Ohikoaren atzekoa. Antzeko hitzak erabiliz aurkeztuko zaiegaur Jose Luis Mendilibar Osasunako jokalariei. Ziurrenik, esango die egoera txarra iraultzeko gai direla, konfiantza osoa duela beraiengan, eta lana beltz egitea dela arrakastaren oinarri sendoa. Azalduko die, seguruenik, nolako jokatzeko eredua ezarriko dien. Entrenamenduetako egutegiaren berri ere emango die seguru asko. Ohikohitzaldia, aurkezpenekoa, betikoa erabiliko du Zaldibarko entrenatzaileak. Baina ohikotasun horren atzean, badira hainbat gauza entrenatzaile batek egin beharrekoak talde baten ardura hartu berritan.
Klubaren ezaugarriak kontuan hartu. Futboleko taldeak ez dira hilak. Bizirik daude. Klub baten baitako kide dira lehendabizi. Klub horrek hainbat ezaugarri ditu, urteen joanean barne-barnean zizelkatuak. Osasunak ere badauzka bereak. Eta lehen taldeak ere berdin-berdinak, aidanez. Ez naiz hasiko ezaugarri horiek zein diren azaltzen, baina azkenaldian galdu antzean daudela esatea ez da astakeria. Entrenatzaile berriak, kasu honetan, Mendilibarrek, kontuan eduki beharko lituzke ezaugarri horiek. Arakatu historian zehar, hitz egin hitz egin beharrekoarekin. Ez da gauza bera Osasunako entrenatzaile izatea edo beste edozein taldetakoa izatea. Denek dituzte berezko ezaugarriak, ezaugarri bereziak. Horiek denak kontuan izan behar dira hainbat erabaki hartzerakoan. Baita jokatzeko eredua ezartzerakoan ere.
Jokalariak eta entrenatzailea. Nola jokatu aukeratzeko garaian, funtsezkoa da ere taldean zer nolako jokalariak dauden kontuan edukitzea. Ezaugarri tekniko, taktiko, fisiko eta psikologiko zehatzak dituzte jokalariek, eta horiek denak aintzat hartu behar dira jokatzeko eredua ezartzeko garaian. Baina entrenatzaileak berak ere baditu bere ideiak, bere filosofia, eta horiek ere txertatu egin behar dira taldean. Batzuen ezaugarriak eta bestearen pentsatzeko modua uztartzea ezinbestekoa da talde batean. Biak ez uztartzea ez da porrotaren adierazlea, baina arrakasta izatea zaildu egiten du.
Teoria eta praktika. Orain arte azaldutako guztia teoria da. Esaten erraza. Praktika dator gero. Egiten zailagoa. Eta zailtasunak ugaritu egiten dira talde baten ardura denboraldiaren erdian hartzen denean. Mendilibarren kasua da horixe. Ez dauka astirik gauza horiek denak lasai aztertzeko. Ez dauka udaren zati handia egin beharreko plangintza patxadaz osatzeko. Igandean bertan dauka partida, eta hiru puntuak lortzea oso-oso garrantzitsua da. Teoriak dioena egiteko denbora behar da. Asko kasurik gehienetan. Teoriara ahalik eta gehien eta azkarren gerturatzeko bidezidorren bat aurkitzea ez da aholku txarra.
Sinesgarritasuna. Jokalariekin izango duen aurreneko harreman horretan, zain izango ditu Mendilibarrek hogei lagun, artzai berriak zer esango zien jakiteko irrikaz. Halakoetan ez da zaila izaten jokalarien arreta osoa bereganatzea, adi-adi egoten dira, baina hortik haratago, funtsekoa da entrenatzaile berriarentzat jokalariak berarengan sinesten hastea. Nolabaiteko lotura sortu behar da bi aldeen artean. Jokalariak pentsatu behar du hitzaldia bukatu berritan entrenatzaile berriak baduela zerbait berezia. Eta entrenatzaileak lortu behar du bere hitzaldiarekin jokalariak zerbait berezi hori barneratzea. Jokalariek sinetsi egin behar dute aldagelan sartu den pertsona horrekin lor ditzakeela helburuak. Eta lehenengo hartu emanean oso zaila ez bada ere lotura hori sortzea, aurreneko erlazio horretan senti dezake jokalariak jai duela entrenatzaile berriarekin. «Kaixo, Mendilibar naiz», aurkezpen formala baino ez da. Eta horren ondorengo jarduera guztietan erakutsi behar du Mendilibarrek Mendilibar badela norbait. Nik hala dela jakiteak ez baitu ezertarako balio, jokalariak konbentzitu ezean.
Aulkitik begira
«Kaixo, Mendilibar naiz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu