur ere. Eta gero Karnezis atezaina ere bai aldageletara, minez. Zorte txarretik ere dezente izan du Greziak lehen fase honetan: Katsouranis kaleratua epaileak, lesioak... Aldaketak egin behar, eta hauxe da Greziaren indarra, taldea tinko, erori gabe.
Bigarren zatian esnatu da Boli Kosta. Baina Grezia ere esna ibili da. Izan ere, aurreko bi partidetan eta beste askotan baino aukera gehiago sortu ditu kontraerasoan. Zutoina, langa... Grezia hau ezagutzen lanak! Ez du asmatu, eta garesti ordaindu du gero: Boli Kostak berdindu egin dio. Gervinhok (nork bestela) jokaldi ona egin du, eta Bonyk baloia sarera. 74. minutua zen.
Hortik aurrerakoa gora eta beherakoa izan da. Grezia berdinketaren eta sailkapenaren bila, eta Boli Kosta zuloak baliatu nahian partida erabakitzeko asmoz. Greziak asmatu du. Boli Kosta ez da ona defentsako lanean, eta huts galanta egin du Giovani Siok: penalti inozoa Samarasi 91. minutuan. Samaras berak jaurti eta gola, eta sailkatze historikoa. Kaiolan preso egon da Grezia aurreko bi partidetan, eta Santosek ateak ireki dizkionean, hegan egin du txoriak. Final 1/8etaraino joan da. Costa Rica du han zain.