Bizkaitarrek erakustaldia eman zuten beste behin ere ligatik kanpo, kupoen baldintzetatik kanpo, asmatu egin baitzuten estropada apurtzen. Bi txandetako irabazleak eta ondorengo bi denbora onenak lortzen zituzten traineruak sailkatzen ziren atzo gaurko ohorezko txandarako. Eta biderik azkarrena aukeratu zuen Kaikuk: txanda irabaztea. Lehen txanda hasterako, lehiatik kanpo zeuden Meira eta Mecos, baina Castro ere segundoen zakua bete eta bete ari zen. 13 segundo bigarren ziabogan, 23 hirugarrenean... Estropada bera eta gaurko finala urruntzen ari zitzaizkion Castrori. Eta, azken luze ona eginda, lehen txanda Kaikurengandik 15 segundora amaitu bazuen ere, ordurako duda-mudakoak ziren kalkuluak.
Tiranen baimenarekin, hiru traineru sendo baitzeuden bigarren txandan: Astillero irten zen lehen kaletik, Tiran bigarrenetik, Hondarribia hirugarrenetik eta Pedreña laugarrenetik. Eta Tiran ez, gainerakoak sailkatu ziren gaurko ohorezko txandarako. Hiru horiek Castrok baino denbora hobea egin zutela, alegia. Astillero beti buruan zela, lehen bi ziabogetan Kaiku eta Castroren denborak baino okerragoak egin zituzten hirurek. Baina euren arteko lehiak, eta haizea apur bat baretu izanak ahalbidetu zuen Astillero, Hondarribia eta Pedreñaren estropada amaiera ona. Hirugarren ziabogan Astillero zen aurretik, lau segundora zen Hondarribia, eta 13ra Pedreña, Castrorengandik hiru segundora. Baina amaieran lau segundo eskaseko aldea izan zen hiruren artean. Denborei begiratu eta, Castro kalera. Hiru segundo eskaseko aldeagatik, baina bosgarren, Pedreñaren atzetik. Joseba Amunarrizek irteeran estatxa azkarregi utzi zuela-eta, epaileak Hondarribiari bost segundoko zigorra jartzekotan izan ziren, baina azkenerako bere horretan utzi zituzten denborak. Castroren zoritxarrerako.
Espainiako Txapel.
Lehen txanda. Castro, Tiran,Meira eta Mecos.Ohorezko txanda. Kaiku, Astillero, Hondarribia eta Pedreña.
Ordua. 12:00etan.
Lekua. Vilaxoan (Galizia).